andoni egana
HITZ ETZANAK

Gaua

2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Gaua neurri txarreko asmazioa da. Labur egingo zaizu lagunekin berriketan batetik bestera zabiltzala; luze, minen bat gainetik kendu ezinda bazabiltza. Labur doanean oso labur gertatuko zaizu eta luze doanean oso luze, bukaezin. Ez du neurri onik gauak. Amets gauez egiten da gehienean baina amesgaiztoek ere orduan erasango dizute. Amuek, damuek, mamuek, kalamuek… egunargiz ez duten indarra izango dute gauez.

Oso da ezaguna demokraziari buruzko Churchillen definizioa. Politikari britaniarrak esan zuen demokrazia dela sistema politiko bat zeinaren baitan goizeko seietan etxeko aldaba-hotsa entzuten baduzu, ziur zauden esne-saltzailea izango dela deika ari dena. Ateko aldaba, esne-saltzailea eta balizko poliziaren gainetik, gaua da esaldiaren muina. Gauez ezustekoak ez dira onerako izaten gehien-gehienetan.

Horrexegatik iruditu zitzaidan esanguratsua atzo egunkari honen albiste nagusia emateko modua. «Araluce itxi, eta 141 langile kalean utzi dituzte, gauez». Enpresako arduradunak eta ertzainak makinak ateratzera joan ziren eta langileek ez zieten utzi. Ez zitzaidan lehen kolpean zenbat langile kaleratu dituzten gogoan iltzatu. Baina gauez izan zela bai. Goizaldeko ordu batean. Neurri txarreko asmazioa da gaua…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.