andoni egana
HITZ ETZANAK

Pleuresia

2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Gaixotasunak garaian garaikoak izaten dira. Haiek izendatzeko dauzkagun hitzak ere, asko ala gutxi, garaien arabera azalduko zaizkigu. Orain guztiok dakigu zerbait kolesterolaz —onaz eta txarraz—, depresioaz, takikardiaz, estresaz… Lehen, kukutxeztula entzuten genuen; astanafarreriaz mintzo ziren nagusiak; trigeminoa ere aipatzen zuten; eta ezin dut ahaztu umetako nire gaitz pare faboritoa, aipamena entzutean larriarazi ordez barregura sortzen zidana: perlesia eta pleuresia. Gaixotasunen Dupond eta Dupont ia ia.

«Pleura» egunotan entzun ahal izan dugu berriz aspaldiko partez. Zaldibarko zabortegian amiantorik ez zutela bereizten eta amiantoak osasunari ze kalte ekar diezazkiokeen aipatzen hasi direnean azaleratu da ezkutu-antzean zebilen hitza. Amiantoak, onenera ere, birika-mintzak haziarazi egiten ditu. Pleuresia.

Eta perlesiak jota geratzen gara ze gizartetan bizi garen jabetzen garenean. Informazioa abiadura handian dabil. Zaldibarkoa gertatu eta ordu erdira edozeinek zeuzkan eskura, pantailan, zur eta lur geratzeko moduko autobideko argazkiak. Sakonekorik, ordea, ez genekien: ez han zabortegi bat zegoenik, ez lur-jausiak izateko arriskurik bazenik, ez amiantoa beste zakarretatik bereizten ez zutenik… Deus ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.