andoni egana
HITZ ETZANAK

Urte hura

2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Gure agendek informazio handia gorde ohi dute euren baitan. Eta, gainera, Interneten nekez aurkituko duzun informazio klasea. Gordetako agendei esker dakit, halakok ze urtetan ekarri zuen sakelakoa; halako urtetan zenbat kobratzen genuen jaialdiko; ze festa egiteari utzi dioten eta ze jaik hartu duten indarra halako urtetatik aurrera. Gordetako agendei esker dakit ze lurraldetan zenbat nenbilen lehen eta zenbat orain. Hogeita hamarka liburuxka denak antzekoak eta denak desberdinak, bizialdi baten laburbilduma ezin hobea miatzen dakienarentzat. Ertz batean auskalo zergatik apuntatu zenuen datu hark bestelako esanahia hartzen du orain...

Agendek, betetzen dituzun unean, ez galtzeko bakarrik balio dute. Urte batzuren buruan, aurkitzeko ere baliagarri dira.

Aurtengoa urdina dut, Bordeleko urdina. Eskuetan hartu nuen momentuan ez nuen uste izan duen atarramenturik izango zuenik. Orain arteko guztiak baino bilakaera narratsagoa nabarmentzen zaio lehen begi kolpera, tatxoia hemen eta zalantza-ikurra han, herri baten izena bestearen gainean pilatua dagoeneko udazkenerako. Hemendik urte batzuetara norbaitek harriduraz begira diezaioke. «A, jakina! COVIDaren urtea!» esango du gero. «COVIDaren lehen urtea!» esaten ez badu, gaitz erdi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.