Sanpelaioak Zarautzen

Doinu arinak festa egun handirako

Zarauzko Musika Bandak kontzertu bat emango du gaur, San Pelaio egunean, «askotariko musikarekin». Emanaldi berezi bat prestatzen ari dira uda ondorenerako

2017an egin zuten Bandtzaldia ikuskizuna Zarauzko Musika Bandak eta Aiko taldeak. ARITZ MUTIOZABAL / UROLA KOSTAKO HITZA.
Andoni Imaz.
2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Jaia atzo hasi zen Zarautzen (Gipuzkoa), eta orduan egin zituen musika bandak lanik handienak: haurren danborradan aritu ziren lehenengo, gero helduenean, eta, gauerdian, udaletxeko plazan, Pelaioren ereserkia jo zuten, Sanpelaioei hasiera ofiziala emateko. Gaur ere izango dute zeregina, ordea: San Pelaio egunean egin ohi duten kontzertua emango dute 13:00etan, Merkatu plazan.

Gaurkoa egun garrantzitsua da herriarentzat, eta kontzertua bera ere «garrantzitsua» da Josu Isasti musika bandaren zuzendariarentzat. Aurkeztu dute errepertorioa: Meredith Willsonen 76 Trombones (Naohiro Iwairen moldaketa), Shrek filmaren soinu bandako kantak (John Mossen moldaketa), Giuseppe Verdiren Aida opera, Clare E. Grundmanen American Folk Rhapsody eta Iñaki Urkizuren Jaialdia.

«Askotariko musikarekin» osatu dute errepertorioa, Isastiren hitzetan: «Saiatzen gara sartzen zerbait klasikoa, zerbait amerikarra, mugimendu pixka batekin, euskal kanta bat ere bai... Denetik, askoz ere gusturago entzuten delako». Herriko festetako emanaldi batean bilatu beharrekoa argi du Isastik: estilo bakarreko musikarekin, kontzertua «aspergarria» izan daiteke, eta, «bezperako parranda» kontuan izanda, emanaldiak arina izan behar du.

Zarauzko Musika Bandaren urteroko emanaldietako bat da San Pelaio egunekoa, baina ez bakarra: urte hasieratik ekiten diote herriko kaleak musikarekin girotzeari, Errege Magoen desfilearekin batera. Martxoaren 19aren inguruan ere badute kontzertua emateko ohitura, eta, maiatzean, Santa Marina auzoko festetan, danborradan hartzen dute parte.

Gaurko kontzertuarekin amaituko dute Sanpelaioetako lana, baina Isastik udan ere izango du zer prestatua, emanaldi berezi bat antolatzen ari baitira. Duela bi urte egin zuten Bandtzaldia ikuskizuna, Aiko taldeko musikari eta dantzariekin batera. Emanaldia «arrakastatsua» izan zen, Isastiren ustean, eta aurten ere horrelako kontzertu berezi bat nahi dute egin, herrian bertan dantzan aritzen den talde batekin, irailaren 8an, Euskal Jai bezperan.

Banda gaztea

«Forman» dauden hiru beterano ditu Zarauzko Musika Bandak, 65 urtetik gorakoak, baina taldearen erdiak baino gehiagok 25 urte baino gutxiago ditu. San Pelaio bezperako parrandaren osteko kontzertuan nabaritzen du hori Isastik: «Tira, guk ere gozatu beharko dugu herriko festetan!». Halere, «serioa» da kontzertua, eta «txukuna» izaten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.