Ezkutuko obusak ere arrisku

Langile batzuek obus bat aurkitu zuten duela bi aste Legution, eta Ertzaintzak leherrarazi egin zuen. Izan ere, larrialdi zerbitzuetara deitu behar da horrelakoetan, eta aurkitutakoaren berri eman. Gehienak 36ko gerrakoak dira, eta oraindik aktibatuta egoten dira; beraz, adituen arabera, arriskutsuak izan daitezke.

Obusa. Ertzaintzako LIU unitateko kideek Legution (Araba) leherrarazi zuten obus bat. BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Ezkutuan egoten dira sarritan obusak, urteen poderioz eremu batean pilatutako lurraren azpian gordeta, noizbait norbaitek aurkituko dituelakoan. Posible da era horretako lehergailuak karrika bazter batean egiten dabiltzan obretan agertzea, soro zabaletan eta mendi magalen batean, besteak beste. Hala ere, garai batean gatazka gune izandako lekuetan ageri dira, batik bat, hala nola 36ko gerrarekin lotura duten horietan. Baina arriskutsuak dira oraindik ere, urte luzez iraun dutelako aktibatuta. Azkenekoz, Legution (Araba) aurkitu zuten bat; lehertu gabeko artilleria jaurtigai bat zen: 155 milimetroko kalibrea zuen, 630 milimetro luze zen, eta 44,5 kilo pisatzen zuen. Gehienetan, ordea, ez da jakinekoa zer egin behar den horrelakoren bat aurkituz gero.

Protokoloaren berri eman du Jose Fernandez Ertzaintzako LIU Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko kideak. «Baten batek obus bat edo bestelako arma militarren bat aurkitzen badu, 112ra deitu behar du; aurkitutako hori lekuan bertan utzi behar da, inongo manipulaziorik egin gabe, eta unitateko kideek aztertuko dute zer egin».

Hain zuzen, protokolo hori Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bete beharrekoa da, baina, oro har, Euskal Herriko beste lurraldeetan ere horiek dira eman beharreko pausoak. Nafarroan, lurraldeko gobernuak jakinarazi duenez, lehergailu horien kudeaketa ez dagokio berari, eta Espainiako Poliziako eta Guardia Zibileko espezialistak aritzen dira zeregin horretan. Ipar Euskal Herrian, berriz, norbaitek obusen bat aurkituz gero, Baionako suprefeturak zentralizatzen ditu partikularren deiak, eta desaktibatze zerbitzua abiarazten du jendarmeekin batera.

Hobe leherrarazi

Euskal Herrian, beraz, erakunde batek baino gehiagok dute lehergailuak kudeatzeko ardura, eta ez da erraza datu orokorrak lortzea. Gainera, Alberto Sardones Euskal Prospekzio Taldeko kideak jakinarazi du gehienetan obustzat hartzen direla lehergailuak, baina horien artean hainbat mota daudela: «Obus bat artillerian erabilitako munizioa da, baina badaude beste batzuk ere, hala nola abiazioan erabilitakoak eta mortero granadak; halere, oro har, dena azaltzen da obus moduan, arlo hori teknikoegia delako».

Beraz, hori gogoan izanda, eta Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian gutxienez 469 obus aurkitu dituzte orain arte, gehienak Bizkaian: guztira, 212 lehergailu bildu dituzte lurralde horretan.

Mota batekoa edo bestekoa izan, ordea, Fernandezek nabarmendu du erabakirik egokiena horiek leherraraztea dela: «Herritarren segurtasunerako baldintzak betez gero, komeni da lehergailua lekuan bertan suntsitzea; baina, ezin bada, toki seguruago batera lekualdatzen dugu han lehertzeko». Halakoetarako eremua Berroziko (Araba) Ertzaintzaren instalazioetan dago. «Gunea erabat kontrolatuta dago, baita hesituta ere; leherketak egiteko egokia da». Hala ere, erantsi du horrelako prozesuren bat egin behar izanez gero, arau batzuk bete behar dituztela; esaterako, lehergailuak garraiatzeko eskolta behar izaten dute.

Baina, leherrarazteaz gain, bada beste aukera bat ere: desaktibazioa. Hala ere, LIUko kideak azpimarratu du ez dela aukerarik onena: «Onura baino arrisku gehiago dakartza, eta hemen herritarren segurtasunak du garrantzia». Haren arabera, hainbatek halako materiala gorde nahi izaten dute; besteak beste, katalogatuta gelditu dadin eta erreferentzia historikoak egon daitezen, baina erantsi du hori leherrarazi aurreko dokumentazioetan ere egin daitekeela, hala nola argazkien eta datuen bidez. Are, azaldu du asko lehergailuak tratatzen saiatzen direla, hori egiten dakitela pentsatuta, baina horrek arriskua besterik ez dakarrela: «Lehergailu hauen benetako arriskua manipulazioan dago; hiltzeko sortu dira, guztiek dute karga leherkorra barnean, eta, beraz, arriskutsuak dira».

Errealitatea, ordea, urtez urte aldatuz joan da, eta orain hamarkada batzuk ez zegoen horretarako ia aukerarik. Juan Luis Arruabarrena Otxandiokoa da (Bizkaia), eta orduko bizipenak izan ditu gogoan. Gaztetako oroitzapenei tiraka, azaldu du behin obus bat aurkitu zutela: «Pinuak landatzen genbiltzan basoan, eta akorduan dut lagun batek obus bat aurkitu zuela; aitzurrarekin jo zuen lurra, eta kanpora irten zen. Ez dakit zenbat aldiz egingo nuen nik bide hori hor obus bat zegoela jakin gabe!». Haren arabera, lagun hori «kasualitatez» lehergailu teknikaria izan zen soldaduskan, eta, beraz, obusa desaktibatu zuen. «Guk, badaezpada, alde egin genuen haren ingurutik, baina bera lehergailua soltatzen gelditu zen, barruak kentzen gero txatarra moduan saltzeko».

Gehienak 36ko gerrakoak

Obus hori 36ko gerrakoa zela jakinarazi du Arruabarrenak, eta zehaztu du orduan «erraza» zela bonbak aurkitzea. «Gerraostean asko zeuden; esku bonbak ere baziren, eta mutikotan esku artean erabiltzen genituen, ez genekielako zer arrisku zuten ere, baina gero bazter batera bota, eta hortxe uzten genituen». Horrez gain, bestelako materiala ere aurkitzen zuten, hala nola balak, eta negozioa egiteko baliatzen zuten. «Punta eta bolbora kentzen genizkien, eta zakukadak betetzen genituen, ondoren herrian zegoen txatar biltzaile bati saltzeko». Are, erantsi du oraindik ere posible dela lehergailuren bat edo beste agertzea, inguruan «bonba ugari» daudelako, baina «ezkutuan».

Ez da harritzekoa horrelako materiala halako guneetan aurkitzea, eta gauza bera baieztatu du Sardonesek ere. Aranzadi zientzia elkartearen barnean dago haien taldea. Helburua milizianoen eta gudarien gorpuak lokalizatzea da; jardun horretan, batez ere 36ko gerran batailak eta borrokak egondako tokietara joan ohi dira, eta nahiz eta asmoa ez izan lehergailuak aurkitzea, aurkitu izan dituzte. «Lur mugimendu handiak dauden tokietan ager daitezke, obra batzuetan, esate baterako, baina, normalean, mendi edo leku jakin batzuetan pilatuta egoten dira, borroka oso gogorrak egon ziren tokietan».

Horren adibidetzat Legutio ingurua aipatu, eta azken aurkikuntzarekin lotura egin du, baina beste leku batzuk ere zerrendatu ditu. Bizkaian, adibidez, Saibigain mendia (Abadiño) eta Bilboko Burdin Hesia aipatu ditu, eta, Gipuzkoan, berriz, Intxorta (Elgeta) izan daiteke toki nabarmenetako bat.

Hala ere, Euskal Prospekzio Taldeko kideak nabarmendu du lehergailu bakoitzak ezaugarri ezberdinak dituela, eta, gainera, material hori guztia «inportatutakoa» izaten dela: «Jatorriz, izan daitezke Japoniakoak, Errusiakoak eta Alemaniakoak, adibidez, eta, beraz, aurkitzen ditugunean ezin dugu jakin arriskutsuak izan daitezkeen edo ez, baina, printzipioz, aktibatuta daude; horrelakoetan, larrialdietara deitzea da protokoloa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.