andoni egana
HITZ ETZANAK

Txandaka

2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Hilerrietan, lore-sortei baino gehiago begiratzen diet hilarriei. Asko ikasten da hilarrietako hitzei begira. Esaldi bakarrak esanahi handia hartzen du harritan zizelkaturik. Buelta bat eman dut gaur kanposantuan esaera politen bila…

Mario Moreno Cantinflas-en hilobikoa gustatu zait: «Joan dela dirudi, baina ez». Alexandro Handiarena ere ez da txarra: «Hobi hau aski du mundua gutxi zuenak». Martin Luther Kingena esanguratsua da: «Azkenean aske, aske azkenean. Eskerrak, Jainko ahalguztiduna! Aske naiz azkenean». Enrique Jardiel Poncelarenak egia bat bistarazten du: «Lausengu gorenen bila bazabiltzate, hil zaitezte». Apoloniako Diogenesenak giza izaera nabarmentzen du: «Ni hiltzean bota nazazue otsoetara. Ohitua nago lehendik». Jean Baptiste Poquelin Molière-renak hala dio: «Hemen datza Molière, aktoreen errege. Hildakoarena egiten ari da orain, eta bai ongi egin ere!».

Harrian zizelkatuak lortu ez duena lortu du, ordea, hilerriko sarreran zegoen txartel batek. Pandemia garaiotan hilerrirako sarrera ere txandaka egin izan da, jende pilaketa handirik ez sortzearren. Horixe zuen helburu txartelak. Baina jartzeko era, harrian zizelkatzeko modukoa da: «Ez gehiegi luzatu hilerriko egonaldia». Irribarrea loratu zait aspaldiko partez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.