andoni egana
HITZ ETZANAK

Buruz behera

2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Gure herriko tanatorioko horma batean Moneten artelan baten kopia merkea buruz behera zegoela jabetu nintzen. Esan egin nion arduradunari, bagenuen hainbeste konfiantza eta. Harridura azaltzearekin batera, aldatuko zuela hitzeman zidan. Handik hil batera -ez dut gogoan hil bat zenbat izan zen, urtebete edo bi edo…- koadroa lehengoan zegoen. «Hasi ninduan aldatzen baina eskarpiek ez ziaten koinziditzen eta lehen bezalaxe utzi nian. Total! Hemen jendeak etzandakoari begiratzen ziok ez buruz behera dagoenari!».

Aste honetan jakin dugu Mondrianen New York Hiria I artelanaburuz behera eduki dutela erakusgai 75 urtean. Eta hari begiratuko zion ba jendeak! Ez da kasu bakarra. Matisseren lan bat 47 egunez erakutsi zuten oker; Van Goghen bat bi astean; Picasso eta Daliren lanak ere egon izan omen dira noizbait oker zintzilikatuak…

Halere, Xátivakoa (Valentzia) egiten zait niri deigarrien. Bertako Almodí museoan bada artelan lan bat non Felipe V.a azaltzen den. Baina buruz behera jarria dago. Eta koadroa guztiz errealista denez, edonor kontura daiteke. Propio omen dago hala. Nonbait, XVI. mendean, gerra baten baitan, berak agindu zuen Xátivari su emateko eta bertako herritarrek mendekua hartu dute erregea behin betirako buruz behera zintzilikatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.