Albistea entzun

San Frantzisko, bakarlariek osatutako korua

Ezkerretik, Denjah Man eta Betto Snay musikariak, Bilboko San Frantzisko auzoan.
Ezkerretik, Denjah Man eta Betto Snay musikariak, Bilboko San Frantzisko auzoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2022ko abenduak 1 - Bilbo

Bilbo da, baina bestelako Bilbo bat; Bilbo da, baina sarritan sinpleegi irudikatutako Bilbo bat; Bilbo da, baina bada Maroko ere, eta Angola, eta Senegal, eta beste hainbat toki. Bilbo zuriaren kontrakarrean, Bilbo nabarrago bat: San Frantzisko auzoa. Migratzaile askok egin dute han habia, eta komunitate sendo bat sortu dute urteekin. Haren parte da Betto Snay rap musikaria (1981): duela 22 urte, Angolako gerra zibiletik ihes egin zuen bere familiarekin, 17 urte baino ez zituela; Santurtzin eta Barakaldon (Bizkaia) izan ziren, baina San Frantziskon errotu ziren azkenean. «Desberdintasuna nabaria zen: aniztasun handiagoa dauka, pluralagoa da». Afrikarekin lotzen dute jatetxeek, merkatuek, arropa dendek eta tabernek, eta aterpe ematen diote elkarri hango auzokideek.

Bizkaira heltzen diren migratzaileentzat, saihetsezina dirudi San Frantziskok. «Afrikarra bazara, Sanfran-era bai ala bai etorri behar duzu», dio Snayk. Eta, hori horrela, xehetasunak bilduz doa auzoa poliki-poliki, kulturak uztartzen, gero eta abegikorragoa bilakatzen. Denjah Man reggae abeslariak (1992) orain dela hemeretzi urte egin zuen alde Senegaletik, eta Durangon (Bizkaia) bizi da, baina askotan joaten da San Frantziskora. «Kultura dela-eta joaten naiz. Azkenean, beti nago hemen».

Aniztasuna doinuetan igartzen da, besteak beste, eta auzoko eszena musikalaren lagin bat erakutsiko dute larunbatean, Bilborocken emango duten kontzertuan, 20:30ean. Snay eta Man igoko dira oholtzara, eta, haiekin batera, baita Dj Slimdaze, Dj Hija del Nopal, Beat Salad, Bric Pako, Ylsew, Black Cassy, Jon Figue eta Santos Walker ere.

Ekitaldian batuko diren askotariko estiloak zerrendatu ditu Snayk, auzoko bizitza kulturalaren erakusgarri: afro beata, reggaea, hip-hopa, 1990eko urteetako underground rapa, afro rapa, poesia, reggaetona, trapa, musika soziala... Eta, orobat, askotarikoa izango da baita hizkuntzei dagokienez ere, auzoa bera den bezalakoa, Snayk nabarmendu duenez. «Musika egongo da woloferaz —Senegalgo hizkuntza—, rapa euskaraz, baita abestiak gaztelaniaz, portugesez, ingelesez eta arabiarrez ere, musika mexikarra... San Frantziskon dagoen haztegia ikusi ahalko dugu».

Komunitatearentzako lekua

Ugaria da talentua, Snayren esanetan, baina, aldi berean, gaitz du loratzea. «Auzoko koordinakundearekin aritu gara lanean, jaietan parte hartu dugu, Munduko Arrozak ekinbidean... Eta ikusiz joan gara talentua errotuta dagoela auzoan, leku askotako artistak daudela, baita musikaren bitarteko lotura bat ere». Talentu horrek ba al du garatzeko aukerarik? Irribarre atsekabetu batekin erantzun du musikariak. «Oso aukera gutxi daude artista modura garatzeko». Batetik, musikaren mundua «negozioa» delako, eta artista gutxi batzuek baino ez dute erdiesten hori ogibide bihurtzea; bestetik, auzoko murruekin topo egiten dutelako.

Abeslariak azaldu duenez, bertoko musikari askok ezin izan dute agertoki batean kantatu inoiz, eta horri ezinbesteko deritzo Snayk, gaitasunak garatu ahal izateko. «Youtube ere badago, baina kontzertuak garrantzitsuak dira ikusgaitasuna lortzeko». Haren kasuan, agertoki berrietara jauzi egiteak «ahaldundu» egin duela dio, eta horregatik daramatzala hamalau urte musikan, bakarka. «Komunitateak eskertuko digu espero ez gaituzten lekuetan jotzea». Besteentzat ere hori bera nahi du, eta, hain justu, horretan egiten du lan, hainbat egitasmoren bidez: agertokiak lortzen, eta artistak eta publikoak konektatzen. «Ahalegintzen naiz artista gazteek ikus dezaten egon daitezkeela kalitatezko agertoki batean. Eremu seguruak sortu behar dira artista ez hain entzutetsuak gustura senti daitezen».

Ez baita soilik aukera kontua; hauspoa ere behar izaten dute. Eta, sarritan, erreferenteak izaten dira beldurrak uxatzeko giltza, Snayk azaldu duenez. «Urteetan, artista asko batu ditugu, eta ikusi dugu produktiboa dela gazteek abestu dezaten musikari kontsakratuekin». Bide beretik antolatu dute Bilborockekoa. Mani, esaterako, balio izan diote gisa horretako emankizunek. «Inspiratzen zaitu, ikusten duzu egin dezakezula, ate bat dagoela, eta ez zarela bakarra. Batzuetan, elkarrengandik urrun gaude, eta halako ekitaldiek batu egiten gaituzte. Aukera bat da norberak erakuts dezan zer egiteko gai den». Eta, hala ere, igarri zaio bere gaitasunen gaineko mesfidantza, Snayk hainbatetan esan arren baduela talentua eta badituela jarraitzaileak. Lore horien aurrean, lotsatu egin da Man, «tira, tira» ebaki eta buruarekin zalantzazko keinua egin du, lagunaren berbak ezin sinetsita.

Snayk aspalditik ezagutzen du Man, eta oholtza berrietara igo dadin tematu ohi da. «Jendeak entzuteak motibatu dezake. Eta gazteek erreferentetzat daukate: ikusten dute irten daitezkeela bazterkeriatik, mundu erasokor honetatik, gaindi ditzaketela oztopoak. Belaunaldien arteko lotura sortzen da. Gazte asko musika oso ona egiten ari dira, baina leiho bat behar dute».

Publikoa ere prest antzean dago, artistaren hitzei erreparatuta: San Frantziskon halako ekitaldiak egiten dituztenean, kanpoko jendea ere etortzen dela esan du Snayk, eta gustatzen ei zaie entzuten dutena. «Ezagutzen ez gaituen jendea etortzen denean, ikusten dutenean zer talentu dagoen, galdetzen digute ea nondik gabiltzan, ea zergatik ez gauden ekitaldi inportanteetan».

Bidegabekeriei kantatzea

San Frantziskon nahasten dira kulturak, hizkuntzak, pentsamoldeak. Nahasten dira mota askotako bizipen eta ekarpenak. Nahasten da euskara ere bai, eta, hala, badago haren inguruko interesa. Kasurako, Snayren ezizenetako bat: El gudari africano (Gudari afrikarra). «Bilbon nagoenetik, asko ikasi dut gaztetxeetan entzun dudan musikatik; askotara joaten nintzen, eta ikaragarri gustatu izan zaizkit. Nire musika eskola izan dira». Zaletasun horren harira, lagun bat hala deitzen hasi zitzaion; Snay harro dago izenaz. «Hitz ederra da. Niretzat gakoa da sartzea euskarazko jargoia, izenak, hitzak, eta esaldiak, eta besteek sar ditzaten gureak. Adibidez, Bizkaian jende mordoa dago wolofa ulertzen duena. Niretzat, naturala da».

Mintzairak bere egiteko joera ez ezik, gudari hitzak agerian uzten du ere Snayren jardunaren beste aldeetako bat: musika erabiltzea, baita tresna gisa ere. Manek ere bat egiten du helburu horretan. «Salatzeko bainoago, musika erabiltzen dugu adierazteko, kontatzeko gure ustez txarto dauden gauzak eta bidegabekeriak. Nik, adibidez, hitz egin izan dut migratzailearen bizitzaren gogortasunaz». Snayren arabera, beste errealitate batzuk islatzeko ere darabiltzate doinuak, eta ahotsa emateko ahotsik ez dutenei.

Bere proiektu bat jarri du adibidetzat: Kartoizko ohea. Etxegabeen egoera helarazteko abiatu zuen. «Etxegabeen larruan jartzen gara, hori da egiten dugun musika mota, hori da auzokideon asmoa: enpatia». Azaldu duenez, kalean lo egin behar duten ugari auzoan pilatzen dira, janariaren prezioa merkeagoa omen delako. Hain justu, Bilborockeko kontzertuan bildutakoaren %20 egitasmorako erabiliko dute; etxegabeei laguntzeaz gain, «pentsamoldea aldatzea» ere eragin baitezake halako erabaki batek, musikariaren hitzetan. «Nahi dut ekitaldian parte hartuko duten artista guztiengan sor dadila kontzientzia soziala».

Etxegabeen aferatik kanpo, ordea, askotariko ertzak aintzatesten ditu Snayk. Auzoan duen bulego txikian pilatutako objektuei erreparatuta, lehen begi kolpean antzeman daiteke hori: atearen parean, asto batean eskegita dago Afrook markaren jertse sorta bat, auzokideen baldintzak hobetzeko egitasmo bat; Kartoizko ohea proiektuko hainbat kamiseta daude zintzilik lokalaren hondoan; pertsianan, zerrendatuta daude egitasmo andana bat, hala nola Euskal Rap. Badago beharrik, nolanahi ere. «San Frantziskon, langabezia oso altua da. Oso auzo estigmatizatua da. Biolentoa da, itsusia, inork ez du etorri nahi». Baina, era berean, gauza on asko egiten direla nabarmendu du. Hori horrela, Snayk nahiago du positiboan hitz egin. «Positiboa da migrazioa, bizikidetza, aniztasun kulturala, azal kolore ezberdinetako jendearekin bizitzea. Inork ez du txarto bizi nahi. Musika mugarria da: heltzen zaizu, eta pentsaera aldatzen dizu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Altsasun Momotxorroak aterako dira otsailaren 21ean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Baina noiz dira aurten inauteriak?

Edu Lartzanguren

Goiztiarrenak hasita daude, eta azken Maskarada saioa apirilaren 22an egingo dute, Maulen. 'Dantzan.eus' webguneak 2023ko inauterien egutegia paratu du.

Joel Diaz aurkezle eta umorista ©Vilaweb

TV3eko ‘Zona Franca’ kolokan da, aurkezleak saioa utzi eta gero

Urtzi Urkizu

Joel Diaz aurkezleak ez ezik, Magi Garcia umoristak ere laga du saioa. Egunotan ez dira saioa ematen ari. CUPek TV3eko zuzendariaren dimisioa eskatu du.

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Donostian inauteriak San Sebastian egunean hasten ziren»

Amaia Jimenez Larrea

XIX. mendean Donostiako inauteriak nolakoak ziren azaltzen duen liburu bat atera du Juan Antonio Anterok. 16 urte zituenean izan zuen lehen harremana inauteriekin, eta geroztik ez ditu alde batera utzi.
Inauterietako eguna ospatu dute Iturenen

Udaberriak ekarri duen soinua

Itsaso Jauregi

Inauterietako eguna ospatu dute Iturenen, eta joaldunek eta mozorroek hartu dituzte herriko kaleak. Tradizioari jarraituz, zubietarren eta aurtiztarren joareak elkartu ziren atzo; gaur, iturendarrek bisita itzuliko diete.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.