andoni egana
HITZ ETZANAK

Poza

2020ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Marino Lejarretak Frantziako Tourrean irabazi zuen etapa bakarra Millaun irabazi zuen, nire akorduan, igande batez. Gerora, Arritxu Iribar eta Ramon Etxezarretak berriztarraren inguruan idatzitako liburuan, Bernardo Atxagak poema baten bidez kontatzen du garaipenetik zein hurbil zebilen aurreko egunetan, bosgarren, seigarren... eta irabaztea lortu zuenean ze sentimendu eragin zion: «...Eta ze po, ze po po, ze po poz handia!». Po, popo, poza. Leherketa bat barrutik kanporakoa. Autoen klaxon-hotsa garaipena ospatuz. Bakoitzak interpretatuko du nahieran. Poema bat baino ez da. Esanguratsua ordea. Poza aipatzen du. Poza bere soilean.

Hogeita hamar urteren buruan, pozaren erreibindikazioa egin beharra sentitu dut. Ikasi berria erakutsi beharra izaten delako, luzeagoak beti tankera dotoreagoa duelako zenbaiten ustez, hizkuntzaren sena galtzen ari garelako... poza ezkutatzen ari da eta «bizipoza» gailentzen. Orain deus ez da poz; dena da bizipoz. Eta nik, zer nahi duzue esatea, min hartzen dut «Osasunak bizipoza eman die euren jarraitzaileei emaitza hauekin» irakurri edo entzuten dudanean. Esajerazio hutsa da. Premiarik gabe egindako zerbait. Hizkuntzarekiko axolagabekeria.

Ez dezala bizipozak poza jan. Bizipozik gabe geratuko gara bestela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.