andoni egana
HITZ ETZANAK

Linboa

2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Linboa. Askotan entzun izan dugun hitza. Ez dakit ziur lekua den edo ezlekua. Kristautasunaren idatzietan ez omen da azaltzen. Baina Hiponako San Agustin eta enparauek aipatu zuten, eta linboaren kontzeptuak bide egin du. Kitzikagarria delako, lanbroak ezkutaturiko bazter oro den gisan. Linboa da, ez zeru eta ez infernu, tarteko zerbait. Jatorrizko bekatu batekin jaiotzen gara guztiok kristautasunaren arabera. Oso haur hil zirelako, bataioaren bidez jatorrizko bekatu horretatik askatzerik ez, baina beste bekaturik egiteko astirik izan ez zutenak joaten ziren linbora. Futbol-aste honetan konparaketa eginda, gero, igoerako promoziorik izaten zen edo ez, ez dakit.

Azken urteotan, ordea, Vaticanoko teologoek erabaki dute linborik ez dela. Errukitsua dela Jauna, eta hildako haur guztiak zuzenean paradisura joango direla, linbo atorrante hartatik igaro beharrik gabe.

Errazena egin dute teologo horiek. Modu batera hezi jendea eta gero ezetz, ez zela hori horrela, eta hitza burutik kentzeko agindu. «Hementxe, linboan», erantzun zion nire diosalari adiskide batek oraintsu kalean. Orain linborik ez zela, Aita Santuak hala zioela esan nionean, muturra ilundu zidan. «Hura ez duk, ni bezala, AstraZenecaren lehen dosia hartuta egongo!»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.