Argi izpi batetik munduari so

Albert Einsteinek duela ehun urte proposatutako erlatibitatearen teoria orokorrak zientzialariek mundua ikusteko zuten modua aldarazi zuen, eta balio finkoen bukaera ekarri.
- / EFE

Juanma Gallego -

2015eko azaroak 29
Berlinen aurkeztu zuen Albert Einstein (1879-1955) fisikariak erlatibitatearen teoria orokorra. 1915eko azaroaren 25ean izan zen. Europa I. Mundu Gerran murgilduta zegoen bete-betean. Lubakiek kontinente zaharraren lurrak urratzen zituzten modu berean, arbel batean idatzitako ekuazio horiek ere fisikaren mundua astindu zuten.

Oinarriak hamar urte lehenago jarriak zituen, 1905ean Annalen der Physik aldizkarian Mugitzen ari diren gorputzen elektrodinamikari buruz izeneko artikulua argitaratu zuenean. Zientzia artikulu bitxia izan zen: horrelakoetan izan ohi denaren kontra, aurreko lanen aipamenak ez ziren agertzen. Bere irudimenetik abiatutako ideiak betiko irauli zuen une horretara arte indarrean zen mundu ikuskera. «Erlatibitatearen teoria berezia» sortu zen hala.

Jose Ramon Etxebarria EHU Euskal Herriko Unibertsitateko fisikariak azaldu duenez, argiaren abiadura neurtzeko zientzialariek egin zituzten ahaleginetan kokatu behar da erlatibitatearen teoriaren agerraldia. «Lorturiko emaitza esperimentaletan, bazirudien argiak abiadura berbera zuela norabide guztietan, baina hori ulertezina zen ordura arteko logikaz», nabarmendu du.

«Einsteinek itxuraz elkarren aurka zeuden bi postulatu proposatu zituen», azaldu du fisikariak. Batek zioen argiak abiadura berbera zuela erreferentzia sistema inertzial guztietan; besteak, sistema inertzial guztiak baliokideak direla lege fisikoak deskribatzeko.

Etxebarriaren arabera, bi postulatuak batera onartuz eta kalkuluak eginez, «ondorio harrigarriak» lortu zituen. «Esaterako, toki desberdinetan izaten diren bi gertaeraren aldiberekotasuna kontzeptu erlatiboa dela, edo bi puntu jakinen arteko distantzia neurtzean ere emaitza desberdinak lortzen dituztela elkarrekiko higitzen ari diren behatzaileek».

Denbora absoluturik ez

Erlatibitatearen teoria azaldu arte, beraz, denbora eta espazioa absolutuak ziren fisikarientzat. Baina Einstein konturatu zen horien neurketa erabiltzen den erreferentzia esparruaren araberakoa dela. Ez ziren balio finkoak, erlatiboak baizik. Adibidez, gizaki baten ikuspuntutik, eman dezake bi lanpara aldi berean pizten direla, baina, erreferentzia aldatu eta kamera geldoan grabatzen bada, seguruenera bat bestea baino lehen piztu dela ikusiko da. Ikuspuntu finko baten babesa bilatu nahian, Einsteinek argiaren abiadura hartu zuen erreferentzia modura. Balore hori buruan izanda errealitatea berrikusteari ekin zion.

Juan Mari Agirregabiria EHUko fisikariak nabarmendu duenez, «denborak eta espazioak elkarrekiko duten mendekotasun estua» mahai gainean jarri zuen Einsteinek, «baina grabitazioa kanpoan geratzen zen». Hamar urte igaro ziren Einsteinek egindako proposamen horren barruan grabitatearen indarra sartu eta teoria orokorra plazaratu arte.

«Erlatibitate orokorrak Newtonen grabitazioa eta erlatibitate berezia orokortu eta hedatu zituen», azaldu du adituak. «Teoria horretan, masak eta energiak espazio-denbora deformatu egiten dute, eta deformazio horrek arautzen du nola mugitzen diren harriak, planetak, izarrak, galaxiak eta unibertso osoa». Erantsi du:«Gure inguruko fisika makroskopikoa gutxi aldatzen da, baina ikuspuntua eta oinarrizko kontzeptuak guztiz desberdinak dira, baita emaitzak ere, abiadurak handiak badira edo grabitazio eremua bortitza bada».

Adituak aitortu du ekarpen honek alde teorikoan duela garrantzi gehien. Unibertsoaren eboluzioa aztertzeko baliagarria da, baina arlo praktikoan ere baditu ondorioak. «GPS lokalizazio sisteman duen aplikazioa da ezagunena, erlatibitatea guztiz beharrezkoa baitu doitasuna lortzeko». Eguneroko gauzetan, erlatibitate bereziak garrantzi handiagoa du, lur azalean eremu grabitatorioa oso ahula denez: ospitaleetan erabiltzen diren azeleragailuetan, edo hainbat materialetan —autoen bateriak, urrearen kolorea...—.

Lehen froga esperimentala 1919an egin zen, eguzki eklipse batean teorian ikusi behar ez ziren zenbait izar ikusgai zirelako, haien argia eguzkiaren grabitazioak desbideratuta.

«Teoria haren beharra beste inork sumatzen ez zuenean asmatu zuen Einsteinek erlatibitate orokorra, fisikariek bestelako gauzak aztertzen zituzten bitartean», azaldu du Agirregabiriak. Errealitatea ikusteko modu berria, funtsean, patente bulego batetik argi izpi batera salto eginda.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna