andoni egana
HITZ ETZANAK

Borrokaldia

2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Azken mendeetako borrokaldirik garrantzitsuena. Ring berean bildu dira, nor baino nor, Askatasuna eta Ziurtasuna. Bakarra izan daiteke garaile. Askatasunak lelo xaloa dakar praken gerrikoan: «Ukabila bosteko». Ziurtasunak, marrazki bat bere batinaren atzealdean: borra, ezkutua eta kaskoa.

Bi borrokalarien aurkezpen garaian oso bistakoa da ikuslerik gehienak Askatasunaren alde daudela. Hasi da borrokaldia. Lehen asaltoetan hor nonbait. Laugarrenetik aurrera Ziurtasuna hasi da nagusitzen. Eta publikoaren joera ere aldatzen hasi da. Txalo dexente entzuten da Ziurtasunak Askatasuna muturrean edo gibelean kolpatzen duenero. Hasieran Askatasunaren aldeko sutsua zen batek hala zuritu dio ondokoari bere jarrera aldaketa: «Badakizu, ni Askatasunaren alde nengoen. Baina pandemia garaiotan, ziurgabetasuna mehatxu denean, Ziurtasuna hain nagusi sumatzean lasaitu bat hartzen du barruak». Arrazoia eman dio ondokoak. Eta esaldi brumatsu batez erantzun: «Maitale ona da Askatasuna baina Ziurtasunak mahaia pronto eukitzen du beti etxerakoan...».

Bukatu da borrokaldia. Askatasuna lurrean datza, galtzaile. Halere, Pedro Mari Goikoetxea eta Manu Maritxalarrek asko laudatu dute euren telebista programan. Errepikapena ote den zalantzan oheratu naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.