andoni egana
HITZ ETZANAK

Amildu

2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Gogoan du semeak aitari noiz egin zion lehen aldiz errieta. Beste bat ari balitz bezala sentitu zuen bere burua, ez baitzitzaion inoiz otu paperak aldatu eta aitari kargu hartu beharko zionik. Baina etxera heltzearekin kalean makuluarekin ibiltzen zen aita edadetua eskailera baten goreneko mailara igota harrapatu zuen, armairuaren gaineko hautsak garbitzen. Lan hori berak egin zezakeela, ez zela hain premiazkoa, balantza bat aski zuela sekulako saltsa sortzeko… Aita, esaneko, eskaileratik jaitsi zen. «Badakik… Lana ikusterako garaian lehengoak gaituk eta ez gaituk konturatzen egiterako orduan ez garela lehengoak».

Giza izaeran datza nonbait adinean aurrera joanda ere lehengo lanak egiteko gaitasun bera dugula frogatu nahia. Baina musean eta mahaian, aukeran.

Herenegun hil zen astelehenean Garesen (Nafarroa) herriaren erdiguneko eraikin bat berritzeko lanetan ari zela aldamiotik erorita larri zauritu zen langilea. 58 urte zituen. Gazteegia hiltzeko; aldamiorako zaharregia. Zenbat urterekin har dezakete erretiroa arrantzaleek? Zenbatekin uzten diote ertzainek kaleko lanari? Aldamiora igotzeko ere behar luke adin-muga bat. Norbera edo nagusia jabetzen ez bada, legeak jabetu behar luke. Lehengoak ez izatea da izaten segitzeko modu bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.