Piztu dituzte berriro suak

Elkarte gastronomikoek ateak itxi behar izan zituzten udazkenean, eta duela aste gutxi hasi dira apurka zabaltzen. Ohiko talde handiak eta lehengo giroa urrun badaude ere, egungo egoeran, murrizketei egokituta baina gogotsu itzuli dira bazkideak zartagin eta eltze artera.

Gargantua. Mikel Torre elkarteko bazkidea, lagun batekin sukaldean. MONIKA DEL VALLE / @FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
Donostia
2021eko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Astelehena, arratsaldeko zortziak. Afari meriendarako ordua. Sukaldean kinki-kanka, aulki bat arrastan, kortxoa botilaren lepotik aske, edalontzien topa, barre algara ozenak: elkarte bateko irudi ohikoa izan liteke hori. Gaurkoa, ordea, arrunt ezberdina da. Isiltasuna eta garbiketa produktuen usaina arnasten dira Donostiako Txirain elkartean.

Azkar apurtu dute isiltasuna, ordea, haurren oihu eta algarek. Txikiekin etorri dira Ion Areso eta Uxue Aranburu bazkideak. Arratseko neke energetikoarekin daude biak, eta emozioz hasi dira armairu guztiak zabaltzen. «Non daude edalontziak?», galdetu du argazkilariak, eta bixi-bixi ireki du dagokion atea zaharrenak. Ezagun du tokia, eta hala erakutsi nahi du. Txikienari arrotz egingo zaio ingurua, ziurrenik ez du gogoan izango han izan zen azken aldia; besoetako haurra izango zen.

Atea zabaldu, eta hirugarren lagun bat sartu da. Martin Iraola da, elkarteko presidentea. Maskara jantzita daramate guztiek. Pandemian hain ohiko bihurtu diren elementuak ez dira falta: ixa formako zinta zuri-gorriak mahaien gainean, gel potoak eta eskularruak. Elkarte batean ohikoagoak direnak ere hor daude: ardo kaxa hutsak, bodega beteak eta izozkien hozkailua, hutsik hori ere. Argazkiak egin, eta mahai baten bueltan eseri dira.

Ez dabil inor gehiago elkartean —elkarrizketa egin zenean itxita zegoen oraindik—. Eusko Jaurlaritzak lehenago irekitzeko baimena eman zuen arren, hilaren 1ean zabaldu zituzten ateak, bazkide guztien artean hartu nahi izan baitzuten erabakia. Zuhurtziaz mintzo da Iraola: «Orain ikusiko beharko da zer gertatzen den; ea arazorik sortzen den».

Ohiko iruditik urrun

Agindua eman zenetik martxan hasi diren arte, tarte bat hartu dute Txiraingoek, eta neurri guztiak ondo zehaztuak utzi dituzte. Ez dute ezustekorik nahi. Konfiantzazko toki seguru bat sortzea dute lehentasuna. Agintariek ezarritako neurriei jarraituz, edukiera erdira dute mugatuta, eta erabili nahi duen bazkide orok erreserba egin beharko du aldez aurretik. Lehendik erreserbekin funtzionatu badute ere, orain derrigorrezkoa izango da. Amaitu dira, beraz, bokata bat hartu eta afaltzeko plan inprobisatuak.

Baina harago ere joan dira irizpideak ezartzeko orduan. Jatorduak egiteko ordutegiak ezarri dituzte: bazkalordua 11:00etatik 18:00etara izango da, eta afalordua, 20:00etatik 02:00etara. Gainerako tarteetan itxita egongo da elkartea, garbitzailearen laneko txandak izango baitira. «Bermatu nahi dugu garbitzaileak inguru seguru batean lan egitea; beraz, hura lanean dagoenean ez da inor egongo. Hala, bazkaltzera eta afaltzera etortzean, elkartea garbi egongo da», azaldu du Aranburuk. Barruan egoteko protokoloak ere zorrotzak dira. Sukaldean mahaiko pertsona bakarra aritu ahal izango da, eta beste guztiek eserita eta maskara jantzita egon beharko dute.

Antzeko neurriak hartu dituzte Bilboko Gargantua elkartean ere. Udan ezarri zituzten neurriak, eta haiek mantentzea erabaki dute: sukaldean pertsona bakarra ariko da; besteek eserita egon beharko dute, eta hainbat gauza ezingo dira erabili: barra, esaterako. Bi aste daramatzate zabalik, eta jendea gogotsu nabaritu du Mikel Torre bazkideak: «Asteko egun guztietan ibili da jendea erreserbak egiten. Mugimendu handia egon da. Oso gogotsu geunden».

Jakitun dago, baina, egoera ez-ohikoa dela. Dagoeneko izan dute bertan behera geratu den erreserbarik, koronabirus kasuren baten ondorioz, eta udan halakoak maiz gertatuko direlakoan dago Torre: «Ilusio handiarekin saiatu gara bueltatzen, baina lehenengo hilabeteak ziurgabetasunez beteak izango dira».

Bide beretik jo dute Baleak elkarteko kideek ere. Hendaian (Lapurdi) dute elkartea, eta haiek ere zabalik daude ekainaren amaieratik. Edukiera erdira murriztu behar izan dute, eta ohikoa den COVIDaren aurkako protokoloa ezarri: tokia aireztatu, gela eta maskara erabili, eta mahaietan distantzia mantentzeko pegatinak jarri. Neurriak neurri, poz handia sentitu dute jendea berriz elkartzen ari dela eta gauzak martxan hasi direla ikusita. Haritz Larrañaga bazkideak, halere, esan du jendea oraindik ere tentuz dabilela, eta mesfidantza nabari dela.

Kulturaren hariari eutsiz

Baleak-ekoen jarduna ez da erabat eten azken hilabeteetan. Elkarte gastronomikoa izateaz gain, kultur elkartea ere bada. Frantziako Gobernuak azaroan eten zuen kultur jarduera oro, eta maiatzera arte ez ditu neurriak arindu, baina elkartekideek ahal zuten heinean eutsi diote ate barruko lanari. «Bilerak egiten jarraitu genuen. Nahiz eta elkartea itxita egon, garrantzitsua iruditzen zitzaigun irekitzen zutenerako zerbait izatea», azaldu du Larrañagak. Ireki berritan, izan dituzte hainbat ekitaldi, besteak beste, bertso bazkariak eta pintxo-poteak. Azkena, ostiralean.

Kultur arloan geratu gabe ibili dira Zaldiko Maldikoko kideak ere. Iruñean du egoitza euskara elkarteak, eta pandemian jarraitu dute hainbat ekitaldi egiten. Elkarte gastronomikoa duela sei bat aste zabaldu zuten. Nafarroako Gobernuak baimena eman eta egun gutxira, martxan ziren dagoeneko. Hasierako balantzean, zuhurtzia nabarmendu du elkarteko presidente Sergio Barandiaranek. Mugimendua nabaritu duten arren, uste baino apalagoa izan da, jendearen artean oraindik «mesfidantza» nabari baita toki itxietara sartzeko. Edukieran eta funtzionamenduan zorrotz ari dira, eta, beraz, hitzordua derrigorrezkoa da elkartea erabili ahal izateko. Urteko egunik berezienak heldu dira, eta, aurten San Fermin festarik egongo ez den arren, kaleak jendez betetzea aurrikusten da. Horregatik, Zaldiko Maldikokoek neurriak indartu dituzte egun horietarako: egunez bakarrik irekiko dute elkartea, hamaiketakoak eta bazkariak egiteko; gauetan itxita egongo da.

Hilabete luzeak igaro dira elkarteek ateak giltzaz itxi eta berriro zabaldu zituzten arte. Nafarroan izan ziren aurrenak. Gobernuak maiatzaren amaieran eman zuen irekitzeko baimena. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herrian, berriz, ekainaren amaierara arte itxaron behar izan dute. Egun askoz izan dute jarduna etenda, baina gastu batzuk ez dira desagertu. Lokalen alokairuak, argia, eta, batzuen kasuan, langileen soldatak ordaintzeko, ez da etenaldirik izan, eta batzuek zuloa igarri dute kontu korrontean.

Gargantua elkartean, galerak izan dituzte. Elkartean garbitzaile bat dute, eta haren soldata ordaintzen jarraitu dute itxita egon denetan ere. Hori horrela, ez da nahikoa izan hogei bazkideek ordaintzen duten hilabeteko kuota, eta 100 euroko gehigarria jarri behar izan du bakoitzak. Hala ere, hori nahikoa ez, eta 4.000 euroko galera izan dutela azaldu du Torrek: «Bagenituen aurrezki batzuk, eta guztiak joan egin dira».

Baleak-eko bazkideen kasuan, ez zaie tokatu beren poltsikotik diru gehiago jartzea. Oihana Luzarreta diruzainaren hitzetan, aurrezturik zuten diruari esker egin ahal izan diote aurre egoerari. Alabaina, hainbat jardueraren bitartez dirua berreskuratzea espero dute, «urtea orekatzeko». Galera handirik izan gabe eutsi diote Zaldiko Maldikon ere, beste urteetako irabazirik izan ez duten arren. «Bazkideek kuoten bitartez eman duten sostenguarekin, nahiko duin mantendu gara», dio Barandiaranek. Halaber, diru iturri esanguratsua izan ohi dira festak, eta hori nabarituko dute.

Kuotekin eutsi ahal izan diote Txirainen ere. Langileak aldi baterako erregulazioan izan dituzte, eta ez dira larri ibili gastuei aurre egiteko. Irekierakin etorri zaizkie, ordea, ordaindu beharrak: hutsik zegoen stocka bete behar izan dute, garbitzaileak lanera itzuli dira, eta diru sarrerak edukiarekin batera murriztu dira. Urte amaieran galera txiki bat izango dutela dio Aresok. Mahaiak atondu, suak piztu, eta kontuak egiteko sasoia heldu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.