andoni egana
HITZ ETZANAK

Gurutzatu

2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Portugal eta Galiziaren arteko muga-mendietan du sorrera Limia ibaiak. Izango zen norbait joan-etorria asko interesatzen ez zitzaiona, eta kondaira bat sortu zuen. Ibai hura gurutzatzen zuenak memoria galtzen zuen betirako. Río do esquecimento deitu zioten, Ahanzturaren ibaia. Penintsula bereganatzen ari ziren erromatarrak ibai haren ertzera heldu zirenean, tokikoengandik jaso zuten kondairaren berri. Soldaduek, ikara hezurretaraino sarturik, atzera egin zuten. Ez zeuden prest ibai hura gurutzatu eta memoria galtzeko…

Décimo Bruto buruzagi bulartsua zen, ordea. Soldaduak kokildurik sumatu, eta berak gurutzatu zuen ibaia lehenengo. Eta beste aldeko ertzetik oihu egin zien soldaduei, banan-banan, bakoitzari bere izenez. Buruzagiak memoriarik ez zuela galdu jabetzean, tropak ere ibaia gurutzatu zuen.

Munduko txoko guztietan behar luke Impunitas izeneko froga-ibai batek. Agintariek agintaldian irabazitako sosak sakeletan dituztela gurutzatzeko obligazioa lukete. Eta behar baino gehiagoz jabetu dena, txanponen pisu gehiegizkoaz itotzera arriskatu. Eta beste aldera igarotzea lortu dutenek biluztu egin behar lukete. Txertoaren orbainik ez dutela frogatu. Tropak, horrela ez bada, ez die atzetik segituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.