Betikoak agintari, gazteen esperoan

Aitor Hernandez eta Olatz Odriozola beteranoek eta Paula Suarezek eutsi egiten diote aginteari Euskal Herriko ziklo-kros denboraldian. «Gazteei kostatzen ari zaie maila hori ematea», dio Javi Ruiz de Larrinagak ziklista ohi eta egungo hautatzaileak. Legazpin ariko dira gaur.

Ziklo-kroslari bat, iaz, Elorrion jokatutako proban. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
«Elite eta 23 urtez azpiko mailan, gizonezkoetan zein emakumezkoetan, zerbait falta zaigu. Gainera, ez dauzkagu txirrindulari asko». Esaldi horrekin laburbildu du Javier Ruiz de Larrinaga (Ametzaga Zuia, Araba, 1979) ziklo-kroslari ohi eta Euskadiko Txirrindularitza Federazioko ziklo-kroseko hautatzaileak modalitate horrek Euskal Herrian duen egoera.

«Azken urteetako egoera antzekoa da. Betikoek hasten dugu denboraldia, eta, ondoren, azaro erdialdetik aurrera, errepideko txirrindulari profesionalak parte hartzen hasten diren heinean, mailak pixka bat gora egiten du», dio Aitor Hernandezek (Ermua, Bizkaia, 1982). Bizkaiko ziklistaren ogibidea da aspaldian ziklo-krosa. Gaur-gaurkoz, hura da ziklo-krosetik bizi diren euskal txirrindulari bakarretakoa. «Ruiz de Larrinaga erretiratu zenetik ni izango naiz bakarra; oso zaila da hemen ziklo-krosetik bizitzea. Diru laguntzarik apenas dagoen, eta oso zaila da, ilusioa izan arren, 19 edo 20 urteko txirrindulari bat errepidea alboratuta ziklo-krosean buru-belarri jartzea. Pentsa, Xabier Murias gaztea eta irabazlea zen, eta hark ere ezin izan zuen». 40 urteren bueltan dauden arren, Hernandez eta Olatz Odriozola dira oraindik ere bi erreferente nagusiak Euskal Herrian. Belaunaldi aldaketa bermatzea lan nekeza gertatzen ari dela onartu du Ruiz de Larrinagak: «Aitor Hernandezek lehian segitzen du, baita Olatz Odriozolak ere, baina gazteei kosta egiten zaie maila hori ematea. Ez dakigu zergatik, harrobiko ziklo-kroslarien artean oso maila ona baitago».

Maria Modenes (Gasteiz, 2004) da behetik datorren ziklo-kroseko txirrindularirik nabarmenetako bat. 2022ko Espainiako Txapelketan brontzea kolkoratu zuen Xativan (Herrialde Katalanak), junior mailan. Denboraldia Euskal Herritik kanpo hasi du, eta ez daki etxetik gertu zenbat lasterketa egingo dituen. «Espainiako Kopako proba asko daude aurten estatuan, eta nire asmoa dahorietan parte hartzea, bertan maila handiagoa baitago. Euskal Herrian maila ez da hain handia: lasterketa gutxi daude, eta, hobetzen jarraitu nahi badut, kanpoan lehiatzea ezinbestekoa da». Era berean, Laudioko (Araba) eta Karrantzako (Bizkaia) lasterketek Namurren (Belgika) jokatuko den Europako txapelketarekin bat egiten dute. «Nire asmoa da Namurrera joatea, baina oraindik ez dakit Espainiako selekzioko hautatuen artean egongo naizen edo ez. Hori bai, abenduaren 31n Tolosan [Gipuzkoa] egingo den Euskal Herriko Txapelketa korritzeko asmoa dut».

Ortuellako eta Berrizko (Bizkaia) probak izan dira Euskal Herriko egutegiko lehen bi lasterketak; gizonezkoetan, Miguel Sanchez Aitor Hernandezi nagusitu zaio, eta, emakumezkoetan, garaipena lortu dute bai Odriozolak eta bai Paula Suarezek. Denera, hemezortzi lasterketa izango ditu Euskal Herriko egutegiak, eta Laudiokoak izango du soilik UCI Nazioarteko Txirrindularitza Elkargoaren C1CX maila. Koxka bat beherago daude egutegiko beste bi nazioarteko probak: Karrantzakoa eta Igorrekoa (Bizkaia). «Pozik egon behar dugu egutegiarekin, lasterketa kopuru on bat dagoelako eta nazioarteko hiru proba ere baditugulako», azpimarratu du Euskadiko Federazioko ziklo-kros hautatzaileak. Lasterketak antolatzeko momentu zailak direla gaineratu du: «Esaterako, Elorriok ezin izan du aurten ere antolatu. Diru laguntzak lortu eta babesleak aurkitzea kosta egiten da, baina badugu esperantza lasterketa hau datorren urtean egutegira itzul dadin».

Gehienbat Euskal Herriko egutegia egiten badu ere, etxetik gertu dauden beste hainbat probatan ere parte hartzen du Hernandezek. «20 edo 25 lasterketako egutegia daukat. Egutegia ez da sobera aldatu, nahiz eta duela bizpahiru urte nazioarteko lasterketa gehiago geneuzkan». Emaitza «onak» lortu ditu, eta «gustura» ari da. «Korritu ditudan sei lasterketetan bi garaipen, bi bigarren postu eta beste bi aldietan aurreneko hamarren artean sailkatu naiz».

Errepiderako «baliagarria»

Ziklo-kros lasterketan parte hartzen duten errepideko txirrindularien kopuruak ere gora egin du azken urteetan: Gorka eta Ion Izagirrek, Jonathan Lastrak, Peio Goikoetxeak, Omar Frailek edo Igor Arrietak denboraldia prestatzeko baliatzen dituzte ziklo-kroseko lasterketak. «Albiste ona da, horrek jende gehiago erakar lezakeelako. Ez da euren helburu nagusia, baina baliagarria zaie», nabarmendu du Ruiz de Larrinagak. «Nik uste ziklo-krosean buru belarri gabiltzanoi ez digula ez mesederik ez kalterik egiten. Halere, onartu behar da, Mathieu van der Poelek edo Wout van Aertek errepidean egindakoa baliagarria izan dela jendeak hobeto ezagutu dezan gure kirola», erantsi du Hernandezek.

Helburuei dagokionez, Modenesek nazioartean gehiago lehiatzea du buruan. «Presiorik gabe, baina Europako zein Munduko txapelketara joan, eta Munduko Kopako proba gehiago korritu nahi nituzke».

Hasi berri den denboraldia ahaztu gabe, 2024an Amurrion (Araba) egingo diren Espainiako Txapelketei ere begiratu die Ruiz de Larrinagak. «Lan handia egin behar dugu, baina gure momentuak hori izan behar du. Uste dut badaudela txirrindulariak hobetzeko gaitasun hori dutenak, eta ea ondo prestatuta iristen garen».

Hernandez gaur Legazpin (Gipuzkoa) korrituko den lasterketa prestatzen ari da, eta, Amurriokoa «urrun» ikusten badu ere, ez du baztertzen han egotea: «Babesleek nirekin jarraitzen badute, ni ondo banago eta disfrutatzen jarraitzen badut, zergatik ez 2024ra arte segitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.