andoni egana
HITZ ETZANAK

Sarea

2018ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Ederki aldatu dira gauzak. Hurrengo bizitzan zer izango ginen zen eztabaidagai duela mende erdi. Lehengo bizitzan zer izan ginen ari gara orain ika-mikan.

Ez dut ikasmateriala ezagutzen eta ez dezaket deus epaitu. Baina harrotu dira hautsak. PPko buruzagiek Arantzazuko egutegia iristen zen lekura bidali nahi dute Jonan Fernandez: etxera zuzen-zuzenean. Gustura eskegiko luketela esatea gustu txarreko txistea litzateke testuinguru honetan. Datozen belaunaldiek lehengo bizitzan zer eta zergatik izan ginen jakin dezaten saiakerak egiten hasi, eta nekez iritsiko gara adostasunera. Hemen bakoitza San Pabloren zalditik erori zen unean erori zen, eta iruditzen zaio une eta leku hartanxe dagoela mugarri egokia. Mugarri hartatik kontatuko du bakoitzak bere egia. Naturaltzat daukat hori.

Errelatoek asko eta askotarikoak beharko luketela esatea aski esatea da zenbaitentzat eta deus gutxi zehaztea beste batzuentzat. Ikuspegi eta ertz askotatik kontaturiko errelato-sare bat osatzea litzateke, akaso, gizartearentzat juxtuena. Baina horretan ere aurkituko du ezkorrak zeri eutsia. Ezkorrarentzat sarea baita zulo ilara bat lokarriz josia. Eta sarean nagusiki zuloa ikusten duenak ez du sekula ezer atxikitzeko esperantzarik ere izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.