Javi Dominguez. Mendi korrikalaria

«Urtetik urtera zailagoa da UTMBko podiumean sartzea»

JUANAN RUIZ / FOKU.
Unai Ugartemendia.
2019ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Azken urteetan UTMBn aritu den korrikalaririk erregularrenetako bat da Javi Dominguez (Gasteiz, 1974): 2013an, hirugarren izan zen, eta 2016an, bosgarren. Bigarren izan da aurten Ehunmilietan, eta hamargarren, Espainiako Ultra Txapelketan. Berriro lehen postuetan egon nahi du UTMBn.

Nola zaude sasoiz?

Ahal dudan guztia emateko gogoz nago.

Nola doa denboraldia?

Agian, ez naiz beste urte batzuetan bezain sasoiko aritu, baina, hala ere, oso pozik nago orain artean eginiko denboraldiarekin.

Zer espero duzu aurtengo lasterketaz?

Lehenik, distantzia honetako munduko onenekin lehian ibiltzea, eta, ahal badut, lehen hamarretan amaitzea.

Zuk badakizu zer den UTMBko podiumean amaitzea. Zer oroitzapen duzu 2013ko hartaz?

Urte hartan, dena ondo atera zitzaidan, eta niretzat ere izugarrizko ezustekoa izan zen hirugarren amaitzea. Inoiz burutik ere pasatu ez zitzaidan emaitza bat lortzeko aukera izan nuen.

Aurten, badirudi lasterketa irabazteko lehia oso zabala izango dela. Iritzi bera duzu zuk?

Egia esan, ez dakit zein diren lasterketa irabazteko faborito nagusiak. Dakidan gauza bakarra da irabazlea irteeran bakarrik ikusiko dudala. Emakumeetan, Uxue Fraile izatea gustatuko litzaidake.

Zer emaitzarekin konformatuko zinateke?

Lehen hamarretan sartuko banintz, pozik egongo nintzateke, horrela beste oroigarri bat gehiago izango batuko nioke orain artean lortutako beste guztiei.

Urte batzuk badira Chamonixen lehiatzen zarela. Zer du lasterketa horrek denok han egon nahi izateko?

Izugarrizko maila dagoela han. Munduko onena da.

Oraindik ere podiumarekin amesten al duzu?

Amets egiteagatik ez dadila izan! Baina egia da urtetik urtera maila igotzen ari dela, eta geroz eta zailagoa da UTMBn podiumean sartzea.

Zer eskatzen diozu lasterketari?

Inolako txakalaldirik ez izatea, eta azkeneko 30 kilometroetara indarrarekin iristea. Hori eta, ahal dudan heinean, lasterketaz gozatu ahal izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.