Unai Laso. Baikoko pilotaria

«Merezi izan dut txapelketa nagusiko final batean egotea»

Profesionaletatik kanpo egon zen bederatzi hilabeteetan, arlo fisikoa eta «batez ere mentala» asko landu zituen Lasok. Horregatik jokatuko du lehendabizikoz lau eta erdiko finala. Eguna heltzeko «irrikaz» dago.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
Bizkarreta-Gerendiain
2021eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Herrian dagoen elkarte bakarrean jarri du solasaldirako hitzordua Unai Lasok (Bizkarreta-Gerendiain, Nafarroa, 1997). «Kuadrillako lagunak hemen elkartzen gara, batez ere herriko festetan». Ikasketak medio, Iruñean bizi da, baina inolaz ere ez du ahaztu nongo sustraiak dituen. «Betidanik esan dut Bizkarreta-Gerendiaingoa naizela. Herri honi estimu handia diot». Hitz jario handirik ez daukala dio, baina, apurka-apurka, badoa barrua mugitzen diona kanporantz gehiago askatzen, eta horretan eskarmentua hartzen.

Lehenik eta behin, zer moduz duzu ezker orkatila?

Ondo, ondo. Finalerdietako partida minez amaitu nuen, eta hurrengo egunetan fisioterapian egon naiz. Zorionez, bilakaera ona izan dut, eta ez daukat oinazerik. Atsedena ondo hartzea garrantzitsua izango zait.

Kontziente al zara jada final handi batean zaudela?

Hainbeste hedabideren aurrean hitz eginda, barneratu beharko, kar, kar! Momentu oso berezia ari naiz bizitzen, eta gauza ederra da,benetan. Txikitatik nuen ametsa final handi batera iristea zen, eta bete dut. Orain, partida iritsi arteko egunak gozatzen saiatuko naiz.

Bederatzi hilabetez profesionaletatik kanpo egon ostean, maila nagusiko lehen finala izango duzu igandekoa. Zer-nolako sentipenak dituzu?

Sentipen onak eta gozoak ditut. Garai txar horretatik ondo atera nintzen. Prestatzaile fisikoa aldatu nuen, eta asko entrenatu nintzen. Arlo fisikoari egurra eman nion. Azken batean, lan handiaren saria izan da, eta uste dut merezi izan dudala txapelketa nagusiko final batean egotea.

Arlo fisikoa ez ezik, mentala ere landu zenuen.

Lagunekin asko hitz egin dut, eta horiek izan dira garai zailean ondoan izan ditudanak, familiako kideekin batera. Horrez gain, irakurtzea gustuko dudanez, autolaguntzari buruzko liburuak irakurri ditut, eta asko lagundu naute mentalki indartsu egoteko, bai bizi nuen egoera zail horretan nengoenean, baita profesionaletara itzuli nintzenean ere.

Ordutik zertan aldatu da Unai Laso?

Lehengo Unai Laso zoroa zen. Urteen poderioz, heldutasun handiagoa dut, eta frontoian ere hori nabaritu dut. Aurtengo udan partida asko jokatu ditut, eta gehienak pilotaririk hoberenen aurka izan dira; Jokin Altunaren eta Joseba Ezkurdiaren kontra, besteak beste. Eta horien aurka lehiatzea niretzat master bat egitearen modukoa da. Partidarik garrantzitsuenetan mentalki lasai egoteko balio izan didate.

Bizkarreta-Gerendiainek 80 biztanle inguru besterik ez ditu. Finalaren harira, herrian mugimendurik sumatu al duzu?

Harrera ona egin didate. Oso pozik zeuden, eta harro herri txiki honetatik atera den pilotari bat finalera iritsi delako.

Gogoratzen al dizute finala?

Egia esan, herriko jendearekin izan ditudan solasaldietan oraindik final hitza ez da sarri atera hizketaldira; bai baitakite ez zaidala asko gustatzen pilotaz hitz egitea. Animoak bai, eman dizkidate.

Ito zaitzake giroak?

Ez! Hala izan da beti, eta nik ere egoera honetatik pasatu beharra dut. Beraz, ez nau kezkatzen.

Pilotatik apur bat aldentzeko, zer egiten duzu?

Betikoa: herrira etorri, lagunekin egon... Kalean ibiltzea gustuko dut. Ez naiz etxean lasai egoten diren horietakoa.

Finaleko eguna heltzeko luze egiten al da?

Ez. Bi aste ondo datoz atsedena hartzeko, udatik hona neke handia pilatu baitut. Dena den, egun hauetan tentsioa eta erritmoa ez galtzeko, gogor ari naiz entrenatzen.

Final-zortzirenetatik hasita heldu zara finalera, Peña II.ari, Jakari, Urrutikoetxeari eta Etxeberriari irabazita. Horrek badu meritua, ezta?

Lehen partida irabazteak beste hiru lehia jokatzeko aukera ematen dizu. Ezkurdiaren aurka galdu nuen arren, beste bi partidetan ondo jokatu nuen, eta horrek konfiantza handitu zidan finalerdietan joko hobeagoa erakusteko, eta hala egin nuen. Tentsio handikoa izan zen, baina oso harro nago egin nuen lanagatik. 1-5 atzetik joan nintzenean, burua ez nuen galdu, eta ez nintzen partidatik atera. Oso harro nago egindakoaz.

Profesionaletara itzuli zarenetik, egiten ari zarenarekin gustura zaude?

Sanferminetako lau eta erdiko finalera heldu nintzen, eta orain txapelketa nagusiko finalean nago. Goi-goian mantentzea oso-oso zaila da, eta, are gehiago, pilotarion artean dagoen maila handia kontuan hartuta. Gogor entrenatuta eta horrela jokatuta, urte asko egon naiteke hor goian.

Ezustekoa izan da zuretzat finalean egotea?

Agian ez dut ezustekoa hartu. Aurretik, final batean egotea zer den bizi izan dut, eta esperientzia hori lagun izan dut. Txapelketan aurrera nindoan heinean, neure buruari garbi esan nion: «Finalera heltzeko gaitasuna badut». Besteek zuregan sinesteko, aurrena zuk zeure buruarengan sinetsi behar duzu.

Galtzetik ikasi egiten da?

Bai, eta asko. Lehen, partidak galtzen nituenean, gehiago haserretzen nintzen; orain, nahiz eta egoera ez gustatu, beste modu batera aztertzen eta hausnartzen ditut. Adibide bat jartzearren: Sanferminetako torneoko finalean Altunaren aurka 22-20 galdu nuenean, kolpea hartu nuen, baina,gero, hotzean pentsatuta, beste zapore batekin geratu nintzen.

Altuna III.ak eta zuk lau alditan neurtu dituzue indarrak, eta guztietan nagusitu zaizu. Bosgarrengo ahaleginean bai?

Zaila izango da, baina posible da. Azken batean, partida batera jokatzen dugu, eta edozer gerta liteke.

Altuna III.ari garaitzeko prestatuago zaude orain?

Hala uste dut. Jokinen aurka jokatu ditudan partidetan amaiera arte borrokan ibili naiz; ez zait erraz nagusitu. Lanean serio jarraitu, eta, neure buruarengan sinetsita, seguru nago egun batean irabaziko diodala.

Non egin beharko diozu min?

Perfekziotik oso gertu ibili beharko dut. Sakez min egiten eta angeluak bilatzen ahaleginduko naiz.

Seigarren finala erreskadan izango du Altuna III.ak. Bera jotzen duzu faboritotzat?

Zalantzarik gabe, Jokin da faborito argia. Urte askoan maila handia ari da ematen, eta horrelako partida handietan eskarmentu handia dauka. 3.000 pilotazaleren aurrean lasai egoten badaki, eta alde horretatik, nik baino abantaila handiagoa izan dezake.

Kantxa zapaldu orduko, tximeletak izango dituzu sabelean?

Zirraragarria izango da. Uste dut urduritasuna ondo kudeatuko dudala. Gainera, giro beroa egotea gustatzen zait.

Gertukoak harmailetan izango dituzu?

Bai, eta dezente. Kuadrillako lagunek autobusa antolatu dute, eta herriko jende asko joango da.

Egun hauetan txapelarekin amestu duzu?

Ez. Ez dut horrekin itsutu nahi. Egunerokoan zentratu nahi dut. Dena den, finala iristen, agian, txapelaz gehiago pentsatuko dut.

Partida jokatu eta gero, gauean festarik izango al da?

Hori seguru. Ingurukoekin afari eder bat egin ondoren, Iruñean parranda handia egingo dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.