andoni egana
HITZ ETZANAK

Agurrak

2019ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Behar bezala ez agurtuaren zama askotan geratu izan zait barruan. Ez zegoen azken aldia zela jakiterik eta, alde batera, eskerrak ez genekien! Nik, gauzak zer diren, aparkaleku batean utzi nuen Lazkao Txiki, Zubietako hipodromokoan, ebakuntza arin bat baino ez zuela zain sinetsita, aparteko agurrik egin gabe; beste aparkaleku batean dut gogoan Felix Iñurrategi, ETBren Iurretakoan, itzuleran elkartu eta lanean segituko genuela elkarri esanez; Diego Garcia ere aparkaleku batean utzi nuen, sagardotegi batekoan, barrez, Bartzelonatik bueltan nire maratoiaren berri emango niola hitzemanda…

Beltza-rekin horrelakorik ez sentitzearen zortea behintzat izan dut. Urtero gisan, urriko azken astelehenarekin Gernikan ginen. Oholtzapean zegoen, urtero gisan, guk lanak bukatu zain. Inguruko taberna batera joan ginen beste hiru-lau lagunekin. Lepo zegoen. Inork bultzadarik edo kolperik eman ez ziezaion besoa pasa nion sorbaldatik adinak, lanak eta urte luzeetako zaintza-lanak nekaturiko gizon hari. Igurtzia. Ukitua. «Maite haut, Jon» esateko ezohiko modua gure artean.

Irten ere halaxe irten ginen. «Azkenengoa ez balitz ere, ze goxoa izan den!», pentsatu nuen nire baitan. Oinez abiatu nintzen. Zorionez, autoa urrutiko aparkaleku batean neukan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.