Betiko desfileen berotasuna

Harrera beroa egin diete Errege Magoei Hego Euskal Herriko hiriburuetan. 11:00etan puntu-puntuan, trenez iritsi dira Gasteizko tren geltokira, eta haurren eskutitzak jaso dituzte ibilbide osoan zehar. Iazko mugen ondoren —Bilbon ez zuten desfilerik egin—, betiko itxura hartu dute hirietako kaleek.

Errege Magoak Gasteizko Plaza Berrian, udaletxeko balkoira igo baino minutu batzuk lehenago. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Unai Etxenausia - Olatz Silva
Gasteiz - Bilbo
2023ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Laster iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar ekialdetik ekarriko dituen trena», entzuten zen tren geltokiko bozgorailuetatik, behin eta berriz. Pandemiak eragindako bi urteren ondoren, Errege Magoek ilusioa ekarri zieten Gasteizko umeei. Izan ere, hiriko tren geltokian egiten zaien ongietorria berreskuratu zuten. Goizean goizetik bertan ziren hainbat familia. Gurasoek neguko hotza barruraino sartzen zitzaiela sentitzen zuten bitartean, Errege Magoak behingoz iristea besterik ez zuten nahi eskariz betetako eskutitza eskuan zeukaten umeek.«Urduri gaude», oihukatu zuen barandaren atzeko lehen lerroan zegoen lagun talde batek. Zain zeuden; oso urduri. Eta Errege Magoak ikusteko ilusioa nabari zitzaien aurpegietan.

Errege Magoen ohiko ekitaldi eta desfileak berreskuratu zituzten atzo Euskal Herriko hiriburu nagusietan. Jendeak gertu sentitu ahal izan zituen Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Haiek ukitu eta besarkatu zituzten, eta haiekin hitz egin zuten. Ez zen izan pandemiak eragindako mugarik. Bilbon iaz ez zuten egin Errege Magoen desfilerik; atzo, bai. Ikuskizunez bete ziren hiriak, inolako murrizketarik gabe.

11:00etan puntu-puntuan, Gasteizko tren geltokira iritsi ziren hiru izarrak, euren laguntzaileekin batera. Poztasun garrasi artean hartu zituzten itxaroten ari ziren ehunka pertsonek. Txarangak jotzen zituen gabon kantak entzuten ziren oihuen azpitik. Haur askoren aurpegietan nabaritu zitekeen Errege Magoak ikusten zituzten lehen aldia zela. «Meltxor, Meltxor, Meltxor...». Haren izena izan zen haurrek gehien errepikatu zutena.

Buruan koroa bana zutela, idoloen zain zeuden Cayetana Peñafiel eta Clara Aguado. Ez ziren ados jarri, ordea, euren errege gogokoena zein zen erabakitzeko unean. «Meltxor da guztietatik gehien gustatzen zaidana», esan zuen Peñafielek, inongo zalantza izpirik gabe. Aguadorentzat, berriz, Baltasar da «hiruretatik onena». Eskutitzetan eskatu zietena ere kontatu zuten bi lagunek. Peñafielek ez zuen jostailurik desira, beraz, objektu bat eskatu beharrean, «poztasuna eta bakea» nahi zituela idatzi zien gutunean. Poztasuna ere eskatu zuen Aguadok, baina pelikula bat nahi zuela gehitu zuen idatzian.

Geltokitik atera eta inguruan zegoen jendea agurtu ondoren, auto klasikoetara igo ziren Errege Magoak. Dato kalea zeharkatu, eta udaletxera iristea zuten helburu. Mezulariei, opariz betetako traktore bati, txarangari eta Cal y Canto konpainiaren Haizearen lorategia ikuskizunari esker, entretenituta egon ziren kalearen izkinak betetzen zituzten haurrak.

Eskutitzak jasotzen, eta, aldi berean, jendea agurtzen pasatu zuten ibilbidea Errege Magoek, haien laguntzaileekin batera. «Ez egin korrika, garaiz iritsiko gara erregeen agurrera», esan zion aita batek semeari. Izan ere, udaletxeko balkoi nagusitik eskaini zuten agurra ikusteko desiratzen zegoen semea.

Plaza Berria jendez gainezka zegoen Errege Magoak iritsi zirenerako. Gorka Urtaran alkateak harrera egin zien udaletxeko balkoira igo aurretik. Lehen lerroan, erregeen hitzak entzuteko zain zegoen Vicente Perez, seme-alabekin batera. Urtero legez, eta azken bi urteetan pandemiak planak baldintzatu bazizkion ere, eguneko ekitaldi guztiez gozatzea zen Perezen asmoa: «Erregeek beti esaten dituzte oso gauza interesgarriak. Entzun ondoren, Goiuri jauregira joango gara gutunak ematera». Hain justu, ekologismoaz, elkartasunaz, berdintasunaz eta beste hainbat gairi buruz hitz egin zuten erregeek. Hori bai, aurten ere gazteleraz esan zituzten gauza gehienak.

Jarraian, Errege Magoak Goiuri jauregira joan ziren, haurrei harrera egitera. Elkartutako haurren eskutitzak banan-banan jaso zituzten han. Denetik eskatu zuten haurrek: «bideojokoetan jokatzeko aulki bat» batek, «mahai jokoak» besteak, «patineteak» batek baino gehiagok, «baloiak» zenbait neska-mutilek...

Errege Magoak 18:00ak arte egon ziren jauregian. Ordubete geroago ekin zioten desfileari. 300 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte bertan.

Bilbon, zirkua

Gabonetako argiz jantzitako suhiltzaileen kamioiak eman zuen abisua Bilboko Kale Nagusian. Sirena hotsak jendea ohartarazi zuen: bazetozen Errege Magoak. Kale Nagusi osoa zeharkatu zuen zirkuan oinarritutako desfileak, eta Kale Nagusi osoa bete zuen jendeak. Carla Mendoza gurasoekin eta Irune eta Martin neba-arrebekin joan zen Errege Magoak ikustera. «Ez dut ezer eskatu, sorpresa», esan zuen Mendozak. Bera bezala, beste hainbat haur hurbildu ziren desfilera. Ume batzuk edukiontzien gainean zeuden jesarrita. Beste batzuk, berriz, bankuetara igota.

Musikariek girotu zuten ibilbidea, Ran Rober Ran eta halako abestiekin. Haien atzetik, airez betetako zaldiak zihoazen, hiru metrokoak. «Ikusi dituzu zaldiak, Martin?», aita batek semeari. «Ama, begira zaldiak!», haur batek gurasoari. Zaldiez gain, tximeletak hara eta hona zebiltzan, patinete elektrikoetan igota. Eta pinguinoak, hipopotamoak eta jirafak ere bazeuden.

Zirkuaren ostean, Errege Magoen txanda izan zen. Gogotsu oihukatu zituzten haien izenak haurrek. Bakoitza karroza batean igota zihoan, musuak bidaliz. Lehenengo, Meltxor; gero, Gaspar; eta, azkena, Baltasar.

Erregeak igaro zirenean, edukiontzietara igotako haurrak korrika jaitsi ziren: goxokiak botatzen zituen karrozaren ordua zen. «Ea baten bat hartzen duzuen»,esan zion ama batek beste bati.

Udaletxeko eskaileretan zegoen alfonbra gorria igaro zuten Errege Magoek, eta balkoitik mundu guztiarentzako bakea eskatuz amaitu zuten desfilea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.