andoni egana
HITZ ETZANAK

Kalera

2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Ostiraleko argi orduak amaitu dira, eta ez dut oraindik ere kalerik jo. Ez dut oraindik kanpokoaren berririk. Ez dakit paparrean txapa daraman asko dabilen atarian. Ez dakit txapa urrun samarretik ikusteko gai izango naizen. Ez dakit ahobiziak edo belarriprestak diren jakiteko zenbat hurbildu beharko dudan jendearengana. Ez dakit txapa eskuratu dutenetarik zenbatek lotsaz edo alferrez sakelan daramaten oraindik.

Bost-sei telefono dei eta lerro mordo bat izan da orain artean izan dudan harremana. Eta ohartu naiz ez dudala eskas sentitzen euskara. Egun osoa daramat euskaraz. Gehien-gehiena neure buruarekin. Neure buruari zerbait gogoraraziz, animoak emanez, errieta eginez tarteka… Aspalditxo jabetu nintzen horretaz. Erdaldunen artean igarotako egunetan ere —soldaduskan edo bidaiaren batean edo— euskaraz aski eta asko eginda oheratzen nintzen. Geure buruarekin izugarri hitz egiten dugu ama-hizkuntzan. Nik behintzat bai, eta zuek ere hor nonbait.

Baina neure buruarekin hitz egiteko ere hizkuntza zorroztua behar dut, pentsamendurik korapilatuenak ere askatzen saiatzeko modukoa. Eta hizkuntza erabilerak zorrozten dit. Eta erabilera solaskideak bermatu eta berritzen. Kalera noa, ikusminez, ahalik eta ahobiziena izateko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.