andoni egana
HITZ ETZANAK

Uholdea

2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Txiste soilaren esparrua gainditzen duela iruditzen zait. Bizitzarako ikasgai izan daitekeela. Eta berdin balio behar luke, estuegi hartzen ez bada, fededunentzat eta ez garenontzat.

Uholde ikaragarri baten ondorioz, gizon bat bakartua geratu da bere etxeko teilatuan. Han zain dagoela iritsi zaio sorosle lanetara batel bat. Ez dela igoko esan die, laguntzeko besteren batzuei, bera oso fededuna izaki errezo etengabean ari dela, eta salbatuko dela. Urak gora egin du orduen poderioz. Zodiac bathurbildu zaio laguntza eskainiz. Ezetz. Salbatzeko beste batzuk. Bera errezoan ari dela eta salbatuko dela dudarik gabe. Goizaldera, ura ia kokospean duela, helikoptero batetik egin diote laguntza eskaintza. Eta haiei ere ezezkoa, ez dela igoko, errezoan ari dela eta… Azkenean gizon hura ito egin zen. Eta zeruetara joan eta aurrez aurre topo egin zuenean, galdera luzatu zion Jainkoari. «Niri, fededun zintzo honi, zergatik ez zenidan lagundu?», «Ez nizula lagundu?Batela, zodiac-a eta helikopteroa bidali nizkizun eta!»

Tamalez, balizko ez diren munduko agintariak irudikatzen ditut, planetaren erabateko txikizioaren ondoren, balizko zeruan balizko Jainkoari kontu eske. «Bidali nizkizuen eta glaziarren murrizketa, aire kutsatua, birus atorrante bat…»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.