andoni egana
HITZ ETZANAK

Plastikoa

2018ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Plastikotasuna dugu hizpide euskara batuak mende erdia bete duen honetan. Sorrerak ikastolan harrapatu gintuen gu, eta izkurri edo diktaketa orriak gorriz betetzen zizkigun h kokagaitz haren iritsierak ere ez zigun inongo traumarik sortu. Egia da ikaskideren bat bazela, gurasoek hala behartuta, h-ak idaztetik libratzen zena, eta haren izkurri-orriak besteonak baino zuzenketa gorri gutxiago zituela ikusteak inbidia pittinen bat ematen zigula. Ume-kontuak.

Niri xelebrea gertatzen zait euskara batuari itsastea plastikotasunarena eta ez beste hainbat konturi. Erkidegoa bera ez al da plastikozko zerbait? Eta foru aldundiak? Gutxi batzuk izango dira euren burua erkidegotartzat definitzen dutenak. Eta bizkaitar edo gipuzkoartzat askok hartuko dugu geure burua, baina nekez izango da gure izaeraren lehen ezaugarria. Egoera eta une politiko jakin batzuei erantzuteko sortuak direla eta antzinatasun handia dutela esango didate... Ados.

Eta mankomunitateak ez al dira plastikozkoak? Kudeaketa egokirako premiazkoak direla esango didate; ulertzen dut norbait Sakanako edo Goierriko sentitzea. Baina ez dut Urola Kostakoa sentitzen den inor ezagutzen. Eta hor dabil, plastikozko inbentu deabrua. Baita egunkari honen orrialde banaketan ere!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.