Adriano Sollai. Progetu Republica de Sardignako kidea

«Hondakin militarren zabortegi gisa erabili zuen Italiak Sardinia»

Sardiniako alderdi independentistako idazkariaren iritziz, argi geratu da lotura bat dagoela jarduera militarren eta pertsonetan eta animalietan aurkitutako patologien artean.

MARCO SANTOPADRE.
Marco Santopadre
Cagliari
2022ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Aspalditik, Quirrako sindromea esapidea erabili izan da deskribatzeko zer ondorio tragiko dituzten gerra eta entrenamendu eremuetan erabiltzen diren bonbetako torioak eta uranio pobretuak gizakien eta animalien osasunean. Azaroaren 10ean, ordea, Lanuseiko Epaitegiko (Sardinia) epaile Nicole Serrak ebatzi zuen ez zegoela loturarik Quirrako eremu militarrean egindako jardueren eta Sardiniako hego-mendebaldeko biztanleei eragin dieten ehunka minbizi eta leuzemia kasuen artean.

Lurrean eta itsasoan, larri kutsatuta daude milaka kilometro karratu; dozenaka eta dozenaka lagun hil dira, eta bi bururekin jaiotako arkumeen argazkiak ospetsu bihurtu dira zoritxarrez. Epaileak, ordea, absolbitu egin zituen 2001etik 2012ra eremu hori kudeatu zuten zortzi komandante militarrak.

BERRIAk galdera batzuk egin dizkio zigor arloko abokatu Adriano Sollairi. Progetu Republica de Sardigna alderdi independentistako idazkaria da, eta beti modu aktiboan aritu izan da militante politiko eta sozialen defentsan. Quirrako pozoien aurkako epaiketan, eremu horren inguruko udalerrietako zenbait biztanle ordezkatu zituen Sollaik, herri akusazio gisa aurkeztea erabaki baitzuten.

Zer leporatu zieten militarrei, eta nola lortu zen epaiketa egitea?

Lanuseiko Ministerio Publikoak deitu zituen zortzi jeneralak erantzutera, ingurumenean hondamendi larri eta iraunkor bat eragiteagatik, jarduera militar handiko guneak gizaki eta animalientzat arriskutsuak zirela ez seinalatzeagatik, tokiko biztanleei sartzea ez galarazteagatik eta, hala, maniobretan isurtzen diren substantzia toxikoen bitartez haiek arriskuan jartzeagatik.

Horrek minbizi patologia ugari eragin ditu, batez ere artzainen artean, artzaintzarako erabiltzen baitzituzten lur horiek; soldaduen beren artean ere izan dira kasuak, ez baitzuten babes egokirik eramaten. Fiskaltzak ikerketa bat abiatu behar izan zuen, hainbat elkarte eta herritar batzordek salaketa, protesta eta manifestazio ugari egin zituztela eta.

Urte hauetan guztietan, nolako eragina izan du eremu militarreko jarduerak inguruko lurraldean eta komunitateetan?

Okupazio militar zabala izan da, dozenaka herri baitaude tartean, eta 1950eko hamarkadan hasi baitzen. Eragina, beraz, izugarria izan da osasun aldetik, baina baita esparru ekonomikoan eta sozialean ere. Sardinian hiru eremu militar daude —Quirra, Capo Frasca eta Teulada—, Europako handienetakoak denak ere, eta hegazkin base militarrak ere badaude, hala nola Decimomannukoa.

Hain okupazio handia izanik, tokiko herriak ezin izan dira zinez eta luzarorako garatu, ingurumenarekin bateragarria izango zen modu batean.

Epaiketak iraun bitartean, Italiako armadaren bonba eta munizio zaharkitu guztiak suntsitzen ibili ziren Quirrako eremu militarrean, sekulako leherketak eginez: halaxe utzi zuten agerian nolako mespretxua dien estatuak gure lurrari eta gure herriari.

Eztanda haien ondorioz, metal partikula kantzerigenoak hedatu ziren, eta lurra, iturburuak eta itsasoa kutsatuta geratu ziren. Italiak hondakin militarren zabortegi ilegal handi baten moduan erabili zuen Sardinia.

Ez du itxurarik, ordea, egoera hau aldatzekoa denik, eta egunero okupazio militarra sufritzen duten herritar ugari etsita daude. Beste batzuk, berriz, maniobra aldietan beren lana ezin egiteagatik ematen dizkieten kalte ordainekin kontentatzen dira —arrantzaleak, adibidez—. Eta beste zenbait izututa bizi dira, baseen kontra agertzeagatik erreprimituko ote dituzten beldur.

Zer iruditzen zaizu jeneralak absolbitu izana?

Epaiketan azaleratu ziren erantzukizunak ezin dira ezabatu, ezta absoluzioaren bidez ere. Goi mailako zientzialariek, teknikariek, medikuek eta albaitariek egindako hainbat txosteni buruz ari naiz. Dokumentu horiei esker, epaiketan argi geratu da lotura bat dagoela jarduera militarraren eta pertsonetan eta animalietan aurkitutako patologien artean.

Herritarren eta militarren hainbat eta hainbat lekukotzari buruz ere ari naiz. Haiek egia esan zuten eremu militarretako jarduerari buruz, eta horrek sardiniar guztiak bultzatu beharko gintuzke militarren presentzia ez onartzera gehiago.

Espero dut gure borroka hau estaturik gabeko nazio guztien ondare komun bilakatzea; izan ere, gure borroka osasunaren eta ingurumenaren aldekoa da, baina baita gerraren kontrakoa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.