andoni egana
HITZ ETZANAK

Elikadura

2021eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Azken urteotan edadetu bat baino gehiago sumatu izan dut marmarka, odoltxarturik. Betiko aurrezki-kutxara jotzen dute; betiko leihatilara; beti operazio igualtsuak egiten dituzte. Eta ernegatu egiten dira euren aurrezkiek zeinen txanpon gutxi eragiten duten ikusita. Sumindu, edozein huskeriagatik komisiotan hainbateko bat kentzen dietenean. Norbait adarra jotzen ari zaiela pentsatuz itzultzen dira beti etxera.

Orain, betiko aurrezki-kutxa horietako batetik eskaintza iritsi zaie. Elikaduran aditua den pertsona baten aholkularitza jartzen diete bezeroei euren esku. Doan emango dizkiete elikadura osasuntsurako aholkuak. Aitonak, txapela erantzi une batez, eta buruari hazka egin dio. Doan den oro apreziatzen badaki, gerra garaian ume izan zen eta. Baina eskaintza honek ez dio aparteko ilusiorik eragin. Makulua eta umorea dira bere bi heldulekuak etxera bidean. «Kartera mehea eramateko pertsona mehea aski dela esan nahi digute honekin». «Dirua egiten ez, baina zer jan geure kasa ere asmatzen genuen».

Sukaldeko granitozko enzimera gainean utzi du papertxoa. Gogoan du orain berrogeitaka urte zenbat kosta zitzaien hura ordaintzea. Amonari hala bota dio: «Dirua jaten digutenek geratzen zaigunarekin zer jan esango digute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.