Albistea entzun

Bertso eskolak, gozamenaren elkargune

<b>Gaitasun ugari. </b>Hizkuntzaz gain, beste gaitasun ugari lantzen dira bertso eskoletan.
Gaitasun ugari. Hizkuntzaz gain, beste gaitasun ugari lantzen dira bertso eskoletan. ENDIKA PORTILLO / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Nagore Arin - Iñigo Satrustegi -

2020ko martxoak 5 - Bidania-Gasteiz

Lagun talde bat, sare bat, familia bat. Hazteko espazio bat, gozamenerako espazio bat. Horrela definitu ditu Oihana Iguaran bertsolari eta Bertsozale Elkarteko transmisio saileko kideak bertso eskolak. Estraofizialki izendatu ditu horrela, «esperientziaz». Ofizialki, ordea, «bertsozaleek osatzen duten tokiko mugimendu bat» direla adierazi du, bertsotan ikastetik hasi eta elkarteak har ditzakeen funtzio guztiak biltzen dituena. Hain justu, bertso eskolen inguruko datuen kontaketa egin du lehenengo aldiz Bertsozale Elkarteak, eta, azterketa kuantitatibo bat den arren, bertso eskolen egungo egoeraren isla dira: 1.796 lagun joaten dira.

Iguaranen arabera, ikerketa ziklikoki egitea da asmoa. Datu andana jaso dute, eta aldagai askoren arabera bereizi dituzte. Horien artean, hiru ertz nagusi: adina, sexua eta lurraldea. Adinaren arabera bereizita, 1.293 haur dira hezkuntza araututik at bertsotan trebatu nahi izan duten ikasleak. Helduak, berriz, 430 dira. Sexuari dagokionez, bertsua da gizonezkoen eta emakumezkoen kopurua. Lurraldeari so, 117 herritan ematen dituzte klaseak, Euskal Herri osoan —Gipuzkoan daude bertso eskola gehien, eta atzetik dira Bizkaia, Nafarroa, Lapurdi, Araba, Nafarroa Beherea eta Zuberoa, ordena horretan—.

Ertz horiek, baina, elkar gurutzatzen dira datuen interpretazioa egitean. Sexuaren eta adinaren arteko gurutzaketa aztertzean, esaterako, nabarmena da adinean aurrera egin ahala ehunekoak aldatu egiten direla. 18 urtetik beherakoen taldeei erreparatuta, neskak gailentzen dira —%56 dira—. Oreka hori erabat hausten da, ordea, helduen taldeetan: %30 dira emakumezkoak, eta %70 gizonezkoak. «Bertso eskoletako datuek eta azterketa soziologikoak aurpegian jarri digute datu horren zenbatekotasun gordina», azaldu du Iguaranek. «Lehentasunezko» erronkatzat jo du horretan sakontzea, eta zenbait lorratz aletu ditu sexu arrakala horren atzean zer egon litekeen ulertzeko: «Jendaurreko jardun bat da, ahotsa hartzea eta altxatzea eskatzen duena, kantatua, inprobisatua... Normalean gizonentzat erreserbatzen diren aspektuak ditu, eta bertso eskolak hori dena haragi bizian biziarazten dizu; guztia areagotuta esperimentatzen duzu gorputzean».

Lurraldearen araberako interpretazioari dagokionez, «pozik» agertu da, Euskal Herri osoan bertsotan ikasteko parada dagoelako, «nahiz eta herritik herrira diferentzia dagoen». Iguaranen aburuz nahiko paretsuak dira bertso eskolen kokalekuen eta euskararen arnasguneen mapak: «Euskararen erabilerak eta kalean duen presentziak eragina izan dezakete. Zaletu ahal izateko, lehenengo ezagutzeko aukera izan behar duzu, eta, presentziarik ez badago, oso zaila da zaletzea».

Saio horietan garatzen diren gaitasun eta bertuteak ere xehatu ditu. Iguaranen hitzetan, «hizkuntzatik haratago» doaz konpetentzia horiek, baina hizkuntzari dagozkionak ere aipatu ditu: «Hizkuntza zorrozteko balio du, hizkuntzan trebatzeko, baina ez bakarrik hizkuntza tresna gisa ulertuta; argudioak egituratzen ikasten da, formulatzen... dialektikaren inguruko trebakuntza bat da». Ahozkotasunaren garrantzia ere azpimarratu du: «Jendaurrean hitza hartzean sortzen diren berdur, fobia eta gaitasun horiek lantzeaz gain, diskurtso koherente, kohesionatu eta egituratu bat lortzen dugu, argudioak erabiliz». Konpetentzia teknikoez gain, baina, gaitasun pertsonal zein sozial ugari lantzeko topagune ere bada bertso eskola. «Gai askoren inguruan pentsatzeko eta enpatia lantzeko eremu bat da; kezkak antzematen eta munduari begiratzeko talaia bat eraikitzen laguntzen du», azaldu du. Halaber, pentsamendu kritikoa garatzeko eremu bat ere bada bertsolariarentzat.

Ahots gazteak, indartsu

1.293 haur horien sei ispilu dira Ainhoa Aldalur, Aratz eta Manex Eskibel, Garazi Muñoa, Intza Iraeta eta Eneko Aramendi. Bidanian (Gipuzkoa) jaioak dira guztiak, 2007an, eta duela hiru urte hasi ziren bertso eskolara joaten. Haritz Mujika bertsolaria dute irakasle, eta astelehenero elkartzen dira. Garaiz iritsi ohi dira klasera, eta herriko ikastetxean egiten dituzte saioak. «Gustura eta gogotsu» joaten direla esan dute, eta helburuak «ikastea, ongi pasatzea eta memoria lantzea» direla.

Saioero bezala, ordenagailuari begira hasi dute ikasgaia: Oihana Iguaranen eta Alaia Martinen bertsoaldi bat ikusi dute. Saioaren berezitasunen inguruan galdetu die irakasleak, eta bi bertsolariak emakumeak direla eta bertsoaldiaren doinua berezia dela ondorioztatu dute ikasleek: bertso saio musikatua da. Egitura eta doinua aztertuta, kopla bat dela azaldu die irakasleak, eta, horren aitzakian, pare bat doinu errepasatu, eta lehen ariketa jarri die: azken oina emanda, kopla bat osatu behar izan dute.

Hiru zutitu dira, eta, hiruzpalau minutuz pentsakor egon ostean, Aldalur izan da kopla kantatzen lehena. Atzetik joan dira Aramendi, Iraeta eta beste hirukotea. Normalean, nahiago izaten dute jolastuz ikasi, irakasleak oin bat eman eta haiek bertsoa josita, adibidez. Joan den astean, kasurako, «asko» gustatu zitzaien ariketa bat egin zutela kontatu du Aratz Eskibelek: «Pertsonaia baten asmakizun bat osatu behar izan genuen, eta besteek bertsotan asmatu». Beste adibide bat jarri du Aldalurrek: «Papertxo bat eman, eta oin horrekin herri bat bilatu behar izan genuen». Askotan egiten dituzte ariketa antzekoak, baina gaia emanda ere osatu behar izaten dituzte bertsoak.

Bikoteka egin dute bigarren ariketa: zortziko txiki bat osatu behar izan dute, hori ere azken oinetik abiatuta. Mujikaren esanetan, «garrantzitsua» da bikoteka lan egitea: «Binaka jartzen ditut elkar errespeta dezaten; izan ere, negoziazio prozesu bat dago, eta bertsoa hobetuz joaten dira elkarren artean». Etorkizunari begira, ez dute beren burua bertsolaritzaren munduan irudikatzen —bertsolari izateaz ari dira—. Zaila egiten zaie euren burua plaza batean imajinatzea, baina bertsolaritzaren munduari gertutik erreparatu nahi diote: saioetara joaten, adibidez. Orain, konfiantzazko eremu bat sortu dute, eta konforme dira orainaldia bizitzearekin. Bertsolaritzaren munduarekiko interesa erein dute dagoeneko, Mujikaren aburuz: «Bertso eskolatik igarotzen diren gazte gehienak bertsozaletzen dira gero, izan bertsotan jarraituz edo izan bertsolaritzaren berri izanez gertutik edo urrutiagotik, entzule moduan».

Helduak ere bai

Gaztetxoenen puntualtasunarekin kontrastean, Gasteizko helduen bertso eskolako ikasleak «tantaka» iristen dira. Asteazkenero bezala, arratsaldeko seiren bueltan hasi dira iristen bertso eskolara. Amaia zentroan elkartzen dira, eta Iñaki Viñaspre egungo Arabako txapelduna da irakaslea. Hain zuzen, ildo horri eutsi dio goiz iritsi den ikasle bati lehen ariketa jartzeko: «Beti iristen zara berandu». Bitartean, Arabako kuadrillen arteko txapelketarako agurrak prestatzen ari dira gainerako ikasleak; izan ere, finalaurrekoetarako sailkatzea lortu dute.

Maddi Juaristi izan da taldera batzen azkena. Aita bertsolaria du, eta, bertso mundua betidanik gertu izan duen arren, iazko irailean hasi zen klaseak hartzen. «Mezu bat jaso nuen laneko posta elektronikoan», adierazi du Juaristik. Beñat Garaiok ere familia bertsozalea du, baina ez du inoiz ohiturarik izan saioak entzuteko. Duela zortzi bat urte hartu zion «gustua», bertso zahar batzuk entzutean; aurten laugarren urtea du. Ane Pedruzo, berriz, iaz hasi zen, Garaiok bultzatuta. «Beti pentsatu izan dut haurrik izaten badut bertso eskolan emango diedala izena», azaldu du. «Beñatek galdetu zidan ea zergatik itxaron umeak izan arte, nik egin nezakeela», erantsi du.

Asteazkeneroko topaketak ekarpen ugari egiten dizkiela uste dute. «Ahalduntze ariketa oso polita da», adierazi du Pedruzok. Hasieran kosta egiten zaio «martxa hartzea», baina, behin erritmoa hartuta, «bizipoza» ematen dio. Juaristik ere «oso ongi» pasatzen duela esan du: «Deskonektatzeko tarte bat da; beste pertsona bat naiz. Gainera, euskararen arnasgune bat sortu dugu hemen». Urteotan, jendearen joan- etorriengatik, aldatuz joan den kuadrilla bat sortzeko balio izan dio Garaiori: «Lagunekin astean pare bat aldiz biltzeko aukera ezin hobea da». Lanketa emozional handia egiten dutela esan dute, eta sorkuntza ere lantzen dutela.

Talde aberatsa dira; hasiberriak eta urteetako esperientzia dutenak daude. Hori ez da, baina, oztopo bat. «Errespetua eman dezake hasieran, baina zorte handia dugu», esan du Pedruzok. Iazko ikasturtea berezia izan zela azaldu du Garaiok, bertsolarietako batzuek Arabako Txapelketa Nagusian parte hartu zutelako. Juaristiren arabera, guztiak maila berekoak izango balira lehiakortasun handiagoa egongo litzateke, edo lotsa handiagoa pasako lukete. Talde heterogeneoa izanda, berriz, trukerako aukera dagoela uste du.

Bertsolaritzak Araban izan duen tradizioaz ere mintzatu dira ikasleak. Euskal Herriko beste lurraldeekin alderatuta, beste helburu batzuk dituela azpimarratu dute: «Badakigu zer egoera dagoen hemen, eta bertsotan aritzen garenok beste ikuskera bat dugu; lehiaketak ez dira helburu nagusia», adierazi du Juaristik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Hiriaren identifikazio bilakatu dira erraldoiak eta buruhandiak»

Joseba Arratibel Ladron

Muñozek tradizioari eutsi nahi dio Donostiako erraldoi eta buruhandiekin, eta, hori gal ez dadin, liburu batean dena biltzea erabaki du, beste 40 urte bete ditzaten, baita konpartsak beste 25 ere.
Bi neska, puntu morean informazioa eskatzen, atzo. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Puntu eder bat orbanen artean

Enekoitz Telleria Sarriegi

Indarkeria sexistaren aurka jarritako puntu moreak oso harrera ona izan du jendearen artean. Bulebarreko artatze gunea «erreferentziazko babes espazio» bihurtu dela diote han ari direnek.
1 ©JON URBE / @FOKU

Itsasargia izan da testigu

Miren Mujika Telleria

Mendikateak baino gehiago, itsasertzak lotu zituen Zetak taldea eta entzuleak. Izan ere, taldearen kantu bakoitzak goraino bete zuen Sagueseko plaza, gau giro ederrean. Zetak taldeak ez ezik, beste zenbait musika estilok eta taldek ere girotu zuten Donostia asteartean: La Jodederak, Miau DJak eta Ainhoa Larrañagak.
Anunnaki etxeko vogue dantzariak Iruñeko Alde Zaharrean, joan den urrian, Labak antolatutako bestan. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Euskal mitologiaren ibiltokia

Iker Tubia

Euskal kulturako kondairak gai hartuta, 'vogue' erakustaldi eta txapelketa eginen dute Burlatan. 'Voguing' kultura ikusarazi nahi dute. Atzerriko 'ballroom' eszenako kideak ere ariko dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...