Eusko Ikaskuntzaren ustez, «adostasun puntuak» egon daitezke

Hala jaso dute legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeari aurkeztutako txostenean. Aurrekontuez «eta nahi duenaz» hitz egitea eskaini dio PPk EAJri, estatutu berriaren prozesuan atzera egiten badu
Eusko Ikaskuntzako kideak Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldearen bileran, atzo.
Eusko Ikaskuntzako kideak Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldearen bileran, atzo. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Gotzon Hermosilla -

2018ko irailak 27
Eusko Ikaskuntzak uste du «gutxieneko adostasun puntuak» egon daitezkeela herritarren artean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politiko berria definitzerakoan, eta legezkotasuna, aniztasuna eta herritarren borondatearen errespetua izan litezkeela horietako batzuk. Hori ondorioztatzen da Eusko Ikaskuntzak (EI) Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeari aurkeztu dion txostenetik.

Ekainaren 9an EIk antolatutako parte-hartze ariketan du oinarria aipatutako txostenak. Egun hartan, bilera irekiak egin zituen EIk Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Orotara, 125 lagun inguruk parte hartu zuten bilera horietan: 57k Bilbon, 36k Donostian eta 22k Gasteizen.

Kopuruok urrun daude EIk lortu nahi zituen emaitzetatik: 600 lagun biltzea jarri zuten xede. Orduko hartan, Beatriz Akizu EIko atal soziopolitikoko koordinatzaileak BERRIAri adierazi zion «egun gutxi» izan zutela deialdia egiteko, baina, hala ere, pozik agertu zen lortutako «aniztasun maila» zela eta, «genero eta pentsamoldearen aldetik». «Esperientzia pilotu gisa baliagarria da, eta lagin oso esanguratsua bildu dugu hiru hiriburuetan», erantsi zuen.

Akizuri eta Mario Zubiaga EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleari egokitu zaie txostena Autogobernu Lantaldeari aurkeztea. Duela hiru hilabete egindako balorazioa berretsi dute: nabarmendu dute langa oso goian jarri zutela 600 lagun biltzea ezarri zutenean helburutzat, denbora laburra izan zutela deialdiaren berri emateko, eta hedabideetan ez zuela nahi besteko oihartzunik izan. Horregatik, azaldu dute txostenean jasotako iritziak ezin direla jo «euskal gizarte osoaren iritzitzat».

Ariketaren balioa

Hala ere, ez diote baliorik kendu egindako ariketari. Zubiagak esan duenez, zenbait input hartu behar dira kontuan gizartearen iritziaren berri izateko, eta EIk antolatutako bileretan agerturikoa horietako bat izan liteke. Gainera, horren garrantzi «kualitatiboa» nabarmendu du: «Euskal gizartean dauden iritzi guztiek isla izan dute bileretan, eta eztabaida kalitatezkoa izan da». Horregatik, txostenaren emaitzak «aintzat hartzeko» eskatu die Autogobernu Lantaldeko kideei.

Beatriz Akizuk ere nabarmendu du herritarren parte hartzea bultzatzen duten proposamenen garrantzia: «Horrelako ekinbideak sistematizatzeak lagundu egingo luke etorkizun partekatu bat eraikitzen», esan du, eta gogora ekarri du prozesua ez dela amaitu eta Eusko Jaurlaritzak herritarren iritziak biltzen jarraituko duela Adi plataformaren bidez.

Txostenaren ondorio nagusiak aletu ditu Zubiagak. Horietako bat da badagoela «akordiorako borondatea»: jardunaldietan parte hartu dutenek uste dute beharrezkoa dela «elkarrizketarako eremuak sortzea herritarrek zer-nolako herria eta komunitate politikoa nahi duten eztabaidatu ahal izateko». EIk antolatutakoen moduko guneak «ugaldu» egin behar liratekeela uste dute.

Autogobernu Lantaldean ordezkaritza duten talde parlamentario gehienek horrelako prozesu parte hartzaileen garrantzia nabarmendu dute, eta parte hartze txikia deitoratu. EAJk eta EH Bilduk ontzat eman dituzte ondorioak; PPk, aldiz, gaiak gizartean pizten duen «interes eskasaren adierazletzat» jo ditu emaitzak.

PPren eskaintza

Alderdi Popularra izan da, hain zuzen, estatutu berria egiteko prozesuaz mesfidantza handiena erakutsi duena, eta, aurrekoan iragarri bezala, berriro proposatu du prozesua bertan behera uztea. Oraingoan, baina, eskaintza zehatzagoa egin dio EAJri, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPko presidente Alfonso Alonsok jeltzaleei esan die «aurrekontuez eta nahi duten guztiaz» hitz egiteko prest daudela, baldin eta EAJk atzera egiten badu orain arte egindako bidean.

Legez besteko proposamen bat aurkeztu du PPk legebiltzarrean. Horretan, prozesua geldiarazi eta Autogobernu Lantaldeak «adostasun handiagoak lortzeko xedez» biltzen jarrai dezan proposatu du. EAJk onartuko balu, Jaurlaritzari «egonkortasuna» emateko prest azaldu da Alonso.

EAJren EBB Euzkadi Buru Batzarreko idazkari Mireia Zaratek erantzun dio Alonsori: ez dute aurreikusten EH Bildurekin lorturiko adostasuna apurtzea, baina espero dute beste indar politiko batzuek ere bat egingo dutela akordio horrekin; «eta, PP horretan sartzen bada, ongi etorria izango da», gaineratu du.

Elkarrekin Podemosek ere legez besteko proposamen bat aurkeztu du, baina oso bestelakoa PPrenarekin alderatuta: Kanada eta Quebecen arteko harremana eredu hartuta, «argitasun lege bat» nahi du koalizioak, lurralde auziari «modu demokratikoan eta hausturarik gabe» irtenbidea emateko. Horregatik, Eusko Legebiltzarrean beste lantalde bat sortzea proposatu du, «Kanadaren moduko argitasun itun baten baldintzak eta legezko bideragarritasuna» aztertzeko.

Horrez gain, proposamenean dei egiten zaie alderdi politiko guztiei «itun historikoa» lor dezaten estatutu berri baten inguruan, betiere «zeharkakotasuna eta babes politiko eta sozial zabala» xede hartuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Gotzon Hermosilla

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna