Albistea entzun

HITZ ETZANAK

Esaldia

Andoni Egaña -

2021eko martxoak 7

Ezarri zizkiguten ordutegiak ezarri zizkigutenetik, bidaiatzea edo udalerria uztea debekatu zigutenetik, eskola-kirola bertan behera geratu zenetik… bestelako irtenbide gutxi geratzen zitzaigun, eta trumilka jo dugu mendira. Bakoitza bere ingurukoekin eta bere inguruko mendietara, jakina. Hotsa zabaldu zen, mendiek gobernuari tabernak zabal zitzan eskatu ote zioten…

Pandemia garaian bota den esaldirik burutsuenetakoa irakurri nion joan zen ostiralez egunkari honetan Igor Lasa, Gipuzkoako Mendizale Federazioko koordinatzaileari: «Hiriko ohiturak naturara eraman ordez, mendizaletasunaren ohiturak erakutsi behar zaizkio hiriko jendeari». Hiritarrari adierazi behar zaio, mendira doanean ezin duela hirian balego bezala jokatu. Animaliak ez direla selfiak hornitzeko jostailu; atakak ate direla eta itxirik aurkitua itxita utzi behar dela; leku oro ez dela aparkaleku; mendia ez dela kontainer erraldoi bat… Bueltan, hobe luke hirian mendian ikasitako ohitura eta jarrerak erabiliko balitu: diosala egin aurrez aurre datorrenari, dena dela; jateko eta edatekoak guztien artean banatu; ez utzi sekula bakarrik atzeratuta geratu dena…

Batean ikasia bestean eginez, eta bestean ikasia batean eginez, munduari irauli galanta emango genioke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.