andoni egana
HITZ ETZANAK

Aholkulari

2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Bat ezagutu nuen gertutik. Jasanezina gertatu zitzaidan. Zinegotzi hautatu berriak egin zuen lehen gauza izan zen: aholkulari bat izendatu eta ekarri. Langileokiko inongo begirunerik gabe sartu zen sailean. Teorian, Berlingo harresi erori berriaren ondorengo Europako kultur joerak ongi ezagutzen zituen. Parisen ikasia zen. Masterrak egina. «Paristik natorren artista bat naiz ni». Praktikan, egiten zuen bakarra zen bilera-gelako mahaian adeitasunez ipintzen den goxoki-platertxora eskua luzatu, hustu arte. Hamar, hogei, hogeita bost… goxoki irensten zituen bilera bakoitzean. Orduz geroztik, niretzat, politika-aholkulariak horixe dira: goxoki-jale erraldoiak.

Hogei mila inguru omen dira politikarien aholkulariak Espainian. Konparazioa eginda, zornotzar guzti-guztiak aholkulari. Paotxa! Herritarrek hautatua izan gabe, eta inongo oposiziorik gainditu beharrik ez-ta, agintean. Horretarako, jakina, alderdikidea izan behar duzu. Horrez gain, senitartekoa bazara, hobe.

Pandemia garaiotan, aski aholkulari izan dute politikariek: zientzialariak, medikuak, epidemiologoak… Baina askok nahiago izan du haiei ez entzunarena egin eta euren aholkulari propioei jaramon egitea. Goxoki-jale bat dagoen tokian alferrik dira gainontzekoak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.