Errusiako Munduko Kopa

Ingalaterrak eta Belgikak G multzoko lehen postua dute jokoan gaur

Julen Etxeberria.
2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Golak dira futbolaren gatza eta piperra. Bada, hori hala bada, Ingalaterrako eta Belgikako selekzioak ari dira jartzen gatza eta piperra Errusiako Munduko Kopan. Inork ez du haiek baino batez beste hoberik golak sartzeko egitekoan: zortzi gol sartu zituzte bi partidatan, hots, lau norgehiagokako. Tunisiak eta Panamak jaso dituzte haien astinduak: Ingelesek 1-2 irabazi diete tunisiarrei, eta 6-1 panamarrei; belgikarrek, berriz, 3-0 hartu dute mendean Erdialdeko Amerikako selekzioa eta 5-2 Afrikakoa.

Bi partidak irabazita, final-zortzirenetan dira Europako bi selekzioak. H multzoko lehen eta bigarren nor izango den bakarrik falta da argitzeko azken jardunaldian. Eta horretan erabakigarria izango da Ingalaterrak eta Belgikak gaur 20:00etan Kaliningranden jokatuko duten partidan. Ordu berean ariko dira Tunisia eta Panama, baina lehia horretan ezer gutxi dago jokoan sailkapenari dagokionez. Munduko Kopari garaipen batekin agur esan nahiko diote. Panamaren kasuan historikoa litzateke, lehena bailuke, estreinakoz ari baita. Tunisiak, berriz, duela 40 urte lortu zuen azkenekoa eta bakarra.

Gaur-gaurkoz, ingelesak daude belgikarren gainetik sailkapenean, txartel hori bat gutxiago atera baitiete. Aintzat hartzeko kontua da txartelena, bi selekziok gaur berdinduz gero, horri erreparatuko baitzaio lehenbizi. Orain arte, hiru txartel atera dizkiote Belgikari, eta bi Ingalaterrari.

Aldaketak bi selekzioetan

Gaurko partidak txapelketan gol gehien sartu dituzten aurrelarien arteko lehia izan beharko luke, Harry Kane batetik, eta Romelu Lukaku bestetik. Bost eta lau gol sartu dituzte lehen bi neurketatan. Halere, ikusteko dago ea gaur biak ariko diren. Kanek ia ziur jokatuko du. Lukakuk, ordea, baliteke atseden hartzea, mina izan baitu orkatilan. Roberto Martinez Belgikako hautatzaileak aurreratu du aldaketa dezente egingo dituela. Litekeena da Thomas Meunier eta Kevin de Bruynek ez aritzea, txartel bat baitute jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.