KRITIKA. Musika

Xehetasunen garrantzia

2020ko otsailaren 1a
00:00
Entzun

EuskadikoOrkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Robert Treviño. Mezzosopranoa: Jennifer Johnston. Tenorra: Corby Welch. Egitaraua: M. Ravelen Une barque sur l'océan eta La Valse, G. Mahlerren Lurraren abestia. Lekua: Donostiako Kursaal Auditoriuma. Eguna: Urtarrilak 29.

Ricardo Viñes piano jotzaileak, XX. mende hasierako musika abangoardien interpretazioan erreferente izan zenak, eman zuen lehen aldiz Maurice Ravelen Miroirs izeneko suitea. Suite horren hirugarren pieza, Une barque sur l'océan, berehala orkestratu zuen Ravelek. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak argi aldaketa sotilez hornitu zituen Ziburuko maisuak arpegioz eta melodia bigunez marrazten dituen itsaslasterrak. Tinbre desberdinen jolasean, soken koloreak eta malgutasunak gidatu zuten txalupa.

Motzegia izan zen lehen zatia osatzeko, 1919. eta 1929. urteen artean konposatutako La Valse poema koreografikoa eskaini zen. Ñabarduraz betetako pasarteak eskaini zituen EOSek, hasierako izaera dantzaritik Ravelek bals erritmo desberdinen nahasketarekin lortutako zurrunbilora. Johann Straussek irudikatutako tradizioari Ravelek egindako iseka horretan, Treviño bereziki eroso zegoela zirudien: tempo fina mantenduz, soinu-anabasan iparrorratz.

G. Mahler krisi sakonean murgilduta zegoen Lurraren abestia konposatu zuenean, eta, hala ere, «bizitzarekiko maitasun berri eta bizia» sentitzen zuela idatzi zion Bruno Walterri. Izan ere, obra hori bizitzaren eta edertasunaren abestia ere bada. Testuak Flauta txinatarra olerki sortatik abiatuz, eskala pentatonikoaren etengabeko erabilerak musikari eite berezia ematen dio. Haatik, musikarien eta bakarlarien artean desoreka nagusitu zen Kursaalean, batez ere hasierako Das Trinklied von Jammer der Erde-n. Corby Welch tenorrak indar handiko ahotsa duela zalantzaz kanpo dago, baina tesituraren araberako kolore aldaketak eta emisio zurruna antzeman zitzaizkion, hala nola Von der Jugend mugimenduaren garapenean. Jennifer Johnstonek soinu aberatsa, dotorezia eta sentiberatasuna eskaini zituen une oro, Von der Schönheit abestian orkestrak kontrolik eza zela-eta zailtasunak aurkeztu bazizkion ere. Bukaerako Der Abschied luzean, aurretiko ezegonkortasuna baretu egin zen, eta flauta eta oboe solisten parte hartze akasgabeak gauaren unerik hunkigarriena bihurtu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.