Makillajea, txikitatik, baina soilik neskei

Oro har, feminitatearekin baizik ez da lotzen makillajea, eta, kasu askotan, emakumeentzat betebeharra izaten da aurpegia pintatuta eramatea, hautu askea baino gehiago. Ezinbestean besteentzat desiragarri eta eder agertzeko eskatzen zaie neskei umetatik. Mutiletan, ordea, gaizki ikusia dago.

1920ko harmarkadan, emantzipazioaren ikur izan ziren ezpain gorriak. ANNE BASKARAN.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2020ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Begietako itzalak, masailak gorritzeko hautsak, makillaje oinarriak, koloretako ezpainetakoak, eye-liner-ak... ezin konta ahala produktu sortu ditu makillajearen industriak urteetan. Izatez, arropen antzera, garaian garaiko modei eta gizarteak ezarritako edertasun kanonei jarraikiz joan dira eboluzionatzen, eta, egun, askotarikoak dira aukerak. Ordea, oro har, emakumezkoei soilik aitortzen zaie juzgatuak izan gabe makillatzeko eskubidea. Are gehiago, makillatzera behartuak dira zenbaitetan, edo, behintzat, hala egin dezaten espero du gizarteak, oso gaztetatik.

Makillajea ez da bestela bezala agertzen emakumezkoen bizitzan. Inon ez dago idatzirik zer adinetan hasi behar duen pertsona batek bere burua pintatzen, baina aise ikus daiteke neskei txikitatik egiten zaiela makillajearen bideari lotzeko gonbidapena. Hainbat iturritatik igortzen zaizkie mezuok neska gazteei, eta, horietatik, hiru nabarmentzen dituzte adituek: etxeko giroa, publizitatea eta fikzioa.

Emakunde Emakumeen Euskal Erakundeak joko eta jostailuen gaineko publizitate kanpainetako sexismoa aztertu zuen 2013an, eta, txostenean jasoa dagoenez, jostailuen industriak txiki-txikitatik animatzen ditu neskak beren burua orraztera eta makillatzera, eta oso gaztetatik eskatzen zaie arreta berezia eman diezaiotela eder egoteari. Kontrara, mutilei ez zaie esaten itxura zaintzeak lehentasuna izan behar duenik, eta espresuki haiei zuzendutako jostailuetan ez da ageri asmo hori erdiesteko gailurik edo produkturik.

Emakundek ez ezik, Euskal Herriko zenbait pertsonak ere arretaz erreparatu diote gaiari. Esaterako, Jasone Zarate Emilio pedagogoak sakonki aztertu ditu, genero ikuspegitik, azken urteotan egindako jostailuak, baita haien iragarkiak ere. «Katalogoetan aise ikusten da aldea: neskentzako jostailuak zaintza lanekin egon ohi dira lotuta, eta, bestela, irudi pertsonalarekin. Gainera, panpinak izugarri sexualizatuak daude, eta oso makillatuta», azaldu du. Halaber, pedagogoaren ustetan, jostailu horiek ez dute ongi pasatzea soilik helburu, bistakoa baita mutilei ez zaiela uzten makillatzera jostatzen, mozorrotzeko ez den bitartean: «Mutilak mozorrotzeko makillatzen dira; neskak, aldiz, polit egoteko».

Zarate Emilioren ustez, gurasoengandik ikasitakoak ere berebiziko garrantzia du, neska gazteek oro har amengandik jasotzen baitute makillatu beharraren mezua. «Txikitan, askok ikusi izan dugu nola gure amek ezpainak pintatzen zituzten etxetik ateratzeko, edo begiak». Erreferentzia gisan hartzen dituzte haurrek jokabide horiek, eta izan zeharka edo izan modu esplizitu batean, esaten zaie aurpegian ukitu horiek eman ezean ez daudela prest kalera ateratzeko. «Bestela, uste dugu saskil gabiltzala, eta, azken finean, apain-apain egotea espero dute gugandik».

Nahita, edo nahitaez?

Pedagogoaren iritziz, egungo gizartean, horrela jokatzea jotzen da normaltzat. «Sinetsita gaude naturala dela neska guztiek makillatu nahi izatea, eta, orraztea, eta apaingarriak janztea, baina ez da naturala, ez baita berezko zerbait; erakutsi egiten digute». Ordea, hori horrela izateak badu zerbait ona, Zarate Emilioren arabera: ikasi badaiteke, desikastea ere bada posible, eta pedagogoak argi du zeinek behar duen izan lehen urratsa: zalantzan jartzea.

Hain zuen ere, urteek aurrera egin ahala, ugaritu egin dira emakumeak derrigorrez makillatu beharrari kontra egiten diotenen aldarriak, eta aipatzekoak dira nazioartean sona duten zenbaiten protestak. Adibidez, oihartzun handia izan zuen Alicia Keys abeslari estatubatuarrak 2016ko MTV Video Music Awards sariketetara aurpegia makillatu gabe azaltzea erabaki zuen hartakoak. Aldarrikapen gisara agertu zen aurpegia biluzik alfonbra gainera, zioenez, ohartua baitzen emakume gisa presio handia sentitzen zuela beti eder egoteko. Gertaera horren harira, #NoMakeUp traola bobo-bolo zabaldu zen Interneten. Dena dela, artistak kritika ugari jaso zituen egindakoagatik. Makillajearen kontra egin izana leporatu zitzaion, eta azalpenak eman behar izan zituen jendaurrean. Argitu zuen berea ez zela makillajearen aurkako jarrera, baizik eta derrigor makillatu beharraren kontrakoa.

Ezpainak gorrituta, oihu

«Makillajea ez da patriarkala, ez da berez matxista. Matxista da emakumeak behartzea heteropatriarkatu kapitalistak sortutako edertasun kanon batzuk betetzera». Irantzu Varela kazetari eta aktibista feministarenak dira hitzak. Varelak maite du makillatzea, gustuz egiten du, noizbehinka, baina kritiko ageri da praktika horren atzean gordetzen denarekin. «Ematen du emakume izateko eta erakargarria izateko ezinbestekoa dela makillatzea, modu jakin batean, eta emakume bazara baino ezin zara pintatu». Gainera, dioenez, emakumeei indarrez eskatzen zaie «desiragarri» egon daitezela; «gizonentzat».

Varelak onartu du badagoela libreki makillatzen den jendea, baina, haren ustez, premiazkoa da norberak hausnartzea. «Norbaitek zalantza baldin badu zergatik makillatzen den, benetan nahi duelako egiten duen edo presioagatik den, ager dadila makillatu gabe hurrengo hitzordu inportante batera. Ea zer moduz sentitzen den, eta ea nola erantzuten duen ingurukoek».

Varelaren ustez, jendeari zaila egiten zaio guztiz ohartzea emakumezkoei egiten zaizkien zenbait eskakizunez, eta makillatzearen gainekoa da horietako bat. «Iruditzen zait batzuetan kosta egiten zaigula dominazio eta zapalkuntza sistema honen adierazle konkretuak ikustea. Dagoeneko inor gutxik uka dezake sistema patriarkal batean gaudela, baina, norbaitek erakusten digunean zehazki zertan nabaritzen den hori, erremina sentitzen dugu, geure burua konplize modura ikusten dugulako».

Makillajeak, estaltzeko bakarrik ez, mezuak zabaltzeko ere balio dezake batzuetan. Hain zuzen ere, historian hainbat aldarrikapen egiteko erabili izan dira ezpain margoak; zehazki, ezpainetako gorriak. Adibidez, 1920ko hamarkadan emakume sufragistek ezpainak gorri biziz margotzen zituzten, emantzipazio ikur gisan. Garai hartan, esanahi batzuekin lotzen ziren ezpain gorriak, hala nola sexuarekin eta bekatuarekin, eta prostitutak eta aktoreak makillatzen ziren batez ere. Gerora, ordea, feministek ere bere egin zuten ezpainak gorriz pintatzeko ohitura, eta errebeldia eta autodeterminazioa erakusteko tresna gisa baliatu izan dute.

Denboraren joanarekin, zenbait kasutan, feministek segitu dute beren aldarrikapenetarako erabiltzen. Euskal Herrian, Ezpain Gorrien Iraultza mugimendua sortu zuten joan den hamarkadan hainbat emakumek, eta, are gehiago, indarra hartu zuen 2016ko hauteskundeetarako EH Bilduren kanpainan.

Esparru politikotik kanpoko zenbait emakumek ere hartu zuten parte, tartean Zuriñe Hidalgo abeslari eta telebista aurkezleak. Irantzu Varelak berak ere egin zuen bat, eta, gaur egun ere, maite du ezpainak kolore gorri biziz margotzea. Aitortu du hasieran «xelebrekeria» modura egiten zuela, baina argitu du identitatearekin zerikusi handia duela orain; haren ustez, ez da arinkeria bat. «Gustatzen zait estetikoki, eta uste dut probokatzailea ere badela, nolabait. Ezpainak gorriz margotzea debekatua izan da zenbait gauzatarako». Ezkontzak aipatu ditu adibide gisan. Erantsi du, bestalde, pozik dagoela ikusirik mugimendu feministaren barrenean indarra hartu zuela. «Lehenago arraro gelditu zitekeen. Orain, aldiz, lehoinabarraren estanpatuarekin batera, guztiz transbertsala da, zorionez».

Aukerak zabaldu beharra

Zarate Emiliok eta Varelak, biek ala biek defendatu dute makillatzea komunikatzeko modu bat izan daitekeela. «Ezkutatzeko erabil daiteke, baina baita arreta pizteko ere, edo aldarrikatzeko, edo salatzeko», esan du Varelak. Ordea, argitu du hori erdiesteko premiazkoa dela erabaki guztiz askea izatea: «Ezin da izan inposatua, baina ezta debekatua ere beste batzuentzat».

Zarate Emilioren esanetan, kontua ez da makillajearen kontrakoa edo aldekoa izatea, mugak erauztea eta aukerak zabaltzea baizik. «Makillajea izan daiteke jolasa, sormen tresna, edo adierazpidea, eta, bestela, ongi dago hari muzin egitea ere. Finean, aukerak izateak egiten gaitu aske».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.