andoni egana
HITZ ETZANAK

Zorrak

2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Cafarnaúm ez zen edozein toki duela bi mila urte. Tiberiades lakuaren ertzean kokatua, pasadako lekua zen Siria eta Egiptoren arteko komertzio ibilbidean. Orduan ere ez zuten nonbait aukerarik galtzen eta, komertzioa dabilen lekuan dirua mugitzen denez, zergak ugaritu ziren Cafarnaúmen. Eta zerga-biltzaileak Mateo zuen izena.

Han omen zegoen behin bere langelan, eta etorri omen zitzaion propio bila Nazaretetik Jesus. Ez dakit zer ikusiko zioten elkarri, baina Mateo berekin eramateko gutizia sartu zitzaion Jesusi. «Zatoz nirekin!», esan omen zion. Eta bestea zegoen tokitik altxa eta betirako joan omen zen. Bidenabar esanda, Jesusek kritika latzak jasan behar izan omen zituen herritarrengandik bere adiskide berria zela eta, zerga-biltzailea ez baitzen batere maitea. «Bekatariak nahi ditut nik ondoan!», erantzuten omen zien horrelakoei…

Ogasunarekiko zordun direnen zerrendak argitaratu dituzten honetan akordatu naiz Mateoz. Zerga-biltzailetzari utzi eta idazle bihurtu zen gero. Eta Santu egin zuten. Eta ez da harritzekoa Jesusek horrelako fitxaketak egin eta gero, Aita gurea-n bertan zor hitzak duen presentzia handia izatea. Nola zen ba? «Barkatu gure zorrak, guk ere gure zordunei barkatzen diegunez gero…».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.