andoni egana
HITZ ETZANAK

Enbarazuan

2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Autoa bigarren filan aparkatzeko ohitura. Gehien ernegarazten nauten jardueren zerrenda egin behar banu, lehen tokian segur aski horixe jarriko nuke. Ezin dut eraman. Joan autora norabait abiatzeko eta ezin irten, zuk aparkatuaren parean beste bat dagoelako. Denbora laburreko kontua izaten da gehien-gehienetan. Barkamen eske iristen da auto-jabea maiz, irribarre eginez, minutu bakarra baino ez dela izan argudiatuz…

Minutu bakarra, bai. Baina autoa han utzi duenak bere minutua besteren minutua baino garrantzitsuagoa dela sinetsita utzi du. Eta, gainera, bigarren filan utzi duen lekutik hurbil bazegoen beste leku bat libre. Galarazia zegoen, ordea, han aparkatzea, eta ez da arriskatu, isunaren beldur. Presatia ez ezik, koldarra izan da. Nahiago izan du hurkoa molestatu, legeari desafio egin baino. Bestea litzateke bidezkoagoa: legeari egin desafio, eta ez elkarbizitza honda dezakeen deus egin.

Txikikeria irudiko zaio askori, baina datozen asteotan horrelako txikikeria askorekin egingo dugu topo. Legea, gizalegea, bidezkoa… zer den eta noiz datozen bat eta noiz ez, oso argi eduki beharko dugu bakoitzak hatz bat mugitzen dugun bakoitzean. Ez naiz oso baikorra: balkoitik jende asko ikusten dut oraindik ere autoa bigarren filan aparkatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.