Darko Brasanac. Osasunako jokalaria

«Lana eta jokalarion arteko elkartasuna dira gure sekretua»

Erdilari serbiarrak taldea jartzen du «beste ororen gainetik», eta, haren ustez, pentsamolde horrek eraman du Osasuna egun dagoen tokira. Balioa eman dio Athleticen aurkako garaipenari: «Lasaiago gaude orain».

IÑIGO URIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Lehen sasoia du Osasunan Darko Brasanacek (Cajetina, Serbia, 1992), baina gezurra dirudi. Taxoaren hazia dela esango balu, erabat sinesgarria izango litzateke. Patxadaz erantzun die galderei, ia ordubeteko solasaldian.

Garaipen handia lortu zenuten azken jardunaldian, Athleticen zelaian. Halakoek hauspotu egiten dute taldea, ezta?

Noski. Neurketa berezia zen klubarentzat eta zaleentzat, eta aurrera atera genuen. Athletic oso talde sendoa eta indartsua da, baina oso ondo eutsi genion arretari. Erruz egin genuen lan, eta esfortzuak sari paregabea izan zuen.

Atea hutsean utzi zenuten; aurreko hiru lehietan hamar gol sartu zizkizuetelarik, horrek konfiantza emango dizue, ezta?

Gol asko ari ginen jasotzen, baina jo handiko taldeen aurka. Real Madrilen aurka, adibidez, ez genuen lau gol jasotzerik merezi, baina halako aurkariek akatsik txikienak ere ordainarazten dizkizute. Hori horrela, gauza handia da San Mamesen gisako zelai batean golik ez jasotzea. Konfiantza ez dugu sekula galdu, baina lasaiago gaude orain.

Salbazioa gertu ikusten duzue?

Geroz eta gertuago. Puntu bakoitzak hurbildu egiten zaitu helburura. Oso pozik gaude orain arte izan dugun ibiliarekin. Aurkari guztien kontra aritu gara lehiakor, eta hori ez da batere erraza. Orain, partida garrantzitsua daukagu etxean, Granadaren kontra. Patxada eman digute Athleticen aurkako puntuek, baina ezin gaitezke lokartu, egutegi zaila baitugu aurretik.

Chimy Avilaren lesioa kolpe gogorra izan zen zuentzat, baina ez zarete etsiak jota gelditu. Hor dirau taldearen indarrak.

Chimy funtsezkoa da guretzat, garbi dago. Lesio guztiek baldintzatzen dute taldearen jarduna, entrenamenduetan lehia gutxiago dagoelako. Dena den, gu talde bat gara, eta denok ematen dugu daukagun guztia. Ez dut oroitzen lehiatu ez dugun partidarik. Galdu arren, beti borrokatu dugu amaierara arte; batek jokatu edo besteak jokatu.

Gainera, bi jokalari berri iritsi dira Avilaren hutsunea betetzen saiatzeko: Enric Gallego eta Jose Arnaiz. Ondo ari dira egokitzen?

Bai. Asko errazten du egokitzapena talde barruko giroak. Jokalari guztiak dira langileak eta umilak, eta oso ondo hartzen dituzte jokalari berriak. Ahalik eta gehien ari gatzaizkie laguntzen, mailarik eta sasoirik onena berandu gabe lor dezaten.

Eredu ona zara zu: iazko udan iritsi zinen, eta jada ezinbestekoa zara taldean. Nola ari zara bizi izaten sasoi hau?

Oso pozik nago guztiarekin. Taldea bikain aritu da lehen jardunalditik bertatik, eta ez dugu inolako estutasunik izan. Emaitzez harago, oso gustura nago taldekideekin, teknikariekin eta zaleekin dudan harremanarekin. Oraindik ez da sasoia bukatu, baina bide onean gaude, bistan da. Egunez egun lan egiten jarraituko dugu. Hori da arrakasta izateko modu bakarra.

Oso eroso zaude Jagoba Arrasatek ezarritako eskemaren barruan. Zure denboraldirik onena ari da izaten Espainiako Lehen Mailan zaudenetik?

Baliteke. Talderen estiloa oso ondo egokitzen da nire ezaugarrietara. Beti saiatzen gara presio aurreratua egiten eta jokaldiak azkar bukatzen, erdiraketa askorekin. Areara iristen gara bigarren lerroko jokalariak, aurkariak nahasten saiatzeko. Oso eroso nago, eta gainontzeko taldekideak ere bai. Fisikoki oso ondo gaude prestaturik, eta hori zelaian islatzen da. Lana eta jokalarion arteko elkartasuna dira gure sekretua.

Zelaitik at ez ezik, zelaian ere lanaren apologia egiten duzu: benetako talde jokalaria zara.

Taldea beti jarri dut beste ororen gainetik. Uste dut gainontzeko taldekideek ere pentsamolde berbera dutela, eta hein handi batean, horregatik lortu ditugu horrenbeste puntu. Ni halakoa izan naiz beti. Bakoitzaren jardunak berdin dio, taldea esku hutsik gelditu bada.

Jarrera hori ez da beharko lukeena bezain ohikoa gaur egungo futbolean. Egoek geroz eta indar handiagoa dute. Nola dakusazu zuk?

Agian, zerikusia du zelaian daukazun kokapenak eta funtzioak. Zelai erdian, itzalpeko lan handia egin behar duzu: korrika egin, salto egin, borrokatu... Batzuetan ez da ikusten zer egiten dugun, baina funtsezkoa da.

Osasunako zaleek beti saritzen dituzte jokalari langileak. Haien berotasuna sentitzen duzu?

Noski baietz. Itzela da oro har taldeari ematen dioten babesa. Adibidez, Real Madrilen aurka sekulako agurra egin ziguten partida amaieran, 1-4 galdu arren. Aurkari guztien kontra saiatzen gara parez pare lehiatzen, eta hori aitortu egiten digute zaleek. Presio on bat egin, eta harmailak gainera etortzen zaizkizu. Babes horrek asko ematen digu.

Espero zenuena aurkitu duzu Osasunan, edo bada harritu zaituenik?

Banekien talde apala eta langilea zela, eta historia oparoa zeukala. Aukerakoa zen niretzat. Apur bat harritu nauena entrenamenduen intentsitatea da. Saio motzak baina oso biziak egiten ditugu. Funtsezkoa da hori partidetan entrenatzaileak eskatzen diguna egiteko.

Alavesen aritu zinen iragan denboraldian. Osasuna oso ezberdina al da haren aldean?

Eskema taktikoa antzekoa zen, baina hemen gorago estutzen ditugu aurkariak. Beti erasokorrak izaten saiatzen gara. Alavesen ia Europan sartu ginen iaz, baina bestelako estilo batekin. Oso oroitzapen onak ditut.

2016an fitxatu zintuen Betisek, eta, geroztik, sasoi bakoitzean talde ezberdin batean aritu zara. Osasunan, ordea, egonkortzeko aukera duzu: 2022ra arte sinatu duzu. Hala espero duzu?

Lasaitasun apur bat nahi genuen nik eta nire familiak, eta toki aproposa aurkitu dugu. Kluba oso egokia da niretzat, baita hiria ere. Oso bizi kalitate ona du Iruñeak. Herrimin pixka bat badugu, Serbian ditugulako familia eta lagunak, baina oso pozik gaude hemen. Bizimodua nahiko antzekoa da. Toki ona da serbiarrentzat, eta adibide onak daude; Savo Milosevic, esaterako.

Oso ondo moldatzen zara espainieraz. Akaso, euskarari heldu diezaiokezu hurrena.

Oso zaila iruditzen zait. Hitz batzuk badakizkit, oinarrizkoak: «agur», «egun on», «eskerrik asko», eta halakoak. Akaso saia ninteke, baina ez da batere erraza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.