Zaharra, berria baino nahiago

Jendeak gero eta joera handiagoa du bigarren eskuko arropa erosteko. Jasangarriagoa dela diote, jada ekoitzita dauden jantziak aprobetxatzen baitira; kalitate handiagokoak direla deritzote zenbaitek, eta merkeagoak ere badira. Denda txikiak ugaritu dira, eta marka handiak ere interesatuta daude.

1. 80ko urteetako estiloa. Ana Prado, Bilboko Flamingos dendaren jabea, jertse batekin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
amaia igartua aristondo
2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Izan da diru gutxi zutenen kontu bat, izan da senideei jada kabitzen ez zitzaizkien jantziak aprobetxatzeko modu bat, izan da, oro har, kutsu txarreko praktika bat. Baina aldatu egin dira bigarren eskuko arroparen inguruko usteak, eta kasik ezabatu egin dira erreparoak. Azken urteetan, mota horretako arroparen inguruko interesa handitu egin da, zabaldu da erosleen soslaia, eta ugaritu dira arrazoiak: dirua aurrezteko baliabide bat zen lehen, eta arduraz kontsumitzeko bide bat ere bihurtu da orain, besteak beste.

Kontzientzia ekologistak hauspotu du merkatua, hein batean. Izan ere, aukera jasangarriagoa da, The Eko Lab taldeko kide Libe Kerroum Arriola-Bengoaren irudiko. «Arropa hori jada eginda dago, eta merkatuan daukagu. Agian, ez da jasangarria arropa hori egiteko modua, lan baldintzak, materialak... Baina, behintzat, eginda dagoena erostea bada jasangarritasunaren printzipio bat». Ekonomia zirkularraren dinamikarekin bat egiten du bigarren eskukoak: moda azkarraren inertzian, jantziak tonaka ekoizten dira, asko ez dira saltzen, erre egiten dituzte, edo herrialde pobreetako zabortegietara bidaltzen dituzte. Kontsumitzaileek badakite zikloa zer-nolakoa den, eta batzuek alternatibetara jo dute.

Saltzaileek ere jasangarritasuna dute ahotan. Bilboko Flamingos dendaren jabe Ana Pradok, esaterako, hura aipatu du bigarren eskuko arropa erosteko arrazoiez mintzatzean. «Orain, jendea gehiago ohartzen da arropa berria ekoizteak eragiten duen kutsaduraz. Gero eta informazio gehiago dugu». Kasurako, datu bat: bakero batzuk egiteko, 8.000 litro ur xahutzen dira. Eta horrek kontsumoaz gogoetatzera bultzatu ditu asko, Pradoren esanetan. Bat dator Donostiako Ele Vintage dendako Maria Perez. «Garrantzitsua da birziklatzea, oihalgintzak hondakin asko sortzen baititu».

Baina, arrazoi ekologikoengatik ez ezik, bigarren eskuko arropa beste motibo batzuengatik ere bada erakargarria. Pradok vintage jantziak saltzen ditu bere dendan, 1980ko eta 1990eko urteetakoak gehienbat, eta AEBetatik ekartzen dute bildumaren %90. Esklusibotasuna bermatzen du horrek, hala nola hemen lortu ezin daitezkeen produktuak dituztelako salgai —futbol amerikarreko kamisetak, adibidez—, eta arropa «ezberdina» eskaintzen dutelako.

Baina, gainera, arropa erabili asko kalitate handikoak dira; are, berriak baino hobeak ere badira zenbaitetan. Hala uste du Pradok. «Oihalen kalitatea, estanpatuak, mozketa... Gaur egun, arropa ez da hainbeste tindurekin egiten». Era berean, bigarren eskuko merkatuak eskuragarriago jartzen ditu marka garestietako ekoizpenak, Maria Perezen arabera. Ele denda luxuzko jantzietan espezializatuta dago, eta 100 eta 300 euro arteko prezioak dituzte. «Jendeak marka oneko poltsak bilatzen ditu, edo, orain, berokiak: berriek 800-900 euro balio ditzakete, eta nik 300 euro inguruan saltzen ditut».

Merkatuaren bilakaera

Gutxi izan dira, baina batzuek lehendik ere balioetsi izan dute bigarren eskuko arropa. Hain justu, 18 urterekin piztu zion interesa Marta Sansi, eta 34 daramatza jada merkatu horri lotuta. «Erosten hasi nintzenean, 1960ko eta 1970eko urteak gustatzen zitzaizkidan, eta garai horietako jantziak prezio onean topatzen nituen». Dioenez, Madrilgo azokan erraza zitzaion halakoak eskuratzea, baina Bilbon ez. «Orduan, zerbait arraroa zen, ezohikoa; orain, ohiko bihurtu da. Merkatua hedatu egin da».

Eskaintza puztu egin da: digitalki, nabarmen, saltzaile batzuek webguneen bidez eskaintzen baitituzte jantziak, eta aplikazioek bide ematen baitiote edonori jada behar ez dituenak merkaturatzeko; baina olatuak denda fisiko batzuk irekitzea ere ekarri du. Flamingosek eta Ele Vintagek, esaterako, ibilbide laburra dute oraingoz: duela bost urte zabaldu zuten Flamingos, eta 2019an ELE Vintage. Eta, Maria Perezen hitzei erreparatuta, soka ez da eten azken hiru urteetan. Eskaintza handitu den galdetuta, irmoki erantzun du baietz. «Denda sortu genuenean, saltoki bakarra zegoen Donostian, marka merkeagoena. Ireki genuenetik, bigarren eskuko arropen denda gehiago jarri dituzte. Gero eta jende gehiagorentzat, bigarren eskukoa da lehenengo aukera».

Bilbori dagokionez, ordea, kalean ez da asko nabari, Pradoren esanetan. Hiribilduan dauden gisa bereko dendak zerrendatu ditu, eta banaka batzuk baino ez zaizkio bururatu: alde zaharrean, haienaz gain, Kooperaren dendetako bat dago, non Caritasi emandako jantziak saltzen diren; hortik kanpo, gutxi. Alabaina, eskaerari dagokionez, igarri dute bultzada. «Gorakada bat izan da. Lehen, jende gutxiago etortzen zitzaigun». Koopera dendetan ere igarri dute bezeroen ugaritzea. Iaztik hona, salmentak %15 igo dira, komunikazio eta marketin arloko kide Nagore Perez Abadek azaldu duenez. Saltoki kopuruari erreparatzea besterik ez dago arrakastaz jabetzeko: zehazki, Kooperak 11 denda ditu Bizkaian, lau Araban eta beste lau Gipuzkoan.

Era berean, bezeroak ez dira lehen bezalakoak. 30 bat urte dira jantziak saltzen hasi zirela, baina «azken hamar urteetan, bezeroen ezaugarriak asko aldatu dira», adierazi du Nagore Perezek. «Lehen, adineko emakumeek erosten zuten batez ere, Caritasen bidez zetozenek. Gazteagoak ere etortzen dira orain». Uste du hasieran laguntzeko asmo hutsa zela motiboa, eta orain jasangarritasunari buruzko kezka batu dela arrazoien zerrendara. Flamingosen, ordea, kontrakoa izan da norabidea. «Hasieran, gazteek erosten zuten batez ere, eta, orain, ematen du jende helduagoa ere animatzen ari dela, eta jada ez duela hainbesteko erreparorik bigarren eskuko arropa erosteko». ELE Vintagen, antzeko adina dute erosleek: 25etik 50era bitartekoak dira. Gainditzear dago adinaren muga, baina, hala ere, beste erreparo batzuek bere hartan diraute: zapata erabiliak nekez saltzen direla adierazi dute bai Perezek, bai Pradok.

Erraldoiek begiz jo dute

Bigarren eskuko arroparen merkatua ez da denda txikien kontua bakarrik; oihalgintzako enpresa batzuk ere interesa agertu dute negozioaren inguruan. «Azken urteetan, marka handiek atal bereziak jarri dituzte euren webguneetan erabilitako jantziak saltzeko», Maria Perezek azaldu duenez. Eta urri bukaeran, Zarak iragarri zuen bigarren eskuko denda bat zabalduko zuela, Erresuma Batuan; gero, hedatzeko asmoa dute. Maria Perezen irudiko, albiste ona da, zaleak ugarituko baititu. «Lagundu dezake jendearen kontzientzia pizten. Zenbat eta eskaintza handiagoa egon, jendeak hobeto ulertuko du kontzeptua».

Kontrakoa uste du Sansek. «Gaizki iruditzen zait enpresa handiak bete-betean sartzea merkatuan, hemen ere inperialismoa ezarriko dutelako; lehen, sektorean askatasun askoz handiagoa zegoen». Astindua igarria du. «Merkatuaren egitura aldatu dute. Orain, denak funtzionatzen du beste modu batera. Lehen hondakina zena urre bihurtu da. Eta hondakinak ez du lehengo bide bera egiten: indartsuak direnez, dena erosten dute. Ondorioz, lehen arropa egoten zen lekuetan, jada ez dago».

Kerroumen iritziz, ez da txarra markek euren soberakinak berriro saltzea, merkeago, ohiko bezeroei. Baina zuriketa berdeaz ohartarazi du: hau da, jasangarritasuna erabiltzea irudia garbitzeko. «Marka horiek betiko kontsumo ereduari eusten diote, eta hura handitzen dute, baina estali egiten dute: jendeak haiei erosten die oraindik, ematen baitu jasangarriagoak eta etikoagoak direla. Irudi aldaketa bat baino ez da». Bide beretik jo du Pardok. «Printzipioz, Zarako arropak ez du bi urte baino gehiago irauten. Ziklo oso laburra litzateke. Irudia garbitu nahi izan dute, baina ez dakit balioko dien. Ez dut uste asko eragingo digunik: preseski, Flamingosen saiatzen gara ez edukitzen marka eta kalitate horietako arroparik».

Merkatuak orainaldi oparoa du, baina nolakoa izango da etorkizuna? Maria Perezen irudiko, are gehiago igoko da. Sansen ustez, ordea, burbuilak eztanda egingo du azkenean. «Erritmoari ezingo diogu eutsi, ez dagoelako material nahikorik. Zerbait finitua da, ezin da ugaldu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.