Aberri Eguna. Iritzi bilketa

Birformulatze baten beharra

Aberri Egunaz, abertzaletasunaren egoeraz eta horren erronkez galdegin die BERRIAk hainbat laguni. Egunari balioa aitortu arren, birpentsatzeaz mintzo dira: eguna bera eta abertzaletasunaren jarduna

EAJk iaz Bilbon antolatutako Aberri Eguna. MIGUEL TOÑA / EFE.
Maialen Unanue Irureta.
2016ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Aberri Eguna izango da igandean, eta alderdien ospakizunak azken urteetako ildotik joango dira. Euskal Herriko bost alderdi nagusietatik hiruk ospatuko dute aurten: alderdi abertzaleak, EAJ eta EH Bildu, ekitaldi banatan izango dira, eta Ahal Dugu-k beste bat egingo du Donostian. PSE-EEk eta PPk ez dute ospatuko.

EAJk, azken urteetan bezala, Bilboko Plaza Barrian ospatuko du eguna. Aurten, Euskadi, bultzada berria lelopean. Iruñean izango da eguneko beste ekitaldi nagusia: Independentistak sareak Iruñean deitutako mobilizazioarekin bat egin dute Sortuk, EH Bilduk, Euskal Herria Baik eta LABek. Beste ekitaldi bat ere izango da aurten, Ahal Dugu-k Donostian egingo duena Bakearen usoa eskulturaren ondoan, Gure aberria jendea da: eskubide sozialak eta erabakitzeko eskubidea lelopean.

Egunari buruz ez ezik, abertzaletasunaren egungo egoeraz eta aurrera begirako erronkez hausnartzeko eskatu die BERRIAk hainbat laguni. Estrategiak bipentsatu eta biformulatu beharraz mintzo dira asko.

1. Zein da Aberri Egunaren egungo balioa?

2. Zein da abertzaletasunaren gaur egungo egoera?

3. Zeintzuk dira abertzaletasunaren gaur egungo erronkak?

PAKO ARISTI Idazlea

«Aberri Eguna erabat debaluatua geratu da; ospakizun zaharkitua»

1

Niri pena ematen dit ikustea Euskal Herria ez dagoela munduko beste nazioekin berdintasun egoera batean. Eta ez da neurri kontua, Europan 15 estatu baitira gu baino biztanle gutxiagokoak, menpekotasun kronikoarena baizik. Aberri Eguna erabat debaluatua geratu da, mezua zabaltzeko plataforma izatetik bere baitan hasi eta buka egiten den ospakizun zaharkitua. Pedagogia egitea zen bere indar nagusia, baina egun pasa eta festa bilakatu dugu. Zeren festa, ordea, ospatzekorik ez dagoenean? Estatu berriek independentziaren eguna ospatzen dute, eta zaharrek soberania berreskuratu zuteneko garaipen handi bat. Gurean ospatzeko ezer ez dagoenez, ospatzekoa litzatekeen benetako eguna prestatzeko balio behar luke Aberri Egunak, eta ez, gaur gertatzen den legez, alderdien inoperantzia estaltzeko eta utzikeriaren kontzientziak garbitzeko.

2

Erabat jota dago, batzuek erabat akomodaturik, eta besteak estrategiarik gabeko lausotasunean galdurik. Gure politikoen gain dago gaur independentziatik hain urrun egotearen ardura eta errua. Etsipena ekarri diote jende leialari, baina hauek ere badute euren gazta zatia, politikoei itsuki jarraitu dietelako energia sozialen indar zoragarria haien kontrolpean utziz. Herri kontrolatua nahi dute politikoek, otzana, infantilizatua, soilik haiek txistu jotakoan mugituko dena. Ardura izugarria dute gure noraezean, baina noizbait kontuak eskatuko ote zaizkie hauei ere.

3

Arazo nazional bat konpontzea gutxieneko adimen ideologikoa, batasun estrategikoa eta begirada global baten ahalmena eskatzen dituen prozesua da. Zubia falta zaigu, gure iragan eta oraina modu diskurtsiboan lotuko dituena, gure kontu guztiei osotasun bat emanez, adierazteko arazo sozialak, berdintasunari dagozkionak, euskararenak, kulturarenak ez daudela arazo nazionaletik kanpo, eta ezin daitezkeela konpondu marko horretatik aparte. Arazo nazionala da gure herriaren min nagusia, eta hori garbi delineatuko duen marra garbi ezarri behar da, akordio guztiak marra hori indartzera bideratuz. Kanpo geratzen diren arerioak irentsi egin behar ditu abertzaletasunak, edo blokeatu. Ez arnasarik eman, ez zilegitasunik.

TXUTXI ARIZNABARRETA Independentistak sareko kidea

«Nazio eraikuntzatik estatuaren eraikuntzara jauzia egiten ari gara»

1

Hemen herri bat bizirik dagoela, bere etorkizuna eraiki nahi duela eta munduan bere tokia nahi duela erakusteko eguna. Euskal Herriaren eguna, euskal herritarrok eta mundu osoan zabaldurik dagoen euskal komunitate osoak sigla eta sentsiblitate politiko zehatzen gainetik ospatzeko eguna.

Aldi berean, unean uneko gako politikoekin lotura izan behar du. Aurtengoak inflexio puntua izan behar du erabakiaren arora egiten ari garen jauzian.

2

Euskal Herriak oin bata dependentziazko iraganean kateaturik dauka eta bestea etorkizun burujabean, ez-dependentean jarri nahi du, baina ez du asmatzen urratsa noiz eta nola egin.

Abertzaletasuna izan da nazio eraikuntzaren motorra, eta haren inguruan metatu izan da subjektu politiko independentista, arrazoi identitario, kultural eta hizkuntzarekikoak nabarmenduz. Gaur, inposatzen diguten statu quo-a gainditzeko alternatiba bakarra Euskal Estatua eratzea da. Eta horrek gehiengo sozial independentista metatzea eta aktibatzea eskatzen du.

Nazio eraikuntzatik estatuaren eraikuntzara jauzia egiten ari gara, eta hor sortzen da abertzaletasunaren krisia. Oso eraginkorra izan da erresistentzia garaietan euskal nazioaren biziraupena bermatu duen nazio eraikuntzaren subjektua eratu eta suspertzeko. Eta horri esker iritsi gara XXI. mendera euskal Estatua eraikitzeko erronkari aurre egiteko baldintzetan.

Baina ez du balio, agian, estatu eraikuntzak eskatzen duen gehiengo sozial independentista metatuko duen subjektu politiko berria sustatzeko, independentismoaren hegemonia lortu behar duen subjektu politikoak abertzaletasunetik askoz harago doan dimentsioa hartu behar baitu.

3

Jende asko dago nazio sentimeduen bidetik arrazoi identitario eta kulturalengatik eta hizkuntzagatik independentista dena. Bide horretatik gatoz, hain zuzen ere, egungo aktibista independentista gehienok. Beraz, abertzaletasunak zeregin garrantzitsua dauka esparru sozial eta politiko hori guztia kohesionatuta mantentzen, subjektu berriaren funtsezko osagaia izan dadin.

Baina, aldi berean, egundoko ahalegina egin behar du, dibertsitatea kontuan hartuta, demokrazian, justizia sozialean, berdintasunean eta askatasunean oinarritutako etorkizun komuna konpartitzeko prest dauden herritar guztiekin subjektu independentista eratzeko.

ENEKO BIDEGAIN Kazetaria eta MUko irakaslea

«Bide-orri argirik gabe ikusten dut abertzaletasuna»

1

Edozein nazio-identitateren eraikuntzan, ezinbestekoak dira erreferentzia historikoak, kontakizun historikoa bera, eta baita nazioaren goraipatzeko egunak eta ekitaldiak ere. Estatu-nazioek indar handia egiten dute beren historiaren kontakizunean, erreferentziazko toki eta egunen irakaskuntzan eta sozializazioan eta ekitaldi berezietan, horiek funtsezko tresnak baitira nazio-identitatea eraikitzeko. Euskal Herria nazioa da, baina aspaldian ez dauka estaturik. Frantziak eta Espainiak tresna oro erabiltzen dute beren nazio-identitatea errotzeko, beren administrazio pean bizi diren herritarren baitan (beren aberri egunak ere badituzte); eta horrek ondorio zuzenak ditu euskaldunen nazio-kontzientzian. Estaturik gabeko nazioa izanik, Aberri Egunaren gisako egunak (toki bateko edo besteko ospakizun ekitalditik harago) beharrezkoak dira euskal nazio-kontzientzia bizi dadin.

2

Bide-orri argirik gabe ikusten dut abertzaletasuna. Hamarkada anitzez indar anitz xahutu du, sufritu du eta sufrimendua eragin du, eta emaitzarik ez dago. Beraz, frustrazio eta etsipen egoeran dago. Dogmek eta doktrinek pisu handiegia izan dute, eta gogoeta politikoa atrofiatuta dago herri honetan.

3

Independentziaren bideari lotzea, lurraldearen batasuna eta euskal identitatearen eta euskararen indartzea ardatzak izanik. Herri hau euskaratik eta euskal kulturatik askatuko da, ez erdal girotik. Horretarako, gogoeta politiko sakonetan sartu behar gara eta anbizio handiko ekimen politiko, ekonomiko eta sozialei lotu behar gatzaizkie. Horrek eskatzen du kultura politikoa eraldatzea.

JULE GOIKOETXEA EHUko irakaslea

«Ez dakit zenbateraino den egun estatua eraikitzeko eragingarria»

1

Balio historiko, emozional eta politiko anitz ditu. Herri honek bere biziraupena bermatzeko izan dituen eta egun dituen zailtasunen adierazle gisa ulertzen dut. Ez dakit zer puntutaraino den egun estatua eraikitzeko eragingarria, baina eraginkortasuna ez da balio bakarra.

2

Zerbait argitu nahi dut: batzuek abertzaletasuna nazionalismotik ezberdintzen dute. Nik nazionalismo motak ezberdintzen ditut: estatu nazionalismoa eta estaturik ez dutenena; eskuinekoa eta ezkerrekoa; eta abar. Nazionalismoa nazioa eraikitzeko mugimendua da, estatua dutenek, tradizionalki, patriota edo abertzale deitu izan diote beren buruei, besteei nazionalista deitu ahal izateko, «zibilizatuak versus ez zibilizatuak». Ez dut zatiketa erosten. Kontua da estaturik ez duten nazioek, estatua lortu nahi dutenean, kontzeptuak eta diskurtsoak moldatu behar dituztela beren komunitatean estatu berri baten aldeko gehiengorik ez badago, bai nazio identitate ezberdinak daudelako, gure kasuan bezala, edota, abertzale-nazionalista izanik, askok ez dutelako estatu berri bat eraiki nahi; hor dago Jelkideen kasua, non batzuek euskal estatua nahi duten eta beste batzuek ez. Bai Erabakitzeko Eskubideak, bai Independentismoaren diskurtsoak abertzaleak (euskal nazionalistak) ez direnak bereganatzea du helburu, beste nazio identitate bat dutenak; patriota versus nazionalista edo zibilizatua = estatua versus nazioa = ez zibilizatua diskurtsoa erosi zutenak konbenzintzea du helburu.

3

Abertzaleak izanik estatua nahi ez dutenen erronka nagusia estatuko gobernuarekin negoziatzea da, estatutua betearazteko eta kontzertu ekonomikoa mantentzeko. Estatua nahi duten abertzaleen erronka nagusia, independentzia ongizate sozial, kultural eta ekonomikoarekin lotzen duen diskurtsoaren gizarteratzea. Bestetik, Euskal herrialdeen saretze politiko formal eta infomalak irmotu eta densifikazio juridikoan sakontzea.

IBAI IZTUETA 'Cultura vasca vs Euskal kultura' liburuaren egilea

«Abertzaletasunaren egoera Kataluniako prozesuan jokatzen da»

1

Balio du Euskal Herrian euskal herritarroi frantziarrek eta espainiarrek politikoki gozatzen duten herritartasuna ukatzen zaigula gogorarazteko eta eskubide horri dagokionez pareko izateko nahia adierazteko. Urteko gainontzeko egunek bezala, estimatzen duzun jendearekin asti atsegina igarotzeko ere balio behar luke.

2

Batetik, ETAk armak aldebakartasunez uzteak esan nahi duen guztiak markaturiko trantsiziozko egoera. Eta, bestetik, behin-behinekotasunak eta itxaron beharrak markaturikoa, abertzaletasunaren egoera, egiazki, Kataluniako insubordinazio prozesuan jokatzen delako, nik uste. Katalanen eta nazionalismo espainiarraren arteko konfrontazioaren emaitzak goitik beheraeragingo die abertzaletasunaren espresio ezberdinen zentzuari eta Espainiari berari.

3

Nire iritziz, Kataluniakotik eratorritakoak eta Nafarroako gobernuari dagozkionak. Gainontzean, berriz, betikoa: Euskal Herria ardatz duen proiektu zibiko eredugarriak gauzatzea. Hau da, mugimendu zibikoak diren aldetik, abertzaletasunaren espresio ezberdinei euskal gizarteetako herritar guztien autonomia eta ongizatea bermatuko dutenproiektuak bururatzea dagokie. Eta, era berean, euskal herritarrak diren aldetik, funtsezko erronka euskal herriaren hizkuntzaren normalizazioa lortzea dute, herritartasunaren nazioarteko aitortzaren eta lurraldetasunaren auziarekin batera. Bistan denez, bi alde horiek, zibikoa eta herritartasunari dagokiona, ezin dira bata bestea gabe ulertu eta, adibidez, euskal gizarteetako hizkuntzen inguruko argitze ideologiko zintzoa eta subiranotasunaren ingurukoa eskatzen dute.

AINHOA LARRAÑAGA Huheziko irakaslea

«Euskal Herriak duen zapalkuntzari buruzko pedagogia bat falta da»

1

Euskal Herriak bere identitate nazionala ospatzeko egiten diren egun guztiek dute balio handia. Independentzia lortu bitartean eta baita ondoren ere, zentzu osoa izango dute horrelako egunek. Oso kritikoa naiz alderdi abertzaleek egunari eman dioten jitearekin. Egun horretan, Euskal Herriak bizi duen zapalkuntzari buruzko pedagogiaren falta sumatzen dut, eta iruditzen zait egun bakarreko ospakizunak kontzientzia lasaitzeko ariketa bat suposatzen duela, gainerako urte osoan beste norabide batean egiten den praxi politikoa arrazoitzeko.

2

Oso arduratuta nago azkenaldian erabakitzeko eskubidearen estrategia hedatzeko bidean hainbatek abertzaletasunaren inguruan esan dituztenekin, baita euskal lurraldetasunaren zatiketan eman duen jauziarekin ere. Hasteko, erabakitzeko eskubidearen teoriarekin ez nago ados, askok uste baitu autodeterminazioaren parekoa dela. Erreferendum bat okupazio pean antolatzen den momentutik ari zara zilegitzen okupazioa. Aldiz, autodeterminazio eskubidea da herri batek bere erresistentzia hutsagatik eta existitze hutsagatik daukan eskubidea aske bizitzeko. Badaude gai batzuk galdetu ezin direnak. Esklabutza zilegi da? Emakumeon eskubideak (abortatzeko dugun eskumena, adibidez) beste inoren esku utziko genituzke?

3

Independentziaren aldeko diskurtsoa eta estrategia martxan jartzea da erronka. Abertzalea denak, herri honen biziraupena bermatzeko, independentzia izan behar du helburu. Bide horretan pedagogia asko egin behar da:gure zapalkuntzaren historia kontatu, euskal identitatea indartzeko estrategiak garatu eta Espainiar eta Frantziar estatuen ordenamendu juridikoen menpe dauden instituzioak estrategia independentista baten zerbitzura lanean jarri behar dira. Euskal estatu sozialista eta feministaren izenean, abertzaletasunaren eta euskaltzaletasunaren kontra botatzen ari diren mezuei argi erantzutea beharrezkoa da.

ANDONI OLARIAGA Filosofiako lizentziaduna

«Pentsatu beharko genuke egun honek iraungitze epea duela»

1

Nazio pertenentzia edo identitate kolektibo batekiko atxikimendu afektiboa lehen mailako indarra da politikan. Aberri egunaren garrantzia maila sinbolikoan kokatzen da. Hori esanda, eta aberri eguna erritual bat dela jakinda, ezin da mezatara joatea bezalako ohitura hutsala bilakatu. Beren burua nazionalistatzat ez duten horiek bezala prozesio militar bat ospatuz eta ahuntz bati gurtza eginez amaitu aurretik, pentsatu beharko genuke egun honek iraungitze epea duela; horrek aberri egunaren zentzua aldatu eta erritual edo objektu huts izatetik instrumentu eraldatzaile izatera eramango luke.

2

Abertzaletasunaren tradizio historizistak, linguistikoak eta iraultzaileak, bakoitzak bere aldetik, beren mugak erakutsi dituzte aspalditik. Euskal gizartea blokeetan zatituta dago, eta abertzaletasunak oro har bloke horiek apurtzeko edo gainditzeko ezintasun nabarmenak ditu. Hortaz, impasse batean dagoela esango nuke.

3

Abertzaletasunaren erronka nagusia gure gizartean dauden bi bloke nagusiei arrakalak egin eta fidelitate edo identitate kolektibo berriak eraikitzeko baldintzak sortzea da. Alegia, abertzaletasuna modu itxi edo autoerreferentzial batean eraiki badugu, horrek ez du esan nahi dagoen bezala utzi edo ahaztu behar dugunik; hori ere birformulatu egin behar da. Izan ere, independentismoak hemendik aurrera formulatuko dituen arrazoiak pareta baten kontra jo eta bueltan etorri ez daitezen, abertzaletasunak lurra goldatu behar du lehenik. Nola? Irudikatzen dugun herriaren araberako sinbologia eta leku komunak gure identitatera ekarri eta txertatuz. Alegia, ez du bere folklore edo historiaz uko egin behar; aldiz, Apodakak dioen «euskal zera» hori zein den ulertzeko modua aldatu behar du. Aldi berean, abertzaletasuna beste motibazio bat bezala formulatzen duen independentismo batek indarra egin behar du bere bidetik. Beraz, alde batetik lurra goldatu, eta, bestetik, kontzientzietan eragin; bata bestea gabe, eta alderantziz, hankamotz izango da.

PAKO SUDUPE Idazlea

«Aski buru-apal da Aberri Eguna, abertzaletasunak bizi duen krisi aroarekin»

1

Katalunian Diada ospatzen 1886an hasi ziren, kutsu erlijioso-kontserbadore nabarmenez; 1931-32an beste indar bat hartu zuen; frankismoan hila egon zen, eta 2012tik hona sekulako indarra du, independentismoaren olatuarekin batean. Gurean 1932an sortu zen indar handiz, autonomi estatutuaren aldeko borrokarekin batean, eta kutsu erlijioso-kontserbadorez; frankismo garaian borroka eguna bilakatu zen, eta kutsu iraultzailea hartu zuen; eta trantsiziotik hona eskuineko abertzaletasun instituzionalak Bilbo bihurtu du bere egoitza nagusi, EAEren motor ekonomikoa, eta ezkerreko abertzaletasunak Iruñea, zazpi lurraldeen hiri buruzagi sinbolikoa. Gorabehera politikoek markatzen dute haren izaera; Katalunian oso indartsu 2012tik hona, eta gurean, aski buru-apal, euskal abertzaletasunak bizi duen krisi aroarekin bat.

2

Botoetan eskuin-zentroko abertzaletasun instituzional, nazio foralaren aldekoa ageri da nagusi; apalago, ezkerreko-zentroko abertzaletasun estatuzale independentista. Azken horren arabera, erabakitzeko eskubidearen aroan sartzera goaz, eta horrek elkar gaitzake bi abertzaletasunak, eta Ahal Dugu-ren orbitan dabiltzanak. Ipar Hegoa fundazioak eta Parte Hartuz-ek euskal estatuari buruz egindako ikerketaren arabera; masa kritikoa badago euskal estatuaren alde: %41 alde eta %35 aurka, eta iritzia aldatzeko prest herenak, hark beren xede ekonomikoak edo identitarioak betez gero, edota bete ezean.

3

Ikerketa horretan inkestaturiko batzuen arabera, uztargarri dira proiektu linguistikoa eta proiektu politikoa; baina nago ezkerreko abertzaletasunean joera hori minoritarioa dela egun. Iruñera deitzeko indepentistek atera duten orrian diote demokrazian, justizia sozialean, berdintasunean, eta askatasunean oinarrituriko etorkizun komuna partekatzeko prest gaudenok eratu behar dugula subjektu independentista berria. Euskararen alde bai, baina hori zer den ez dute zehazten.Honako beste zer hauek txertatu behar zaizkie aurreko horiei: unionistak gara, ez separatistak; Ipar eta Hego Euskal Herria batu nahi ditugu; euskararen unibertsalizazioa eta zentraltasuna eta beharrezkotasuna lortzea ditugu ardatz; euskal kurrikuluma eta euskal kultura zabaltzea. Kasik tabu bilakatuak ditugu, ordea. Presa dugu euskal estatua eratzeko, eta presarik ez Euskal Herria euskaldunduz joan dadin urratsak zehazteko. Biharko euskal estatu horretan nazio linguistiko-kulturalaren eraikuntza txertatu gabe, Irlandaren egoerara hel gaitezke; eta gogoan izan: onenean ere, ez dugu biharko euskal estatua!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.