Lau eta Erdiko Txapelketako finala. Jokin Altuna. Pilotaria

«Ez gara Iruñean nahi adina entrenatu ahal izan, eta ez da serioa»

Jokin Altuna sasoi onean dago lau eta erdiko txapela bigarrenez janzteko. Faborito argia izan arren, ez da fio Joseba Ezkurdiarekin. Igandeko finala galtzea ez litzateke «atzerapausoa» harentzat, baina bai «mingarria».
IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon Eskudero -

2019ko azaroak 13

«Plazagizona» izaki, urduri ez, gogotsu dago igandeko lau eta erdiko finalerako Jokin Altuna (Amezketa, Gipuzkoa 1996). Iaz finala galdu ondotik, arantza barruan izan du urte guztian, eta horixe ateratzea du helburu. Finalaz bainoago, pilotaren ingurukoez hitz egin du, hori ere «garrantzitsua» iruditzen baitzaio.

23 urte besterik ez duzu, eta dagoeneko profesionaletako seigarren finala izango duzu igandekoa. Gaizki ohitzen ari ote zara zure ingurua?

Baliteke, bai. Nire lehen finala Bigarren Mailako lau eta erdikoa izan zen, Artolaren kontra Donostian jokatu nuena. Inoizko ilusio handienarekin hartu nuen partida hura. Artolaren aurrean blokeatuta geratzen nintzen beti ordura arte, eta ez nuen pentsatzen finalera iristeko gai ere izango nintzenik. Pentsa kontuak zenbat aldatu zaizkidan urte gutxian. Orain finaletara iristea helburu bihurtu zait, eta ohartu naiz txapelketak beste sentipen batekin hartzen ditudala. Lehen, final-laurden batera lasai joaten nintzen, baina orain ematen du derrigorrezkoa dudala dena irabaztea. Ez diot neure buruari batere presiorik jartzen, baina beti faborito jotzen naute, eta aurkariak gogoz egoten dira niri irabazteko.

Esan duzu presiorik ez diozula jartzen zeure buruari. Hori sentituta bakarrik, ez al dituzu partidak aldez aurretik erdi irabazita edukitzen? Besteak beste, lasaiago kantxaratzen zarelako.

Egia da presioaren kontu hori gero eta gehiago ari garela ikusten pilotan. Partida asko ikusten ditugu erdipurdikoak, pilotariak euren onena ezin emanda dabiltzalako, presioa dela eta. Bai Lehen Mailan, baita Bigarren Mailan ere. Badakite presioa sentitzea kalterako dutela, eta, halere, ezin dute saihestu. Nik normalean lasai jokatzen dut; ez dakit izaera kontua den edo zer. Ez da landu dudan gauza bat. Nik garrantzirik handiena neure buruari ematen diot, eta ez aurkariari. Beti esaten da, kontrarioa nolakoa den, joko ezberdina egin behar dela. Ados nago horrekin, baina zerbait ikasi badut urte hauetan, zera izan da: neure buruak duela lehentasuna.

Dena den, zuk ere egun txarra izan zenezake. Hau ez da matematika, ezta?

Nik ere sentitu dut presioa pilota munduan. Buruz buruko txapeldun irten, eta uda horretan presio izugarria ezarri nion neure buruari. Partida guztietara irabazteko beharraz joaten nintzen, txapelduna nintzelako-edo, eta ez nuen batere gozatu hiruzpalau hilabetetan. Gero lesioa etorri zitzaidan, akaso horregatik. Lezioa jaso, eta ikasi nuen neure buruarengan konfiantza edukitzen. Uste dut oraindik pilotari asko daudela euren jokoa zehaztu gabe, eta Erik Jakaren kasua ikusi besterik ez dago. Lau eta Erdiko Txapelketan sentitu du bere jokoa eginda min izugarria egiten diela aurkariei, eta edonori irabazteko gai dela. Joseba Ezkurdiarena ere aipa daiteke. Tentsioak alde batera utzi, eta beragan sinesten hasi denean iritsi zaizkio emaitzarik onenak.

Oraindik berezi izaten jarraitzen al dute final baten atariko egun hauek?

Bai, baina aldaketa handia sumatzen dut lehen final hartatik. Amezketan ilusio handia dago, baina bazirudien derrigorrezkoa nuela finalerako sailkatzea. Ematen du meriturik ez duela lortu dudanak, eta ez da hala. Urrutikoetxea eta Olaizola II.a lau eta erdikotik kanpo geratuko zirela jakin zenean, denek errazago kokatzen ninduten finalean. Baina ikusi besterik ez dago bi finalistok zenbat sufritu dugun partida batzuetan. Txapelketa oso ona izan da. Gogoan dut Urrutikoetxearen aurka Donostian jokatu nuen buruz buruko final-laurdenean inork ez zuela ematen sosik bat nire alde. Soilik bi lagunek esan zidaten herrian irabaz nezakeela, eta ni oso sinetsita nengoen egingo nuela. Jokatu eta irabazi egin nuen, eta txapeldun izan. Orduan ez zuen inork hitz egiten txapelaz, eta orain, denek.

Herrian zale mordoa dituzu, oso gertukoak, baina kuadrillakoei garesti aterako zaie zu hainbeste finaletarako sailkatzea.

Egia da, baina lehen final hartatik niri soilik ez, kuadrillakoei ere aldatu zaie bizitza. Orain, zorionez, denak lanean ari dira. Halere, asko eskertzen diet egiten duten guztia. Badakit Amezketako paper fabrikan komeriak izaten dituztela nire finaleko egunetan lan txandak osatzeko, denek nire partidara joan nahi izaten baitute. Gustatzen zait kuadrillakoek ikustea nik balio handia ematen diodala egiten dutenari, eta hitzeman diet txapelketa amaieran afari eder bat ordainduko diedala.

Amezketa hain herri txikia eta pilotazalea izaki, nola deskonektatzen duzu?

Guk ez daukagu hegazkin pribaturik futbolari batzuek bezala, eta zaila da deskonektatzea. Halere, esan dezaket nik lortzen dudala pilotatik ihes egitea. Esaterako, Realak Leganesen aurka jokatu zuen partidara joan nintzen, Igor Zubeldia Realeko jokalaria laguna baitut, eta afari bat baino gehiago ere baditut bi asteotan, lagunekin. Momentu txikiei ematen diet garrantzia. Horretan ere ikasi egin dut. Lehen, partida garrantzitsuren bat baino bost egun lehenago hasten nintzen jada etxetik gertu egoten. Gero konturatu nintzen horrek ez zuela zerikusirik partida ona edo txarra egitearekin, eta orain askeago ibiltzen naiz. Abel Barriolarekin tertulia batzuk izan ditut horri buruz, eta ez dago hura baino maisu hoberik.

Halere, zenbateko beharra daukazu zuk pilotatik deskonektatzeko? Izan ere, pilotatik ez ezik, pilotarako ere bizi zara.

Halaxe da, pilotari profesionala izan edo ez, garbi neukan pilotarako biziko nintzela. Bizi egiten dut pilota, sentitu, eta gustatu egiten zait bere inguruan ibiltzea. Txikitatik, gainera. Beti poltsikoan pilota bat izaten nuen, eta minutu bat eduki orduko frontoian aritzen nintzen hormaren aurka. Edozein momentu aprobetxatzen nuen horretarako. Gogoan dut asteburuetan zein izaten zen plana: goizean pilotan ibili, bazkaldu, pilota saioa egin, telebistan pilota ikusi, afaldu eta pilotan ibili. Ez neukan besterik. Garai batean Euskal Telebistak futbol partidak ematen zituen larunbat gauetan. Partida denak ikusten nituen, baina atsedenaldiak ere baliatzen nituen pilotan aritzeko frontoian. Gustatu egiten zitzaidan, eta gustatu egiten zait. Orain ere telebistan jaialdi guztiak ikusten ditut, lehen, bigarren eta hirugarren partida guztiak. Edozein pilotariren bilakaera jarraitzea gustatzen zait. Adibidez, Brasilen badut lehengusu bat bertan ikasten ari dena, eta harekin maiz hitz egiten dut pilotari buruz.

Teknikari aritzeko ere balioko zenuke, orduan?

Ez dakit, Baina gustatzen zait denen jokoa aztertzea. Gertatu izan zait beste pilotari profesional batekin pilotari buruz hizketan hastea, eta hark erantzutea: «Hi, ez al zagok beste gairik?». Batzuek ez dute nahi izaten pilotari buruz aritu. Nire ustez, ordea, lanaren parte ez da bakarrik partidak jokatzea, baizik horrek inguratzen duen guztia. Eta partidak telebistan ikusiz eta hitz eginez, asko ikasten da. Haurrek ere nahi dute soilik pilota eskolako orduekin pilotari izan, baina ezinezkoa da. Afizioa eduki behar da lehenik, afizio handia. Eta gurasoek ere jakin behar dute hori. Akaso, nik pilotarekiko gaixotasun bat izango dut, baina beharrezkoa iruditzen zait zerbait lortu nahi izanez gero.

Pilota eskolen kasuan, haurrak mugiarazi behar luke gurasoa pilotarako, baina alderantziz gertatzen da askotan. Gurasoek gogo handiagoa dute, haurrek baino. Zure kasua nolakoa izan zen?

Niri etxean ez zidaten sekula bultzadarik eman behar izan, ni nahikoa bainintzen. Jaio orduko hasi nintzen pilotan, eta odolean daramat. Txikitatik kuadrillako batekin jokatzen nituen txapelketa guztiak, eta nahiz eta bera ez izan munduko atzelaririk onena, oso harro nago harekin jokatu izanaz. Gaur egun, gurasoak hor aritzen dira euren seme-alabentzat bikotekide onenaren bila, baina ez luke hala behar. Herriko norbaitekin jokatu behar luke ume horrek. Irabaztea dute helburu gehienek, baina ongi pasatzea eta gozatzea izan behar du, horrek ekarriko baitu norbera pilotan gustuz aritzea. Nik aholku hori emango nieke guraso eta umeei.

Orain ere ez duzu enpresako atzelari onenekin jokatzen. Bidesaria ez da garestiegia?

Egia da Rezusta eta Zabaleta guztien gainetik daudela orain, eta niri kostako zaidala haiekin txapelketa bat jokatzea. Gustatuko litzaidake noizbait binakako txapela lortzea, hiru lehiaketetako garaileen zerrenda handi horretan sartzeko. Ametsa litzateke hori lortzea. Dena den, 23 urte dauzkat oraindik. Rezusta eta Zabaleta ni baino zaharragoak dira, eta denbora sobera daukat binaka txapeldun izateko. Gainera, gehiago beteko ninduke binakakoa beste norbaitekin irabazteak bi atzelari handi horietako batekin baino. Adibidez, Martijarekin izugarri gustura jokatzen dut, eta hitzemana diot noizbait izango garela txapeldun.

Orain, igandeko finalean duzu jomuga. Adituek dioten bezala, hain faborito al zara?

Inola ere ez. Egia esan behar badut, oso fresko eta indartsu sentitu naiz orain arteko partidetan, baina inoiz ezin da jakin zer gerta daitekeen egun soil batean. Ezkurdiak nabarmen egin du gora, eta elkarren kontra jokatu ditugun partidak ia beti izan dira estuak. Nik arantza barruan daukat. Iazko finala galdu nuen, eta gustatuko litzaidake horri buelta ematea. Galtzea ez litzateke atzerapausoa izango niretzat, baina bai mingarria. Partida luzatzeak uste dut mesede egin diezadakeela, eta ea tantoa amaitzen ondo ibiltzen naizen.

Pilotalekua azkarra da. Ezkurdiarentzat mesede, akaso?

Lur bizia du frontoiak, eta agintzen duenak asko izango du irabazita. Frontisean pilota ez da oso zuzen ateratzen beti, eta ezkerreko horman behera egiten du. Pilotalekua biontzat bera izango da, eta ez dago aitzakiarik. Dena den, badut kexa bat. Biotako inor ezin izan zen bertan entrenatu joan zen astean, beste ekitaldiren bat zegoelako-edo. Ez zait serioa iruditzen enpresen aldetik, lau eta erdiko final bat antolatu, eta bertan entrenatu ezin izatea astebete lehenago. Pilotaleku horretan lau bat aldiz aritu izango nintzen guztira, eta ez da nahikoa final bat berme osoz jokatu ahal izateko.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Basurtuko erietxearen kanpo aldean ostiralean hasi ziren PCR probak egiten. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

Berriro ere berrehun positibo baino gehiago egun bakarrean: 255

Mikel P. Ansa

Bezperan baino 39 kasu gutxiago detektatu dituzte azkeneko 24 orduetan, baina berrehuneko langatik gora jarraitzen dute eguneko kasu berriek. Nafarroak osasun arreta indartuko du.

Emakume bat Zisjordaniako Bani Naim herrian maskarak saltzen, hil hasierako irudi batean. ©ABED AL HASHLAMOUN / EFE

Palestinako kasuek gora jarraitzen dute, neurriak gogortu arren

Ander Perez Zala

PANek 11.000 positibo baino gehiago baieztatu ditu, eta haren diru sarrerak %80 txikitu dira

Adinekoen aldeko mezua. ©L. J / FOKU

Eguneko zentroak berriz martxan ipiniko dituzte

Berria

Orain bi aste, COVID-19aren kasuen igoerak arduratuta, eguneko zentroak ixtea komeni zela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Jon�Eskudero

Informazio osagarria