Hutsunea hor dago

Gabonetan beste aldi batzuetan baino nabarmenagoa izan ohi da ez daudenen hutsunea. Doluan adituak direnek uste dute horiek landu beharra dagoela, luzera begira «kalte» egin dezakeelako: ospatu beharrean, oroitzea gomendatu dute.

IRRIMARRA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Egon zitekeen amona, osaba edo lehengusua. Egon zitekeen jaio ez zen alaba, edo orain urtebete galdutako lagun mina. Egon zitekeen, bai, baina ez dago. Hutsik dago bera eserita egon beharko litzatekeen aulkia. Hutsik da sehaska. Hutsik barrena. Ez dago, baina hutsunea hor dago.

Hain zuzen, hutsune horiek izango dituzte hizpide Gabonak... eta aulki hutsak daude hitzaldi zikloan datozen egunotan. Dolua lantzen duen Bidegin elkartea da antolatzaileetako bat, eta Donostian eman zioten hasiera, hilaren 14an. Hainbat herritanegingo dira solasaldiak, eta Izaskun Andonegi zaintza aringarrietako erizaina eta doluan aditua izango da gidaria. Hala ere, alboan izango ditu zenbait testigantza ere. Esate baterako, Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa) egingo dute gaur saio bat, eta Arantxa Kortabarriak eta Eneko Iturbek parte hartuko dute, nork bere bizipenak kontatuz. Izan ere, Andonegik adierazi du Gabonak data «konkretuak» direla, «emozioak bete-betean» daudela, baina doluan dagoen jendeak bestelako ikuspegi bat izan ohi duela: «Uda pasatu orduko kezkatuta egoten dira ea zer gertatuko den garai hauetan, oroitzapenak dakartzatelako; beraz, hori lantzeko guneak sortzeko beharra zegoen: hitzaldi hauek, kasurako».

Kortabarria izango da testigantzetako bat. Duela hiru urte galdu zuen Gerar senarra, «bat-batean hilda», eta orduko sentsazioak izan ditu gogoan: «Lehenengo Gabonak izugarriak izan ziren; data iritsi ahala, gero eta beldur handiagoa sentitzen nuen, familia txikitu egin zen une batetik bestera, eta hutsunea eta tristura ikaragarriak ziren; ez nekien zer egin ahal genuen minak gaindi ez gintzan». Iturbek, berriz, 2019ko apirilaren 19an galdu zuen Arane alaba, eta ordutik bi Gabon igaro dira: «Lehenengo urtean ez neukan ezer ospatzeko eta egiteko gogorik, baina ihes ez egitea eta minimo batzuk adostea erabaki genuen, hala nola etxeko gertukoenekin etxean zerbait egitea eta Arane presente egotea».

Biek ala biek, beraz, Gabonak egokitzeko hautua egin zuten, eta horrek erantzun positiboak ere izan zituen. «Olentzeroren etorrerara joatea erabaki genuen, adibidez, eta, momentu batean esfortzu bat izan zen arren, merezi izan zuen, Olentzerok bai Arane, bai gu izan gintuelako gogoan; horrek niretzako ikaragarri balio izan zuen, herriaren babesa sentitzen duzulako, eta, aldi berean, bada berrespen bat ere, guztiek ulertzen dutelako lur jota zaudela eta horrela egon zaitezkeela; positiboa izan zen feedbacka». Kortabarriak, berriz, azaldu du Arantzazuko hitzaldietan Andonegik emandako jarraibide batzuei eta familiaren laguntzari esker Gabonetako egun horiek «ahalik eta lasaien» pasatu zituztela, eta,orain, hura izango da hortaz jardungo duena hitzaldietara joaten direnei laguntzeko asmoz. «Maite dugun pertsona hori hiltzean, sentibera egoten gara egun hauetan, eta ez duzu ezer ospatzeko gogorik; kanpoan zoriontasuna eta poza dago, baina ez barnean».

Hutsuneen lanketa

Era horretako erabakiak hartzeko, ordea, sarritan ibilbide bat egin behar izaten da, dolua lantzen ari direnengan Gabon garaiak kontraesanak sortzen baititu sarritan, eta batez ere lehen urteetan, adituek eta testigantzek baieztatu bezala. Hortaz jardun du Irune Aranguren psikologo eta doluan adituak: «Kontraesan handia dago, baina ezer ez egiteak ere ez du laguntzen, gure pertzepzioa hori izan arren; ezin dugu ihesi ibili, luzera kalte egin dezakeelako». Halako jarrerak, haren ustez, pertsonek «babes gisa» martxan jartzen dituzten estrategiak dira, baina gerora ez dira «eraikitzaileak». Beraz, azaldu du gomendagarria dela bakoitzak ahal duen neurrian hutsune horiek presentziara ekartzea, hala ezean «mingarriagoa» izan daitekeelako: «Nahiz eta sufrimendutik izan, gerora lasaitasuna sortuko luke zerbait egiteak».

Andonegik ere bat egiten du psikologoak esandakoarekin: «Makillatu, despistatu edo entretenitu daiteke samin hori, baina, azkenean, atea jotzen du». Horrelakoak landu ahal izateko, guneen beharrezkotasuna azpimarratu du, eta baita iradokizun batzuk egin ere. Hala ere, zehaztu du gogoan izan behar dela dolu prozesuak ez direla berberak. «Dolua prozesu unibertsala da, denok bizi dugun galera batean ematen den erantzuna delako, baina, gerora, guztiz pertsonala da». Esate baterako, adierazi du bide horretan eragina izan dezakeela heriotza horren aurretik norbanako bakoitzak zailtasunei aurre egiteko zuen erak edo gizartearen begiradak. «Dolua zaren horri gehitzen zaio».

Iturbek, esate baterako, bere esperientziatik hitz egin du doluari buruz. Haren arabera, hutsunea Gabonetan nabarmenagoa izan daiteke, baina azaldu du urteko gainontzeko egunetan ere «ikaragarria» dela. «Norbera baino inportanteagoa den eta norberari baino balio gehiago ematen zaion pertsona baten bizitza momentu batean horrela apurtzeak norbera auzitan jartzea dakar. Jota gelditu nintzen; zure bizitza berearengatik aldatuko zenuke, zu baino gehiago direlako». Hala ere, hutsune horiek lantzea komeni izaten da, eta, bere kasuan, ingurukoengana jo zuen, nahiz eta prozesua «oso kontzientea» ez izan. «Lasaitu nau une bakoitzean sentitu dudana inguruari eta gertukoenei adierazteak, eta baita berrespen erantzun bat egoteak ere: badut arrazoi bat jota egoteko, eta ez diot neure buruari errua egozten, ondo egon naitekeenean bezalaxe».

Harremanen ideiari tiraka, Andonegik gogorarazi du familia baten barnean behar ezberdinak daudela, eta, beraz, horien artean «oreka bat» bilatu behar dela. «Beharrak mahai gainean jarri eta erdiko bide bat bilatu behar da; bihotza jarri behar da, baina baita begirada praktiko bat ere elkar laguntzeko». Horretarako, aholkatu du «dramatismotik urruntzea» komeni dela, eta «komunikazio emozionalean» sakondu behar dela, elkarren arteko babesa gogoan izanda. «Errezeta ona da ondokoen beharrak ezagutzeko; garai hauek zure erara moldatu behar dira, zure neurriko egun bat diseinatu behar da». Horrez gain, gomendatu du begirada ospakizunean baino gehiago oroitzean jar daitekeela; besteak beste, sinbolo bat ezarrita. Izan ere, uste du «oso gogorra» dela mahaian hutsune bat dagoela esertzea eta inork ezer ez esatea. «Oroitzapen sinple batek emozioak sortzen ditu; hunkituko gara, elkarbanatuko dugu emozio hori, korapiloa askatuko da, eta aurrera jarraituko dugu».

Kortabarriak, beraz, azken iradokizun hori gogoan, bere lanketaren berri eman du. «Egun hauetan mahaiaren inguruan eseriko garenok tristura, pena eta hutsune bera sentituko dugu, baina emozio hauek gure artean konpartitzea beharrezkoa da, denok dolu prozesu osasuntsu bat izateko eta egun hauek ahalik eta sufrimendu arinenarekin igaro ahal izateko», azaldu du Kortabarriak. Hain zuzen, orain arte, Gabonetan eta beste ospakizun batzuetan tarte bat hartu izan dute Gerar oroitzeko: «Gure artean sentitu nahi izan dugu beti».

Hitzaldien beharra

Bidegin elkarteak Gabonetako hitzaldien hamaikagarren aldia du aurten, eta horrelako egitasmoen beharra azpimarratu dute. «Bide bat ematen dute aurrera egiteko, egun hauetan doluan dagoen jendea galduta egoten baita; hor gaudenean sentikor gaude, galduta eta deskonektatuta beste pertsonekiko; jendearen bizitzak aurrera egiten du, eta zurea geldirik dago», azaldu du Arangurenek. Uste du hitzaldietara joateak eta egoera antzekoan egon daitekeen jendearekin topo egiteak «berebiziko inportantzia» duela, eta bat egin du Kortabarriak ere: «Hitzaldi hauek barrua mugitzen dute, eta, horrek min handia egin arren, aurre egiteko ideia eta baliabideak eskaintzen dizkizute; terapia sendagarriak dira».

Andonegik, berriz, hitzaldi horietan sortzen diren harremanetan jarri du arreta. «Kimika eta konexioa izugarriak dira, hitz egiten dagoen pertsona horrek badakielako zer den benetan sufritzea; ez da ezer teorikoa, baizik eta gorputzarekin hitz egitea, zinez bizi izan duena azaltzea eta erakustea badagoela beste bide bat bizitzari berriro eusteko». Haren arabera, horrelako elkarketek prozesuak «normalizatzen» dituzte, pistak ematen dituzte, eta baita hausnartzeko guneak ere. Are, prebentzioan ere lagun dezakete. «Beti diogu buru osasunean inbertitu behar dela, eta hau horretarako era bat da: saminari toki bat eman behar zaio, eta elkarrekin hausnartzeko guneak sortu behar dira».

Kortabarriak eta Iturbek, beraz, gune horiek baliatuko dituzte entzuleekin elkartzeko eta nork bere mezua zabaltzeko. Kortabarriaren arabera, doluaren minean murgilduta egotean badago «egoera minkor horretatik» inoiz ez ateratzearen irudipena, baina adierazi du irteera bat badagoela: «Horrek ez du esan nahi galdu duzun hori ahaztuko duzunik, baizik eta barruan lekutxo bat aurkitu eta hor gordeko duzula; maitatzen jarraituko duzu, eta, era berean, bizitza berri batean parte hartzea baimentzen du». Iturbek, berriz, azaldu du bizimoduarekin aurrera jarraitu daitekeela, baina helburuak ezin duela izan lehen zenaren berbera edo adinekoa izatea. «Ezin bizitzetik gauzak gozatzera igaro naiz, eta horrekin bizi gara eta disfrutatzen dugu egunerokoa, baina txarragoa da; orain zazpikoa da, eta ez hamarrekoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.