andoni egana
HITZ ETZANAK

Plastifikatua

2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Ordu erdiz itxaron behar izan zuen, zutik eta kaleko hotzetan. Bakarra izango zela pentsatuta joan, eta ezustean harrapatu zuen ilara luzeak.

Disgusto handia izan baitzuen bezperan. Bere betiko tabernan ez zioten sartzen utzi. COVID ziurtagiria eskatu zioten. Adarra jotzen ari zitzaizkiola pentsatu zuen hasieran. Segituan ohartu zen serio ari zela zerbitzaria. Ze ziurtagiri? Ba ez zekien ba, hiru aldiz txertatuta zegoela? Txertaketa bakoitzaren ondoren taberna hartaraxe joan eta zerbitzari harixe kontatu zizkion ziztatzekoaren gorabeherak! Hirurogei urtetik gora zeramatzan toki berera joanez. Eta orain sarrera galarazi! Nori, eta berari. Bera zen bezeroetan ardoari ardo deitzen segitzen zuen bakarretakoa, oraingo «vinito» mielka horretatik urrun, oso urrun.

Ordu erdiz itxaron ondoren, alai irten zen paper-dendatik. Berak horixe nahi zuen. Paperean eta plastifikatua. Praken atzeko patrikan ibiliko zuen -eskueran, kartera zabaltzen ibili beharrik gabe-erabat ximurtu eta horitu arte. Harro erakutsi zion zerbitzariari. Eta «migrante digitala» deitu zion, asko zekiela uste zuen arren, teknologiaren lurraldera ondo kostata iritsi berria zelako, eta ez zelako oraindik berak uste bezain ongi egokitu lur berrira. Ardoa eskatu zuen, duin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.