andoni egana
HITZ ETZANAK

Belarrak

2018ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Pasmo-belarra: odola garbitzeko eta bronkioetarako baliatzen da. Bildu eta berehala erabili izan omen da, baina lehortuta gerora erabiltzeak ere arazorik ez du sortzen. Gure amak aipatzen zituen sendabelarren zerrendan bigarren lekua zuen. Inoiz edo behin egin zigun mehatxu prestatuko ote zigun, baina ez dut gogoan erabili izan zuenik. Berbena bai. Nozitu izan genuen noizbait enplastoa bularrean edo bekokian.

Posmo-belarra: euskararen garai posmodernoan nagusitzen ari den joera. Dagoeneko zenbait titularrek ez digu begi-belarrietan minik ematen. «Sahatsetako futbol-zelai berria inauguratu zen atzokoan». Nola? Egunero inauguratzen al da zerbait Sahatsetan? Ba, egunero zerbait inauguratzen ez bada, aski eta sobera genuke «atzo»rekin. Badakit «atzokoan»-ek baduela luzera bat, osotasun itxura bat, jaso tankera bat... «atzo»-k ez duena. Baina martxa honetan laster gara «atzokoan etorri zen gure lehengusina» esanez.

Pasma-belarra: infusioan, ukendu gisan edo erreta, zenbait fiskal eta epailek gustuko duena. Errua eta erantzukizuna nabarmenak direnean ere, era eta klase guztietako poliziak errugabetzat jo eta kondenarik gabe uztera behartzen ditu aipaturiko epaile eta fiskalak sendabelar honekiko adikzioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.