Ilusioaren 'koroabirusa'

Errege Magoek eta haien laguntzaileek herritarren gutunak jaso dituzte aurrena, eta desfileak egin dituzte gero Hego Euskal Herriko herri eta hiri askotan. Koronabirusak baldintzatutako eta mugatutako ekitaldiak izan dira, baina jendetza elkartu da guztietan, haurrak batez ere.

Gau Magikoa izeneko emanaldia egin zuten Bilbo Arenan, desfilearen ordez. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Joxerra Senar - Jakes Goikoetxea
Iruñea / Donostia
2022ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Lerro hauek irakurtzerako, Errege Magoek banatuak dituzte opariak, eta etxe askotan zabaldu dituzte jada. Haur askorentzat urduritasun gaua izan zen atzokoa, baina baita eguna ere, Errege Magoak ikusteko aukera izan baitzuten desfileetan edo ekitaldietan, eta eskatutako oparien gutuna eman baitzieten Erregeei edo haien laguntzaileei. Ohi bezala, miresmenez hartu zituzten Erregeak: koroabirusa, koronabirusaren garaian. Haurrak kutsatzen ditu batez ere.

Iruñeko desfile ofiziala goiz hasi zen, 16:00etan, Arga ibaiaren ertzean den Madalenako baratzeen eta zubiaren inguruan. Hilabete eskas lehenago urpean ziren bazter horietan oraindik ere antzematen ziren abenduaren 10eko uholdearen arrasto gutxi batzuk; baina lohia ez zen oztopo izan bertaratutako guraso eta haurren artean. Iaz bertan behera geratu eta gero, nabari zen ilusioa umeen artean. Minutu batzuetako atzerapenarekin, urduritasun uhin batek zeharkatu zituen 300 metro zabalean barreiatutako ilarak, Erdi Aroko zubiraino. «Badatoz, badatoz», ohartarazi zuen batek.

Lehenik, banderak zaramatzatenak zihoazen segizioan, ostean zaldunak, eta atzetik, haurren deiadarren artean, hiru protagonistak agertu ziren dromedarioen gainean. «Meltxoooorrr, Gaspaaaaar, Baltasaaaaar» iraunkor batek lagundu zituen hiru Errege Magoak ibilbidean barrena. Etengabe besoak astinduz eta agurtuz erantzun zieten iruindar txikienei, baina aurtengoan goxokirik jaurti gabe.

Zubia zeharkatuta, aintzina Iruñera igotzeko erabili ohi zen bide zaharretik, harresien magaleraino jarraitu zuen desfileak, Frantziako ateraino —Zumalakarregiren ate gisa ere ezaguna da—. Urtean behin baino ez dute ixten,Errege Magoen desfilearen unerik bitxienetako bat antzezteko.

Aurretik zihoazen zaldunek «erreinu zaharreko ateak itxita» zeudela abisua pasatzen zieten atzerago zihoazen Erregeei, eta horiek pasa egin behar dutela eskatu zuten. Zalaparta entzunda, atearen bestaldean zen ahots batek erantzun zien: «Zer dira deiadar horiek? Nor da? Jakin ezazue zubia ez dela irekiko bihar arte!». Mezulariak erregutu zien bidaiariak bazirela nor, gauean egin beharreko zeregin garrantzitsua zutela, eta ezin zutela «inondik ere» itxaron. Azalpenen aurrean, ireki zizkieten ateak. Antzezpen guztia gazteleraz egin zen.

Katedraleko kanpaiak joka eta umeen poz hotsen artean, ongietorria egin zioten segizioari. Alde Zaharreko kaleetan barrena aurrera egin zuen desfileak, jendetzaren artean. Antolatzaileek eta udalak esan zuten jende kopurua kontrolatuko zutela, baina Carmen kalea, Nabarreria, Mercaderes eta azkenik Udaletxe plazaren aurrealdea lepo zeuden. Maskara zeramaten ia denek. Behin udaletxean, esatariak ele bitan harrera egin zien Errege Magoei, baina, balkoira igota, mezuetan gaztelania izan zen jaun eta jabe. Baltasar erregeak haurrei eskatu zien «ikasteko eta zintzoak izateko». Atsedenaren ostean, 19:00etan jarraitu zuen. Ofizialaz gain, Iruñerriko auzo eta herrietan beste hainbat desfile egin zituzten Erregeek.

Donostian, Errege Magoen arratsaldeko desfilea izan zen eguneko ekitaldi ikusgarriena. Karrozetatik agurtu zituzten herritarrak Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek. Karroza distiratsuak eta exotikoak: flamenko erraldoiez inguratuta zegoen, esaterako, Meltxor.

Hala ere, desfilea baino gehiago, haur askok haren aurreko ekitaldia estimatu zuten: Erregeei gutunak ematekoa eta haiekin argazkia ateratzekoa, udaletxeko terrazan. COVID-19ak ezarritako muga eta maskara guztiekin bai, baina gertu, aurrez aurre.

Erregeak iritsi zirenerako ilara luzea zegoen Alderdi Ederreko tamarindoen artean. Ezertan hasi aurretik, Erregeek eta haien laguntzaileek udaltzainen oharrak jaso zituzten.

Desfilean ez zen gozokirik izan. Gutunak emateko ekitaldian, ez musurik, ez besarkadarik. Erregeen bostekoren bat baino ez. Eta argazkiak, argazkiak bertara joandako haur guztiekin, 15:30etik 18:00etara. Aulki erosoak jarri zizkieten, baina zutik egin zuten denbora gehiena.

Haurrak eta gurasoak alde batetik sartu; Erregeen haimara gerturatu; Erregeak agurtu; haien aurrean eseri —ez magalean—; argazkia atera; gutuna postontzian sartu: eta irteera beste aldetik. Ateratakoan, haur gehienek argazkiak erakusteko eskatzen zieten gurasoei, minutu batzuk lehenago bizi izandakoa nola betikotu zen jakin nahian.

«Urduri nago», aitortu zuen Mariana Sanchez 10 urteko neskatoak Erregeengana joan aurretik. Gaspar agurtu nahi zuen, haren errege kutuna. Erregeekin egon eta gero, jada ez zegoen urduri, hunkituta baizik, Gasparrek agindu baitzion hurrengo goizean etxean izango zuela eskatutako patinetea.

Julen Bengoetxea ere urduri zegoen. Patinetea ez, Realeko kamiseta eskatu zien Erregeei: «Mikel Oiartzabalena, bera baita gehien gustatzen zaidan jokalaria». Semea baino urduriago zegoen aita, ez Erregeak bertatik bertara ikusiko zituelako, baizik eta sakelakotik Espainiako Kopako Leganes-Reala partida entzuten ari zelako.

Gasteizen ere atzo arratsaldean egin zuten Errege Magoen desfilea. Bilbon ez. Olentzerorekin eta Mari Domingirekin bezala, udalak ikuskizun bat antolatu zuen haurrentzat; atzokoan, Arriaga antzokian egin beharrean, Bilbo Arenan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.