andoni egana
HITZ ETZANAK

Bakoitzarena

2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Ume ginela, baloiaren jabetza anai-arreben artean banatu beharreko zerbait zenean, edo bizikleta izter-lehengusuari txiki geratu arte eskuratzeko modurik ez zenuenean, norberarena eta norberarena bakarrik zen zerbait eduki ahal izatea gauza handia zen. Eta erlijio katolikoa azti ibili zen bere eskaintza luzatzeko garaian. Aingeru Guardako bana eskaini zigun. Aingeru bat, zaintzailea, —begiralea ere bai, eta horrek ez zuen halako graziarik egiten— bakoitzarentzat. Pagotxa.

Martxoaren lehenarekin ospatzen da Aingeru Guardakoaren eguna. Fededunei ez zaie berehalakoan oharkabean pasatuko; ez garenok ere onartu beharra daukagu euskal usadioan oso sustraituriko eguna dela. Badira gure herrialdeetan hainbat ermita berari eskainiak…

Gu, Donostiako Aingeru Guardan —Ibaetatik gora, Usurbil aldera, muino batean— izaten gara gaurko egunez bertsotan. Bestelako Donostia bat da hura, Metroka neurtu ordez mendeka neur daitekeena. Han, Urreizti-gain izeneko baserria zegoen lehen ere ermitari itsatsia. Bigarren karlistadan, Aingeru Guardakoaren irudiari zerbait gertatuko ote zitzaion beldurrez, auzoko baserritarrak ermitatik hartu eta etxean gorde zuen toki seguru batean. Ez zen edozein Aingeru Guardakoaren aingeru guardakoa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.