Argiak ezkutatzen duena

Nola ikusiko litzateke zerua gauez Iruñean argi kutsadurarik ez balego? Joanes Molinak simulazio bat egin du irudi batzuk muntatuta, 'Iruñea Lactea' proiektuaren bidez. Pirinioetako eta Arbaiungo zeru ilunetako izarrak paratu dizkie Nafarroako hiriburuan ateratako argazkiei.

San Frantzisko plazako ikuspegia, atzean ikastetxe publikoa duela, izarrez beterik. J. M. / I. L.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Gauez, Iruñeko Gazteluko plazako kioskoan jarri eta zerura begiratuz gero, ez da izarrik ageri. Ilargia bai, eta agian izar bakanen bat ere bai, baina ez da puntu dirdiratsuz jositako zeru beltzik ikusten. Hiriak sobera argitu ohi dira, karrikak agertuz eta zerua ezkutatuz. Baina zer gertatuko litzateke kaleko argiak itzaliko balira? Joanes Molina informatikariak Iruñea izartua erakutsi du argazkiak muntatuz: Iruñea Lactea proiektua da.

Ikusi gehiago: ARGAZKI BILDUMA: Iruñea Lactea proiektua

Arrotxapea auzoko Argako bidetik begiratuz gero, gainean Iruñeko Alde Zaharreko etxeak ikusten dira. Gainean, Esne Bidea. Noski, muntatze bat beharrezkoa da Esne Bidea Nafarroako hiriburutik ikusteko. Gaueko ibilaldi txiki bat aurkeztu du Molinak: Arga ibaiertzetik pasatu, Arrotxapetik Alde Zaharrera igo, eta San Lorentzo karrika, Mercaderes, Udaletxe plaza eta Gazteluko plaza, Foruen monumentua eta, azkenik, Planetarioa. Baita Ezkaba mendiko gaineko ikuspegia ere, argiak itzali dituen Iruñea azpian duela. «Zenbait jendek ez du ikusi argi kutsadurarik gabe gainean izango genukeena. Hirian egon liteke mendira joan ez den jendea, eta ez duena inoiz Esne Bidea ikusi», kontatu du Molinak.

Kezka horretatik abiatu zuen proiektua. «Erakutsi nahi nuen ikusi ez arren gure gainean duguna; eta, bidenabar, argi kutsadura zer den azaldu». Beraz, urtarrilean argazkiak egin zituen Iruñeko karriketan, gauez, oskarbi zegoela aprobetxatuta. Zeru izartsuen irudiak aldez aurretik bazituen, askotan joaten baita mendira izarrez gozatzera. Pirinioetan eta Arbaiunen (Nafarroa) udan ateratako ehun argazki baino gehiago zituen. Biak nahastuta lortu zuen argi kutsadurarik gabeko Iruñeko zerua erakustea.

Argazkiak ez dira guztiz zehatzak, baina bai errealistak. Molinak kontuan izan zuen Iruñeko argazkien norabidea: hegoaldera begiratu behar da Esne Bidea ikusteko; beraz, orientazioa kontuan hartu zuen, errealistak izan zitezen. «Ez dut denbora asko galdu irudia zehatz-mehatz geratu dadin; agian bi gradu mugituta egon liteke, baina hori ez da asko. Ez da erabat fina, baina orientazioa kontuan hartu dut». Beraz, errealistak egin nahi izan ditu argazkiak, nahiz eta horren ondorioz, batzuetan, argazkia ez den hain eder gelditu. «Niretzat ederrena Esne Bidea da, baina udaletxearen irudi bati ezin nion atzean Esne Bidea jarri, udaletxea iparraldean dagoelako».

Argi kutsadura

Molinak jendea animatu nahi du zerua ezagutzera. «Zorte handia dugu Iruñean, kilometro gutxira izarrak ikus ditzakegulako». Bestalde, argi kutsadurari buruz kontzientzia piztu nahi du argazkien bidez. «Argi kutsaduraren arazoa hobetu genezake; ez dugu inoiz izango zerua garbi-garbi, baina neurriak har daitezke», kontatu du. «Iruñean argi pila bat dugu; Pirinioetatik ikus daiteke hiriburuko argia».

Argi kutsadurari buruz askotan mintzatu dira Iruñeko Planetarioko kideak, eta egin dituzte kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpainak. Fernando Jauregi bertako astrofisikaria da. Iruñean argi gehiegi dagoela ohartarazi du. Gehiago edo gutxiago, norekin alderatuta: «Espainiako hiriekin alderatuz, ez dago oso argituta. Europarekin alderatuz gero, bai». Adibidez, Alemanian heren bat gutxiago gastatzen dute karrikak argiztatzeko.

Galdera bat ekarri du hizpidera Jauregik: «Zentzuzkoa al da karrikak gauez argitzea? Erabiltzen badira, bai, noski. Eta ez direnean erabiltzen, askoz ere gutxiago argitu litezke». Gogora ekarri du Europako Batasunak larrialdi egoera ezarri duela aldaketa klimatikoari dagokionean: «Larrialdi egoerek ezohiko esku hartzeak eskatzen dituzte, eta argiztapenaren kontua ere hor dago. Argiztapenak energia asko eta, beraz, udaletako baliabide ekonomiko asko kontsumitzen ditu». Hiri handietan ez da hainbeste sumatzen, baina herri txikietan, bai. Are gehiago orain, energiaren prezioa hain altu egonda. Jauregik ohartarazi du udal txiki askorentzat egoera «jasanezina» dela horregatik. «Herri txikietako argiztapenaren erabilera oso-oso baxua da gaueko ordu txikitan, erabiltzen ez dela ez esateagatik». Klima aldaketa gutxitzeko argiztapenean aldaketak egiteko beharra azpimarratu du planetarioko kideak.

Izarretik harago

Legeak eta araudiak hizpide izan zitzakeen, baina Jauregik nahiago izan du praktikotasunari heldu. «Argiaren erabileraren beharra aztertu behar da. Ez du zentzurik zerua, Arga ibaia edo Ezkaba mendia argiztatzeak; kale argiek karrikak argitu behar dituzte, eta egin behar dute ordutegi, argi kopuru eta argi mota egokian». Jauregik esan duenez, Iruñean deskarga argiak sodio argiengatik aldatzen ari dira, eta LED zuriak paratzen. Hori da gaur egungo joera. «LED argien abantaila da argia erregulatu daitekeela; beraz, argiztapena leundu daiteke, baita manera inteligentean ere». Baina badu alde txar bat: «Ez da egia LED argia paratuta ez denik argi kutsadurarik sortzen. LEDak ongi diseinatu eta erregulatu behar dira; eta, batez ere, argi beroagoa ematen duten LEDen alde egin behar da; inguru hauetan paratzen dituzten 3.000 graduko LEDek aurretik zegoen argia baino zuriagoa ematen dute».

Astrofisikaria da Jauregi, baina ez ditu izarrak aipatu argi kutsadurari buruz aritzerakoan: «Molinak egindako irudi horiek oso esanguratsuak dira, eta kontatzen digute argi kutsadurak izorratzen duen lehenbiziko gauzetako bat: zeru izartsua. Baina jende gehienarentzat kezkagarriena ez da Takoneratik Sagitario edo Esne Bidea ikusterik ez izatea».

Argi kutsaduraren kaltea izarrak ezabatzetik harago doala ohartarazi du: «Argia gauez kaltegarria da gizakien osasunarentzat eta ingurumenarentzat. Intsektuak erakartzen ditu argiak, eta intsektuak desagertzeak kalte handiak eragiten ditu. Bestalde, gizakiek ilunean egin behar dute lo, ez kale argi batek argitutako logelan». Argi utzi du argia apaltzeko beharra. Nolanahi ere, hiriguneetatik aldendu behar da argiak ezkutatzen duena ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.