Zaz, ikasleek lagundua

Kantari frantziarra Baionan ariko da asteartean eta asteazkenean, Kanboko Xan Mixel Garikoitz kolegioko abesbatza lagun duela
Zaz kantariak iaz atera zuen bere azken diskoa.
Zaz kantariak iaz atera zuen bere azken diskoa. BERRIA

Joana Ibargarai -

2019ko maiatzak 11
Isabelle Geffroy, Zaz izen artistikoarekin ezagutua den kantaria (Tours, Frantzia), Kanboko (Lapurdi) Xan Mixel Garikoitz kolegioko berrehun ikaslek lagunduta ariko da, astearte eta asteazkenean, Baionako Lauga aretoan. Zazek 2018ko azaroaren 16an plazaratu zuen azken albuma, Effet miroir, eta disko horretako kantuak emanen ditu Baionan, baina berezitasun batekin, ikasle koru bat izanen baitu lagun.

Fifty Fingers blues taldearekin hasi zen Zaz, 2001ean, eta laster Izar Adatz taldean sartu zen kantari gisa, Landetako Tarnos herrian. Hala, Izar Adatz taldearekin bi urtez aritu zen, bai Ipar Euskal Herrian, bai Frantziako hego-mendebaldean barrena. Ondoko urteetan Parisera joan eta 2010ean egin zen Frantzian ezagun, Je veux (Nahi dut) izeneko kantuarekin. Geroztik lau album atera eta oihartzun mediatiko handiarekin segitu du munduko lau aldeetan. Haren musika folk, soul, jazz eta variété française estiloen elkartze bat da.

Kanboko Xan Mixel Garikoitz kolegioko berrehun ikaslek lagunduko dute taula gainean Baionan, abendutik ari izanak baitira kontzertua prestatzen. Proiektu honen eramaile, Nelly Guilhemsans musika irakaslea, aurten hasia da Zazekin elkarlanean. «Ikasleei aipatu, eta berehala motibatu ziren», adierazi du azken horrek, haurren inplikazioa azpimarratuz. Guilhemsansek urtero eraman ditu horrelako proiektuak, Kalakan eta Begiz Begi taldeekin, adibidez, baina aitortu du aurtengoa berezia izan dela.

Maiatzaren 15erako pentsatua zuten kontzertua, baina berehalako arrakasta bildu eta sarrerak laster agortuta, bezperan beste emanaldi baten ematea erabaki dute. Maiatzaren 14an, beraz, emanen dute lehen aldiz ikusgarria publiko aitzinean, 20:30ean.

Lehen zatian, euskal artista ezagun bat ariko da kantuz, baina haren izena erran gabe atxikitzen dute oraindik, sorpresa segurtatzeko asmoz. Kantari horrek Zazekin emanen du euskarazko kantu bat, Zazek berak hautatua, «eta hori ez da guti», Nelly Guilhemsansen erranetan. Oroitarazi du Xan Mixel Kolegioa ikastetxe elebiduna dela, eta «euskara biziki inportantea» zaiela. Kontzertua antolatzeko ez dute diru laguntzarik lortu euskal instituzioen partetik, baina irakaslea «biziki harro» agertu da sos hori gabe ere proiektua bururaino eramanik.

Zazek duen arrakastaz baliatu nahi izan du garrantzitsuak zaizkion hainbat balio transmititzeko. Haurren hezkuntzan eragitea izan da helburuetako bat, Zazen ustez gaurko haurrek dutelako biharko mundu hobea marraztuko. Irakasleak erran du hastapenetik Zazen diskurtsoa «maitatu» duela, eta interesgarritzat dauka «artistaren munduan, testuetan sartzea» ikasleekin. Besteak beste, elkar zaintzearen, laguntzearen eta bortizkeriarik ezaren inguruan sentsibilizatu nahi izan dituzte ikasleak. «Ez da kontzertua bakarrik; horren gibelean bada beste lan bat», adierazi du, beste irakasleen parte hartzea azpimarratuz. Kontzertuei begira, bai ikasleak eta bai irakaslea bera «estresatuak» direla dio, baina gehitu du Zaz kolegioan ikustea «zinez magikoa» dela, egoeraren berezitasuna oroitaraziz. Baionatik landa, ondoko asteetan Zaz Londresen eta Tokion ibiliko da kontzertuak ematen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna