Albistea entzun

Amaia Razkin. Mendi korrikalaria

«Oraindik gauza asko dauzkat ikasteko mendi lasterketetan»

Gutxi dira Euskal Herrian ultra distantzian aritzen diren emakume gazteak. Horietako bat da Amaia Razkin. Lau urte dira lehen aldiz dortsala jarri zuela: gutxinaka aurrerapausoak ematen ari da, eta aurtengo sasoirako ilusio handiarekin dago.

ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2021eko apirilak 27

Hamar egun igaro dira Amaia Razkinek (Uharte Arakil, Nafarroa, 1995) aurtengo mendi lasterketetako denboraldiari ekin zionetik. Almagitasen (Andaluzia, Espainia) jokatutako Espainiako Kopako lehen proban parte hartu zuen euskal selekzioarekin. Gogotsu bertaratu bazen ere, ez zuen egunik onena izan. Baina ez da azkar etsitzen duten horietakoa. Igandean Jaenen (Andaluzia, Espainia) jokatuko den Espainiako Txapelketan atera nahi du arantza.

Zer-nolako lasterketa izan zen Almagitasekoa?

20 kilometro eta +2000 metro zituen lasterketak, eta korrika egiteko ez zegoen eremu askorik, oso aldapatsua baitzen. Kontzentratuta joateko lasterketa zen, lasaitzeko aukerarik gabe. Egia esan, sufritu egingo nuela aurreikusten nuen, eta hala izan zen. Hasieratik lekuz kanpo ikusi nuen neure burua, eta luze egin zitzaidan. Aurreneko bost kilometroak nahiko eramangarriak izan ziren. Baina lehen igoera gogorra hasi zenean, konturatu nintzen ez nengoela eroso nengoen tokian. Urduri eta izututa sentitzen nintzen. Gainera, behar baino nekatuago nengoen, eta han hasi zen neure buruarekin borroka. Eroriko bat ere izan nuen. Etsita nengoen, eta handik aurrera desio nuen bakarra lasterketa amaitzea zen. Hainbat unetan, lasterketa bertan behera uzteko gogoa ere izan nuen. Hutsik sentitu nintzen, korrika egiteko gogorik gabe. Azkenean amaitu nuen, baina ezinean ibiltzea benetan tristea egin zitzaidan. Hurrengo egunak are eta gogorragoak egin zitzaizkidan. Ikasgai ederra izan zen.

Hainbeste denbora lehiatu gabe egon ondoren, arraroa egin zitzaizun zeure burua berriro ere lasterketa batean ikustea, ezta?

Egia esan, nahiz eta aspalditik nekien lasterketa hori jokatuko genuela, gaur egungo datuekin, bertan behera uzteko aukera zegoela ere bagenekien. Han egon arte ez nuen sinetsi lasterketa jokatu behar genuenik. Parte hartu nuen azkena 2019ko udan izan zen, Espainiako Ultra Txapelketan. Oso ezberdina izan zen, eta ordutik gauzak asko aldatu dira. Bi urteren ondoren, lasaiago egongo nintzen aurretik beste lasterketaren bat egin izan banu. Nahiago nuen distantzia laburragoa izatea, eta erosoago egongo nintzen beste leku batean.

Urte gutxi daramatzazu mendi lasterketetan. Nondik datorkizu mendirako zaletasuna?

Uharte Arakilen bizita, ez da harritzekoa mendia gustuko izatea. Alde batera begiratzen badugu, Beriain mendia daukagu, eta beste aldera begiratzen badugu, Aralarko mendilerroa ikusiko dugu. Etxean ez dut inor mendirako zaletasuna duenik, eta askotan esaten diet gurasoei ea nola den posible niri mendia hainbeste gustatzea! Gazteago nintzenean igeri egiten nuen, baina asteburuetan korrika egitera joaten nintzen errepidera. Pixkanaka, konturatu nintzen mendia hain gertu izanda askoz ere politagoa izango zela mendian ibiltzea.

Urte asko eman zenituen igeriketan?

Betidanik ibili naiz igerian. Altsasun [Nafarroa] entrenatzen nintzen, eta bertan bazen talde bat nahiko serio ibiltzen zena. Denera hamar urte igaro nituen. Halako batean, ni nintzen denetan helduena, eta uztea erabaki nuen.

Noiz hasi zinen mendian korrika egiten?

Lehen aipatu bezala, errepidean hasi nintzen lehenik. Inguruko herrietara joaten nintzen gehienbat, baina handik gutxira mendian hasi nintzen. Pixkanaka distantziak luzatuz joan nintzen, baina helburu jakinik gabe, egia esan. Mendiak askatasuna eta bakardadea eskaintzen zizkidan, eta edonon ezin dira aurkitu bi gauza horiek.

Gogoan al duzu mendian egin zenuen lehen lasterketa?

Bai, nola ez ba! 2017an izan zen, Iratiko basoan jokatzen zen Irati Trail lasterketan. Betidanik nuen Iratiko basoa ezagutzeko nahia. Etxetik ez zait hain gertu geratzen, eta, inork eramaten ez ninduenez, hura ezagutzeko bertan jokatzen zen lasterketan izena ematea erabaki nuen. Lagunei aipatu nien ea baten bat animatzen zen bertara joaten. Batzuk animatu ziren, eta hara joan ginen. Hogei kilometroko lasterketa zen, eta hamargarren kilometrorako jada ezinean nengoen. Izugarri sufritu nuen! Helmugan, hamargarren sailkatu nintzen emakumeen artean.

Mendi lasterketekin kateatuta gelditu al zinen?

Baietz esango nuke! Urte berean, Uharteko jendeak Beriaingo bertikala egitera animatu ninduen. Korrika jarraitu nuen mendian, eta berriro ere Irati Trailen eman nuen izena. Urtebetean zenbat hobetu nuen jakin nahi nuen, eta bertara joan nintzen. Aurreko urtearekin alderatuta, oso lasterketa ezberdina izan zen. 26 minutu gutxiago behar izan nituen proba amaitzeko, eta lehena izan nintzen. Espero ez nuen emaitza lortu nuen. Ez zen hain gaizki atera [barrezka].

Hogei kilometro inguruko distantzian ibiltzeari utzi, eta ultra distantzian hasi zinen 2019an. Nolatan?

2018ko irailean Zurichera [Suitza] joan nintzen lanera, eta bitartean alemana eta ingelesa ikasteko asmoa nuen. Urte sabatiko baten antzekoa hartu nahi nuen, banekielako behin Euskal Herrian lana aurkituz gero ziurrenik ez nintzela berriro ere joango. Behin Zurichen, asteburuetan, trena hartu, eta inguruko mendietan ibiltzeko aprobetxatzen nuen. Hasieran ekainera arte nintzen han geratzekoa, baina abenduan etxera itzuli behar izan nuen. Berriro etxera bueltatu nintzenean, Leitzako [Nafarroa] Euskal Herria Mendi Erronkan eman nuen izena [66 kilometro eta +3600 metro]. Etxetik gertuko lasterketa bat zen, eta inguruko txoko ezberdinak ezagutzeko aukera paregabea zen niretzat. Ez nintzen oso kontziente egin behar nuen distantziaz, baina, entrenatzeko denbora soberan nuenez, parte hartzea erabaki nuen. Ez nekien ondo edo gaizki aterako zen, baina entrenatzen jarraitzeko motibazio bat neukan.

Zer oroitzapen daukazu lasterketa hartaz?

Oso ondo pasatu nuen! Lagunak une oro inguruan izan nituen, eta haiekin partekatu nituen lasterketako une asko. Haien animoak jasotzea garrantzitsua izan zen niretzat. Baina ezin dut ukatu miseria batzuk ere pasatu nituela! Euri asko egin zuen, eta asko ikasi nuen, baita gozatu ere. Laugarren amaitu nuen. Ezustea izan zen niretzat.

Handik gutxira, mendi lasterketako euskal selekzioaren deia jaso zenuen Espainiako Ultra Txapelketan parte hartzeko. Nola hartu zenuen?

Bai, hala izan zen. Ordura arte ez nengoen federatuta, eta Leitzako lasterketaren aitzakian egin nuen. Uharteko Aralar Mendi Elkartearekin izena emanda egon arren, euskal federaziotik deitu ninduten. Gauzak aldatzea tokatu zitzaidan ordutik aurrera. Somiedora [Asturias, Espainia] joateko aukera izan nuen. Proposamenari buelta batzuk eman nizkion arren, joateko hautua egin nuen. Gaizka Barañano hautatzaileak ez ninduen batere presionatu. Hara joateko, bolumena pixka bat handitzea eskatu zidan bakarrik. Bertan, izugarri gozatu nuen estreinakoan. Mayi Mujika eta Leire Martinez ere taldean ziren, besteak beste. Taldeka txapeldun izan ginen, eta nik laugarren amaitu nuen. Ezin nuen gehiago eskatu.

Nafarroako selekziotik ez al zizuten deitu lehenago?

Ez, ez nuen haien deirik jaso. Egia da ordura arte oso lasterketa gutxi egindakoa nintzela.

Ultra distantzian zer egiten zaizu gogorrena?

Ez nuke jakingo zer esan. Ultra distantziak lasaitasuna ematen dit batez ere. Denborek ez dute hainbesteko garrantzirik. Edozein unetan bi minutu galduta ere, beti duzu aukera tartea berreskuratzeko. Lasterketa motzetan, aldiz, bi minutu mundu bat izaten da. Proba gehienetako lehen kilometroetan nahiko atzean ibiltzen naiz beti, eta, kilometroak aurrera joan ahala, konfiantza hartzen dut, eta erosoago sentitzen naiz. Agian, okerrena zera da: hainbeste ordu eta gero, buruari buelta asko ematen dizkiodala.

Selekzioan estreinakoa egin eta gero, 2020ak behar zuen zure urtea, baina pandemiagatik denboraldia bertan behera gelditu zen. Zer asmo zenituen denboraldirako?

Iaz, Goierriko Bi Handietan parte hartzea zen asmoa. Aurretik, Nafarroa Xtreme [Zubiri, 68 kilometro eta +4000 metro] egin nahi nuen. Halere, selekzioaren deia jaso nuenean, azken horretan ez parte hartzea erabaki nuen. Gero, Espainiako Txapelketa eta Espainiako Kopa jokatu behar nituen. Baina, pandemia tarteko, azkenean ez nuen lasterketarik jokatu.

Aurten, berriz, Espainiako Kopan arituko zara hasteko. Zer egutegi duzu aurten?

Aipatu bezala, Espainiako Kopako bost lasterketak egiteko asmoa daukat. Horretaz gain, Espainiako Lineako Txapelketan eta Ultra Txapelketan aritu nahi dut.

Euskal selekzioan korritzeak errespetua ematen al du?

Bai, handia.

Mendi lasterketetan emakumeen parte hartzearen gaia beti izan da hizketagai. Gaur egun, nola ikusten duzu emakumeen maila?

Adibide bat jarriko dut. Sevillan [Espainia] jokatu berri dugun Espainiako Kopako lasterketan, parte hartu genuen 250 korrikalarietatik, 50 bakarrik ginen emakumeak. Mendian korrika emakume asko ikusten da, baina lasterketetara joateko errespetu handiegia dagoela esango nuke. Iruditzen zait emakumeoi lasterketetarako jauzia ematea gehiago kostatzen zaigula gizonekin alderatuz. Badirudi emakumea izanda oso ona izan behar duzula lasterketa batean izena emateko, eta hori ez da horrela.

Gaur egun nola ari zara entrenatzen?

Jokin Lizeagak bidaltzen dizkit entrenamenduak. Egia da orain artean nire kasa ibili izan naizela, eta orain gauza zehatzagoak entrenatzen ditudala. Esperientzia asko duen entrenatzailea da Jokin, eta, orain arte behintzat, oso entrenamendu eramangarriak prestatzen dizkit. Astebarruan bost entrenamendu egiten ditut. Orain arte ez nituen halako seriotasunarekin egiten, eta errepidean ere oso gutxi ibiltzen nintzen, esaterako. Orain, berriz, bi gauza horiek egiten ere banabil. Askotan, eguraldiagatik, ez nintzen atera ere egingo, baina entrenamendu zehatz bat izateak ateratzera bultzatzen nau. Astebarruan Oiartzunen [Gipuzkoa] daukat bizitokia, eta beti bakarrik joaten naiz entrenatzera. Aiako Harrietan eta Oiartzungo bidegorrian entrenatu ohi naiz. Asteburuetan berriro ere etxera itzultzen naiz.

Zer espero duzu aurtengo denboraldiaz? Baduzu lasterketaren bat begiz jota?

Ikasteko urtea izango dela argi daukat. Lasterketetara ez noa postu jakin bat lortzera edo denbora jakin bat egitera. Oraindik dena ikasteko daukat: esaterako, jaitsierak. Gainera, elikaduraren kontua ere ez daramat batere ondo. Oraindik oso gaztea naiz, eta, aurten behintzat, hori izango da helburu nagusia: ahalik eta gehien ikastea.

Munduko Kopan lehiatzea gustatuko al litzaizuke denboraldi honetan?

Ez, hori aurreragorako utziko dut. Hasi berria naiz honetan, eta ez daukat inolako presarik. Egunen batean bertan lehiatzeko aukera sortzen bazait, saiatuko naiz joaten, baina ez daukat horrekin itsutzeko asmorik. Aipatu bezala, asko dut ikasteko eta hobetzeko oraindik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Puntu bat gertuago du helburua

Eñaut Agirrebengoa

Alavesek sufritutako berdinketa lortu du Levanteren aurka, Joseluk azken unean sartutako gol bati esker. Aurretik jarri da lehen zatian, baina alferrik galdu du errenta

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Mikelekin irabazi nahi dugu Giroa; bera da kapitaina»

Eñaut Agirrebengoa

Gaur hasiko da Italiako Giroa, Turinen, eta konfiantzaz helduko dio Bilbaok. Mikel Landarentzat egingo du lan, bere aukerak erabat baztertu gabe: hasieran, bederen, aurrean egon nahi du.
Realeko hainbat jokalari Aritz Elustondok sartu zuen gola ospatzen, atzo, Anoetan. ©JON URBE / FOKU

Klarionaren puntuak

Jon Ander De la Hoz

Realak Elx garaitu du, eta bosgarren postuari lotu da. Jokalari bat gehiagorekin arituta, bigarren zatian lortu ditu partidako bi golak

Nekane Teres. ©GORKA RUBIO / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Unai Ugartemendia

Informazio osagarria