andoni egana
HITZ ETZANAK

Zutoinak

2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Bilbon bizi dira. Adiskide batek, lantegian ordu gehitxo ematen duen jakitun, agindu dio zortzi-bederatzi urteko semeari egun bat libre hartu eta Donostiako Aquariuma ikusterajoango direla. Heldu da izendaturiko eguna, eta semea eta horren pare bat laguntxorekin abiatu dira Donostiara autobidean. Nabaritzen omen zion autoari ez zihoala oso katoliko. Eta Donostiara heltzear hasi zaie tortorka. Aritzetako zerbitzugunean nolabait alboratu, garabiari dei egin, eta geratu dira zain. Autotik baloi bat atera, eta ondoko zelaian jolasean umeak, jertseak zutoin. Aita, erretxinduta, telefonoz gestioak egiten. Azkenean, itzuli dira nolabait Bilbora Aquariuma ikustera iritsi gabe.

Plana ez burutuaren zama gainean, hamabost egun barru gauza bera egitea proposatu dio aitak semeari. Umeak eta bere laguntxoek baietz, jakina. Badatoz berriz lehengo bidean, autoa sasoiko eta aita lasai, helburutik gertuago. Eta Donostiara iristear, Aritzetako zerbitzugunearen parean… semeak eskaera aitari: «Aita, gera gaitezke pixka bat hemen jolasean? Oso ongi pasatu genuen azken aldian!».

Arrazoi bete-betea zuen bizitza, bizitzarako planak egiten ari garen bitartean gertatzen den gainerako hori dela esan zuenak. Haurrek frogatzen digute ongien…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.