Beñat San Jose. Futbol entrenatzailea

«Ideia bat ondo transmititzeko, sentitu egin behar da aurrena»

Atzerrian entrenatzen jarraitzeko asmoa du oraindik San Josek. Eskaintza bat onartzeko, klubaren historiari begiratzen dio aurrena, eta taldearen analisi bat ere egiten du. Gero, taldeko zuzendaritzari aurkezten dio analisi hori.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Iñaki Berastegi.
Donostia
2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Hiru kontinente eta zazpi herrialdetan entrenatu du Beñat San Josek (Lazkao, Gipuzkoa, 1979). Munduko ertz batetik bestera ibili da azken bederatzi urteetan. Antiguakoko eta Realeko harrobian lehen urratsak, eta Saudi Arabian lehen aukera profesionala. Azkena, Mexikoko Mazatlan taldea, eta martxoaz geroztik etxean, Donostian, hurrengo erronkarako prestatzen. «Asian edo Hego Amerikan izan liteke.Talde bat edo selekzio bat». Ez du uste etxean edo etxetik gertu entrenatzeko garaia iritsi zaionik. «Iristen denean, egitasmo sendo eta indartsu bat izango da». Atzerrian jarraitzeko indarra «sobran» du, eta Hego Amerikako liga indartsuenetako batean entrenatzea urrats ona izan daiteke bere entrenatzaile ibilbiderako.

Hara eta hona ibili zara azken urteetan, eta ia beti emaitza onak lortu dituzu. Eskaintzarik ez zaizu faltako orain ere.

Proposamenak izan ditut, baina, jada entrenatzaile lanetan bederatzi urte daramatzazunean, aukerak ondo aztertu behar dira. Hego Amerikan oso aukera ona izan nuen, baina zoritxarrez ez zen gauzatu. Hainbat talderekin hitz egiten ari naiz.

Nongo taldeak dira?

Atzerrikoak dira guztiak.

Hego Amerikan estima handia dizute. Hango ligarik handienetako batera joatea da asmoa?

Bai, badakit zaila dela, baina aukera balego, pauso ona litzateke nire ibilbidean. Asian edo Hego Amerikan izan liteke. Talde bat zuzentzeko, edo, batek daki, selekzio baten ardura hartzeko. Asian ere ondo baloratzen naute. Zaila da han entrenatzea, bi emaitza txar lortu bezain pronto amaitzen zaielako pazientzia klubetako agintariei.

Asko aztertzen dituzu eskaintzak?

Zauden egoerak baldintzatzen du hori. Txilera joateko lehen aukera izan nuenean, baldintzei ia begiratu gabe onartu nuen egin zidaten eskaintza. Orain, daukadan ibilbidearekin, gehiago aztertzen ditut aukerak. Egon naizen herrialde batera bueltatzeko aukera izango banu, ez nuke edozein eskaintza onartuko. Esaterako, Txilen liga irabazi badut, tituluaren lehian aritu daitekeen talde bat izan beharko luke.

Eskaintza bat onartzeko, zeri begiratzen diozu aurrena?

Lehenik eta behin, klubaren historiari, historia luzea duten klubek normalean azpiegitura onak dituztelako. Taldearen analisi bat egiten dut, eta zuzendaritzari aurkezten diot, ideiarekin bat datozen egiaztatzeko. Denboraldia hasita ailegatzen banaiz, benetan sentitu behar dut talde hori hobetu dezakedala. Ideia bat ondo transmititzeko, sentitu egin behar da aurrena. Horren harira, jokoaren ezagutzarekin batera, entrenatzaileak karisma izatea funtsezkoa da. Horren adibide ona da Imanol Alguacil. Horretaz landa, herrialdeari ere begiratzen diogu noski, baina nik eta nire familiak argi dugu lanera goazela. Lanetik etxera, eta etxetik lanera. Hori izan da nire lan egiteko modua.

Egon zaren toki guztietan ziklo motzak egin dituzu. Zergatik?

Batetik, egon naizen toki batzuetan entrenatzaileen egitasmoak motzak izaten direlako; eta, bestetik, urte gehiagoz jarraitzeko aukera izan dudan lekuetan, gauzak ondo egitearen poderioz, eskaintza hobeak izan ditudalako. Belgikan, Kas Eupen taldean, sentitu nuen urte gehiagoz jarraitzeko gogoa, baina ni klubera eraman ninduen zuzendaritzako kideak kluba utzi zuen. Berritzeko aukera nuen, baina, egitasmoa ahuldu egingo zela pentsatuz, ez jarraitzeko erabakia hartu nuen. Edonola ere, badaukat gogoa lau urteko egitasmo batean murgiltzeko, ikusten baitut nire lan egiteko moduak eragina duela, goazen tokira goazela.

Entrenatzaile exotiko bat bazina bezala sentitzen zara? Edo nekatuta zaude etiketa horretaz?

Etiketa logikoa iruditzen zait, ibilbidea atzerrian osatu dudalako. Oso harro nago egin dudan guztiaz, ez baitit inork ezer oparitu. Etxera itzultzeko garaia iritsiko da, baina orain ez. Gainera, atzerrian entrenatzen jarraitzeko indarra sobran daukat oraindik ere. Egia da azken urteetan Espainiako Lehen eta Bigarren Mailako taldeek niregan interesa izan dutela, baina, hemen entrenatzea erabakitzen dudanean, esku artean egitasmo sendo eta indartsu bat dudalako izango da. Hori bai, gauza batzuen falta sumatzen dut, eta horietako bat da euskaraz entrenatzea. Jon Bautistarekin Belgikan izan nuen aukera, baina kitto, besterik ez.

Hizkuntza dela eta, mezua jokalariari helaraztea toki batzuetan beste batzuetan baino zailagoa izango da, ezta?

Bai, eta han eta hemen ibiltzeari esker baliabide gehiago lortu ditut, pertsona eta entrenatzaile bezala. Saudi Arabian nengoenean, ingelesez hitz egiten nuen, eta itzultzaileak arabierara itzultzen zuen nik esandakoa. Nire orduko ingelesa ez da oraingoa, eta, beraz, komunikazioa ez zen errazena. Beraz, nituen futbol pentsamenduak eta ideiak jokalariei transmititzeko modua gauzak egitea zen zuzenean. Horrekin batera, keinuei garrantzi handiagoa eman nien. Hizkuntza baino gehiago, transmititzeko gaitasuna izatea da gakoa.

Transmititzeaz ari zarela, zein izaten da jokalariei ematen diezun lehen mezua?

Hasteko, norabide berean lan eginda dena errazagoa izango dela nabarmentzen diet. Azken finean, talde kirol bat da. Ondoren, arlo teknikoa eta taktikoa alde batera utzita, ezinbestekoa da norbanako bakoitzak egun bakoitzean duen onena ematea. Helburuak lor daitezke edo ez, baina eguneroko lanarekin helburu hori lortzea merezi duzula sentitu eta sinetsi behar duzu.

Entrenatzen den bezala jokatzen da, edo hori esan ohi da behintzat.

Hala baita. Helburu bat lortzeko orduan arduraren %80 gure esku dagoela esaten dut nik beti. Euria egitea edo ez egitea ez dago gure esku, baina gertatzen den horren aurrean dugun jarrera bai, hori gurea da.

Oso toki ezberdinetan entrenatu duzu. Entrenatzaileak egokitu egin behar du doan tokira?

Bai noski. Zer zentzu izango luke 1-4-3-3 sistemarekin jokatzeak, bi aurrelari on izan eta hegaleko jokalari petorik ez baduzu? Duzun ideia mantenduta, taldera moldatu behar duzu. Malgua izan behar du entrenatzaileak. Nire taldeetan, hiru kontzeptu funtsezkoak dira: ordena, lana eta baloiarekin ondo moldatzea.

Nola jokatzen du Beñat San Joseren talde batek?

Baloi jabetza eraso egiteko erabiltzea gustatzen zait. Joko asoziatiboa ona da, egiten dugu, baina Hego Amerikan bertikaltasuna zer den ere ikasi dut. Bi gauzak egitea gustatzen zait, baina muturretara jo gabe. Aukera dugunean erasora joan, kalitatearekin, baina aurkariaren atera begiratuz beti. Horrek taldea bizirik dagoela esan nahi du.

Realeko harrobiko jokalari eta entrenatzaile izandakoa zara. Ametsa da zuretzat Reala entrenatzea?

Nire ibilbideko une garrantzitsu bat litzateke, baina beste edozein euskal talde entrenatzea izan daitekeen bezala. Realean oso urte politak izan nituen; aitonarekin Atotxara joaten nintzen, eta, alde horretatik, inplikazio emozionala handiagoa litzateke. Benetako ametsa, baina, euskal selekzioa txapelketa handi batean zuzentzea litzateke.

Hain justu, Realeko harrobitik joan zinen Saudi Arabiara, 23 urtez azpiko Al-Ittihad taldea zuzentzera. Nola iritsi zitzaizun aukera hura?

Lau urte egin nituen Zubietan, 2008an hasita. 2012ko udan, denboraldiaurrea hasia zela, Joseba Barandiaran nire bitartekariak eman zidan eskaintza haren berri. Kadete mailako talde entrenatzen nuen, eta nire aginduetara aritzekoak ziren Mikel Oiartzabal, Alex Petxarroman eta Ander Gebara, besteak beste.Oso gustura nengoen, urte ahaztezinak izan ziren, baina entrenatzaile talde profesional batera gerturatzeko gogoa nuen, eta klubean ulertu egin zuten nire erabakia. Oso ondo portatu ziren nirekin orduko Zubietako arduradunak, Luki Iriarte eta Bittor Alkiza, baita Jokin Aperribai presidentea eta Loren Juarros kirol zuzendaria ere. Urte ahaztezinak izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.