andoni egana
HITZ ETZANAK

Maisua

2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Egunotan bete dira laurogeita zortzi urte bi umeri Ezkion Ama Birjina azaldu zitzaienetik. Nire helburua ez da egia eta sineskeriaren arteko mugak ezartzea. Nola ba! Ama Birjina azaldu omen zen lekuan orain Abiadura Handiko Trenaren geltoki bat prestatu dute eta tren hori bera ere ez dakit ez den azalpen gehiago beharko lukeen aparizio langar artekoa.

Duela hamazortzi urte Manuel Gutierrez Aragón zinemagile kantabriarrak Visionariosfilma estreinatu zuen. Ezkioko Ama Birjina azaldu zen garaiko testuinguruan kokatzen gaitu. Espainiako Bigarren Errepublika sortu berria, Lizarrako Estatutua, orduko Euskal Herria... Fanatismoaren aurkako jarduera burutu nahi izan omen zuen. Baina filmean, herriko maisu zena —Epifanio Romero zuen grazia— herritar anonimoek hil egiten dutela azaltzen da, errepublikar legeen aldekoa eta maketoa zelako. Gehitxo. Ez baitzen, hurrik ere, hala gertatu. Maisu izanaren alabak berak aitortu zuen aita ez ziotela hil, herria utzi egin behar izan zuela baina frankisten presiopean.

Fikzioa eta historiaren arteko bidegurutzeak beti dira arriskutsuak. Erraza da nahieran paperean norbait hiltzea. Errazegia. Errelatoa hainbeste aldiz aipatzen den honetan ez genuke hori burutik kendu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.